ATARAMIÑE

Espetxean egotea da:
egarri,
haizea edan nahi
eta ura arnastea.

Ekhiñe Eizagirre Zubiaurre

Memoria historikoa ez da herenegungo bazkalosteko hizketagai anekdotikoa. Ez da normala gure sustraiak, sustrai anestesiatuak, beste norbaitenak bailiran, minik sentitu gabe ebakitzeko gai izatea. Errebolta sozialen eta sozialisten aurrean aharrausi egiteko gogoa sentitzea. Bizilagunaren kondena-egunak ezustean pasatzen baldin bazaizkigu, ez gaude esna.

Ez nuke guardia jaitsi nahi. Horregatik ez diot utzi nahi gurasoei laurogeigarren hamarkadako manifestazioak nolakoak ziren galdetzeari. Ez dut hartu nahi Ryanair hegazkin bat hilabetean behin, “munduko hiritar” gisa neure burua berresteko. Ez nuke deskuidoan alboratu nahi oraindik ere hainbeste euskaldun lotuta dauzkan egoera. Are gutxiago atzoko suaren ikatz gorriak gori darraien artean.

Ataramiñe euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen literatur ekarpenak ezagutarazteaz arduratzen den kolektiboa da. Izan narratiba, poesia, bertso paper, komiki nahiz marrazki, guztiek dute lekua Euskal Errepresaliatu Politikoen Literatur Koadernoan. 2002az geroztik urtero argitaratzen den bilduma da, zoko mozpel horretan hazitako loreen sorta, gatibu denarentzat arnasbide eta irakurlearentzat argigarri.

Azken literatur koadernoan (Ataramiñe, 2016) besteak beste, Sao Tometik Alfontso Etxegarai Atxirikaren ahotsa helarazten zaigu eta Frantziatik Mikel Antzarena. Gorka Lupiañez Mintegiren eta Itziar Moreno Martinezen marrazkiak, edota Ekhiñe Eizagirre Zubiaurreren poesia.

Koadernoez gain, asko dira Ataramiñeren eskutik euren lanak argitaratu dituzten presoak. Baita Ataramineren altzotik beste argitaletxe batzuetara salto egin dutenak ere.

Mikel Orbegozo Etxarri

Abendu honetan ere, Ataramiñek bere txokoa izango du Durangoko Azokan, presoen arkatzetatik herritarren begietarainoko zubia eraikiz. Bitartean, argitalpenak eta askoz ere gehiago aurkituko dugu www.literaturkoadernoak.org web orrian.

Sikiera kirika bat zelda barruko usaira eramango gaituen beira zikinari. Txikiegia den patioko zeru puskari. Oroimenari bide luzea jartzen dion irla urrunari. Pasaporterik ezak itxitako muga internazionalari. Bis a bis bat minutuak mantxo doazen kubikulo horretako ezezagunarekin. Lozorro honen baitatik ateratzen lagun diezagun. Mozkorraldi honetako drogen antidoto gisa balio lezake agian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude