ZARRAKAMALDA

Euskal komikiaren alorrean labetik atera berri-berria dugu Iñaki Martiarena “Mattin”en Zarrakamalda komiki liburua, Txalaparta argitaletxearen eskutik argia ikusi duena.

Komikiko pertsonaia gidaria Lokatza da, gauzak ondoegi ez dihoazkion gaztea. Iluna da izatez. Are gauzak ilun ari zaizkio ateratzen. Gizartearen joko arauen arabera ez da pertsona arrakastatsua. Ez da puntuatzen ari. Ez da produktiboa. Eta horrek ito egiten du. Antsietatearen armiarma sarean kateatuta dago. Baina betiko bidea hartzeak hanka betiko putzuan sartzea dakarrenez, Lokatzak zerbait berriari ekitea erabakiko du: baratze bat sortzea du xede orain. Bere zeregin berriak pertsonaiari bizitza zelan bueltatzen dion kontatzean datza istorioaren trama.

Horrek gogora dakarkit azken aldian buruan darabilkidan kontzeptu bat: Amalurrarekiko konexioaren bertute sakona. Zein dago lurrarengandik gertuago gure betiko baserritarrak baino? Xorieri mintzo zirenak, lanak ilgoraren eta ilbeheraren arabera antolatzen zituztenak, gau eta goiz gorrien irakurle finak. Gure amonaren ama. Gure aitona bera. Libururik irakurri beharrik gabe zientzia oso bat maisuki zerabilten nekazariak. Ingurunearekiko kontzientzia izateari esker. Begiekin begiratu eta belarriekin entzuten bazekitelako.

nekaz  monkey

Eta zer dakarte garai berriek? Eskuak lurrez zikintzea, gerria makurtzea, kontenplazioaren artea… ez dira gure ohiko jarduerak egun. Garaiotako biztanleok belarriak aurikularrekin tapatzen ditugu. Begirada pantaila batera mugatu ohi dugu. Kriterio handiz aukeratuko dugu, jakina, eskaintza globalizatuaren barruan, entzun nahi dugun doinua edo bistaratu nahi dugun irudia. Baina gero ez dakigu desberdintzen zein den karnabaren kantua eta zein enararen txorrotxioa, ez gara begiratu batean Txindokiko tontorra eta Anbotoko haitza bereizteko gai. Gizakiak lurrarekin duen harreman estua kaltetzen dihardugu kez eta porlanez. Eta ez gara horrek dakarkigun galeraz ohartzen. Amaren etxeari harrika ari garen subjektu patetikoak gara.

Lokatzak edonorenak bezalako kezkak ditu: langabezia, bikotekidea bilatzeko presa, gurasoen zahartzaroa eraman ezina… Bere itolarriak ez du oxigenorik aurkitzen hiriaren abiaduran. Dena da azkarregia. Hormigoizkoegia. Begiak irekitzea lortuko du ordea, bere xumean, gure aurrekoen bidea hartuz parez pare duen aldapa malkarrari aurre egiteko. Lurraren logikara itzulera. Aurrerantzean euriak bustiko dio azala, begirada paisaiaren zabalean deskantsatuko du, haize fina sentituko du aurpegian. Lurrak bere beharra du berak lurrarena bezainbeste. Naturaren presentziaren jabe egingo da berriro. Gure aurrekoen gisara. Mozkorraldi kolektibo normalizatutik esnatzeko modu sinplea aurkituz.

ZARRAKA2

Sentsazio basa utzi du nigan liburuaren atze-azala ixteak. Eta mezu bat jaso izanaren asetasunarekin geratu naiz, liburu batek ekar lezakeen gauzarik ederrenetariko bat zure buruan ideia berri bat landatu izana baita.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude