Oker ez banago Rock FM irrati katea izan da uda honetan ondorengo eslogana erabili duena: “Este verano, deja la guitarra a los que la saben tocar”. Eta ez nator bat dioenarekin. Ez nuke jakingo neurtzen zenbait arte espresio, kirol nahiz hizkuntza lardaskan eta trakets praktikatuz hartu izan dudan atsegin izugarria. Izan ere lehia derrigorra al da denean? Ez al dugu onena izatea besterik kontenplatzen? Nik garbi daukat nire helburua: gozatzea.
Beti irakurtzera gonbidatzen dugu irakurlea. Edonor gonbidatuko nuke irakurtzera. Bai horixe. Eta zergatik ez halaber idaztera? Ez gara XIX. mendean bizi, non aristokratek bakarrik zekiten idazten eta berauek soilik zuten hausnarrerako abagunea eta pribilegioa, plebeioak haurrak zirenetik beharrean, heldutan haurrak fabrikatzen eta eurak elikatzeko jo ta su lanean zebiltzan bitartean. Proletalgo ilustratua gara. Zorionez. Hausnartu dezakegu feminismoaz, ekonomiaz, ekologiaz, politikaz, biologiaz, historiaz, arteaz, filosofiaz, psikologiaz… XXI. mendeko herritarraren xehetasunetik.
Gonbidatzen zaitut ariketa egitera, Jack Kerouac izan beharrik gabe, zure bizitzaren rollo mekanografikoa idaztera. Ohartuko baitzara, eguneroko gauzarik xumeenak idaztearekin zein irudi estetikoak, zein hausnarketa sakonak, zein eduki mamitsuak aterako diren letren bidera. Sentsazio hori muturrera eramateko, ausartu zaitez ariketa esplizituki egiten, tabuak eta lotsak erantziz, metaforak testua edertu nahi denean soilik erabiliz, ez kamuflagerako arma gisa, pertsonen izenak idazteko beldurrik gabe, kaka egin duzun edo zenbat aldiz masturbatu zaren idazteak erreparorik emango ez dizun puntura iristeraino.
Arteak plazererako bi geltoki dauzkala uste dut (gutxienez). Bata sortzailearena, lana erditu bitartean sentitzen dena, edo errun berritan. Bestea kontsumitzailearena, besteren produktua dastatzeko aukera duenekoa. Aukera itzazu biak. Izan zaitez idazle eta zuri buruz diharduen nobelaren irakurle.
Elkarrizketa bezalaxe, idazketa ere dialektikarako tresna baliagarria da. Ideien anabasan orientatuko zaituen iparrorratza. Eta ez naiz sartuko horrek izan dezakeen eragin terapeutiko izugarriari buruz hitz egitera.
Nire testuek ez dute lau sos balio eta hori ez da nire eskuarentzat galga. Hitz egiteko ez baitago belarrien beharrik. Askatasun osoz idatz daiteke irakurlerik espero ez duen nobela. Oka egin duzunean sortu den marrazkia errespetatuz. Eskaparate baten zamari aurre egin eta publiko bat elikatzeko ardurarik sentitu gabe. Izen abizen semisonatuen eta egoen koreografia regionalaren estenarioa baino planeta bat harago, itzalaren soseguan, idatzi duzunaren konturik inori eman beharrik gabe.
Bidaiatzen ari naizenean idatzi ohi dut gehien. Baina akaso ez al da bizitza bera sekula izango dugun abenturarik luzeena? Baduzu koaderno bat eskura, baduzu propagandako bolaluma bat, baduzu abentura bat azal propioan bizitua, baduzu gaitasuna eta heziketa pribilegiatua. Zure nobela idazten hasteko prest zaude.