MPK

Munduko Poesia Kaierak egitasmoa 2014an abiarazi zuen Susa argitaletxeak. Proektu honen baitan, nazioarteko poeten antologia laburrak argitaratzen dira urtero. Beñat Sarasola MPKen zuzendariari galdetu dizkiogu egitasmoari buruzko xehetasunak.

Duela lau urte argitaratu zenuten lehen kaiera. Nola sortu zen poesia itzuliaren bilduma hau osatzeko ideia? Zer zuen helburu?

Proiektuaren ideia kaierak argitaratzen hasi baino urte dezente lehenagokoa da. Koldo Izagirrek XX. Mendeko Poesia Kaierak antologiak editatu zituen 2000 eta 2002 urteen artean, non berrogei euskal poeten antologiak apailatu zituen, eta horren harira, antzeko zerbait baina kanpoko poeten itzulpenekin egitea pentsatu zen. Urtetan egon zen proiektua atzera-aurrera eta azkenean 2013an erabaki genuen Munduko Poesia Kaierak martxan jartzea 2014an.

Gabezia handia sumatzen genuen euskal literaturan poesia itzuliari zegokionez. Saiakerak egon izan dira urtetan, baina ez zegoen poesia itzultzen zuen bilduma egonkorrik, eta egitasmo konkretuez aparte (Denonartean-ek eginikoak esaterako), apenas itzultzen zen poesiarik euskarara. Itzulpengintzak aurrera pauso handiak eman ditu azken urteetan baina hankamotz zegoen poesia generoari dagokionez. Zulo hori ikusi eta gure aletxoa jartzen ahalegintzen gara, baina bilduma honek ez ditu, inondik ere, behar guztiak asetzen. Ondo legoke, esaterako, antologiez landa, inor animatuko balitz liburu mugarrien (edo ez hain mugarrien) edizio kritiko landuak argitaratzera. Nola egin? Hori besterik da, halako proiektu bat laguntza publiko sendorik gabe ezinezkoa litzateke eta.

Argitaratu den azkena 21. alea dugu. Zein harrera izan dute poesia kaierek irakurleen artean?

Bizi dugun gizarte kapitalistak dena alderdi kuantitatibo-ekonomikotik begiratzeko eskatzen digu, eta beraz, has gaitezen hortik gero benetan inporta duenaz hitz egiteko. Gaur egun bildumak 160 harpidedun ditu eta horiek dira proiektuaren sostengu ekonomikoa ez ezik morala. Horiek eta bilduman modu batean edo bestean lan egiten dutenak, zeinak militantziatik egiten duten (dugun) lan. Dena esaten hasita, ez gara gai itzultzaileari itzulpen-tarifa ohikoetan ordaintzeko, baina alternatiba ezer ez egitea zenez eta beste ez dakit zenbat urtez poesia euskaratua ez edukitzera kondenatuak egotea, halaxe egin genuen aurrera. Eta itzultzaileek (haiena baita lan handiena, noski) gustu handiz egin dute halaxe lan. Harpidedunez landa dendetan ere saltzen dira kaierak baina gutxi, egia esatera. Beraz, merkatal-ikuspuntu horretatik egitasmoa porrot handia dela esan dezakegu harrotasunez.

Baina hortik kanpo, benetan pozik gaude harpidedunengatik jasotako harrera beroagatik. Hasi ginenetik, pixkanaka bada ere, kopurua handituz joan da, proiektua gustuz hartu den seinale, eta oro har, irakurle eta poesiazaleengandik jaso ditugun hitzak laudoriozkoak baizik ez dira izan, lotsa-gorritzerainokoak kasik. Gauza bera komunikabideengandik jasotako harreraz. Esango nuke euskal komunikabide guztiek izan dutela proiektuarekiko interesa eta denek eman dutela gure berri eskuzabaltasunez. Info7 irratian, esaterako, kaiera-olde bakoitzean prestatzen dute programa monografiko bat haien berri emateko. Horretaz gain, han-hemenka gerora sortu diren proiektu eta enparauetan kaieren oihartzuna entzutea ere lausengu handia da guretzat: Lorea Agirre eta Idurre Eskisabelen hitzaldietan Maria Merçe Marçalena, Arantxa Iturbek idatzitako Koadernoa zuri-n Anne Sextonena… Itzultzaile batzuek prestatutako ikuskizunak ere aipatzekoak dira: Josu Landaren Miguel Hernandez kantuz edo Harkaitz Canok Amorante eta Ainara Gurrutxagarekin prestatutako Ene maite guztiak ikuskizuna, Anne Sextonen poemak oinarri. Inolaz ere espero ez genuen harrera positiboa izan du beraz.

Irakurle xehearentzat ez dira ezagunak orokorrean kaieretako autoreak. Zertan oinarritzen zarete autoreak aukeratzeko orduan?

Bildumaren helburua munduko poesia onena euskarara ekartzea denez, batetik kalitate literarioa garrantzitsua da. Hau da, goren mailako poesia ekartzen ahalegintzen gara. Bestetik, “mundukoa” denez, eta askotan ahazten bazaigu ere mundua gure Mendebalde honetan amaitzen ez denez zorionez, mundu zabaleko poetak ekartzen saiatzen gara. Puntu horretan badugu zer hobetu hainbat zailtasun tarteko (itzultzaileak lortzekoa nagusiki), baina horretan dugu jarria begirada. Udazken honetan argitaratuko dugu, esaterako, lehen poeta asiarra, Chuya Nakahara japoniarra, Hiromi Yoshida-k itzuli duena.

Ez da ohikoa, Susaren web orrian gertatzen den bezala, liburuak sarean eta doan aurkitzeko aukera izatea. Zer onura eta zer galera dakartza horrek?

Bilduma honi dagokionez, onurak besterik ez ditu ekartzen. Berez aski kontu minoritarioa da proposatzen duguna, eta egitasmoari giltzarrapoa jarriko bagenio nahiko lan izango genuke gure kuadrilla-sektatik ateratzeko. Pertsonalki, ez dut uste literatura guztia sarean doan jartzea beti denik onuragarria (gaiak badu aski konplexutasun), baina kasu honetan onura besterik ez dut ikusten. Inork pentsatuko balu sarean ez jartzeagatik kaierak zientoka (gehiago) salduko genituela-edo, literatur munduaz eta mundu editorialaz zipitzik ez dakien seinale.

Zer aurreratu diezagukezu labetik ateratzeko puntuan dauden kaierez?

Lehen esan bezala, batetik Chuya Nakahara izango dugu. Koldo Izagirrek bigarren kaiera prestatu du, kasu honetan Rosalia de Castroren poemen antologia. Oso pozik gaude orain arte galegotik ere ez genuelako ezer itzulirik, eta eremu horretan Rosalia de Castro erraldoi bat delako. Azkenik, Xabi Bordak Seamus Heaney itzuli du, azken hamarkadetako mundu mailako poeta ezagun eta laudatuenetakoa, esango nuke.

Nola eskuratu daitezke kaierak?

Harpidetza bidez www.kaierak.com helbidean eta bestela dendetan. Euskal Herriko liburu-denda gehienetan aurkituko dituzue; liburu-dendetan, ez Eroski, Fnac eta halakoetan alegia.

 

Kaiera guztiak irakurgai Susa argitaletxearen web orrian:

1. Georg Trakl. 2014 (Itzulpena: Anton Garikano)
2. Maria Merce Marçal. 2014 (Itzulpena: Itxaro Borda)
3. Aime Cesaire. 2014 (Itzulpena: Iñigo Aranbarri)
4. Emily Dickinson. 2014 (Itzuplena: Angel Erro)
5. Carlos Drummond de Andrade. 2014 (Itzuplena: Koldo Izagirre)
6. Miguel Hernandez. 2014 (Itzulpena: Josu Landa)
7. Anne Sexton. 2015 (Itzulpena: Harkaitz Cano)
8. Sofia de Mello. 2015 (Itzulpena: Iñigo Roque)
9. Gabriel Ferrater. 2015 (Itzulpena: Aritz Galarraga)
10. Ingeborg Bachmann. 2015 (Itzulpena: Nagore Tolosa)
11. Eugenio Montale. 2015 (Itzultzailea: Anjel Lertxundi)
12. Jorge de Sena. 2015 (Itzulpena: Rikardo Arregi)
13. Audre Lorde. 2016 (Itzulpena: Danele Sarriugarte)
14. Angel Gonzalez. 2016 (Itzulpena: Gerardo Markuleta)
15. Paul Celan. 2016 (Itzulpena: Xabier Montoia)
16. Nijole Miliauskaite. 2016 (Itzulpena: Leire Bilbao)
17. Stephane Mallarme. 2016 (Itzulpena: Josu Landa)
18. Miroslav Holub. 2016 (Itzulpena: Karlos Cid Abasolo)
19. Adrienne Rich. 2017 (Itzulpena: Maialen Berasategia)
20. Alfonsina Storni. 2017 (Itzulpena: Uxue Alberdi)
21. Dylan Thomas. 2017 (Itzulpena: Iker Alvarez)

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude