DEJABU PANPIN LABORATEGIAREN ARRASTOAK

Abendu hasieran Euskal Herrian izan nintzen. Eta ez nuen Durangoko Azokara joateko aukera galdu nahi izan. Zer erosi aski erabakia zuen adiskidearekin nindoan, baina neronek ez neraman etxean egindako zerrendarik. Egunaren bukaera zen jada Dejabu panpin laborategiaren lan bat eskuartean azaldu zitzaidanean, Arrastoak, zuzenean ikusteko aukerarik izan ez nuen antzerki lana biltzen zuena. Zalantzarik txikiena ere ez nuen izan. Erosi egin nuen.

ARRASTOAK

Dejabu panpin laborategia 2001ean Ainara Gurrutxagak eta Urko Redondok sortu zuten antzerki eta txotxongilo konpainia da. Euren zenbait lanekin egin dut topo azken urteetan, eta guztiek astindu didate barrua modu batean edo bestean. “Eurena errealitatea poetikoki azaltzen duen antzerkia da. Umorea eta tragediaren arteko muga delikatuan mugitzen dira beti eta memoria kolekiboari erreferentzia egiten diote maiz”, horixe dio Arrastoak liburuko azken orriko biografiak.

Aste batzuk beranduago irakurri dut Arrastoak. Bi atal ditu liburuak. Lehen atala antzerki lanaren beraren transkribapena da (Donostia Antzerki Saria eskuratu zuen 2015ean). Ederra iruditzen zait dialogo hutsetik irudimenak eraiki dezakeen guztia, antzerki lanak irakurtzean gertatzen den fenomeno xelebre hori. Irakurleak Lurrekin egingo du topo, jakinda edo jakin gabe gerra zibileko gertakizunen motxila aldean daraman neskarekin. Lurrek bere aurreko zenbait emakumeren arrastoari usnaka ezagutuko du nondik datorren. Hori izango da, ezusteko azkenburukora iritsi bitartean, antzerki lanaren ardatza.

Bigarren atala antzerki lanaren making offa bezalako zerbait da, Dramaturgia oharrak gisa izendatua. Sorkuntza prozesuan presente izan dituzten elementuen bilduma da, izan kontu teknikoak, izan eurengan influentzia izan duten autoreen aipuak, bizipen pertsonalak, objektuak nahiz hausnarketak. Euren entsegu gelara sartzea bezalako zerbait da. Antzerki lan baten atzean dagoen sakonera guztiaren ideia bat egiteko balio diezaguke sekula teloiaren bestaldean egon ez garenoi. Paperezkoa eskura ez dutenentzat, hona taldekideei eginiko elkarrizketa sarean.

arrastoak img    ant-arrastoakb-05

Euskarri idatzian eskura ditugun beste lan batzuk: Habiak / Nidos (2013) (Euskadi Literatur Saria jaso zuena ilustrazio arloan), Errautsak (2010) eta Gure bide galduak (2011). Asko dira oholtza gainean eskaini dizkiguten emankizunak ere. Eta hezur haragitan ikustearekin zerikusirik ez duen arren, ezin uka etxeko sofatik bertatik antzerki lan eder bat ikustea luxua denik. Horretarako tentazioa sentitu dutenentzat, hona hemen, sareko hemerotekatik erreskatatuak, Dejabu panpin laborategiaren zenbait antzerki osorik ikusgai:

Arrastoak
Gure bide galduak
Azken portua
Covek nije ptica

Azkenaldian, Frankoren bilobari gutuna lana aurkezten dihardute Euskal Herriko antzoki askotan. Emankizunen data eta leku zehatzak webgunean.

franco 2        franco

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude