Amorante, Joseba Irazoki, Rafael Berrio, Mursego, Wilco, Rosalía, Bombino… Musika ederra lantzeaz gain, zer dute komunean? Zein da beraien lotura ikusezina? Zergatik sartu ditut zaku berberean?
Musikaren lengoaia unibertsalaren zaindariak direlako. Haien hizkuntza bestelakoa da, bakarra, MUSIKA da. Kitto.
Donostian- eta esango nuke, Euskal Herri osoan- publikoaren aurreiritzi linguistikoak suntsitu dituzten artista handiak dira. Beraien kontzerturen batean egon bazara, ohartuko zinen euskara, gaztelera, frantsesa, Hegoaldeko eta Iparraldeko jendearekin topo egiteko aukera izan duzula. Hau ez da beti gertatzen. Oraindik –gero eta gutxiago, zorionez– kontzertuak ghetto linguistikoak izan daitezke. Talde euskaldunak ikusle euskaldunekin; talde erdaldunak ikusle erdaldunekin. Entzulearen aurreiritzi, filia eta fobiek indarra izaten jarraitzen dute.
Musikan, hizkuntza bigarren plano batean jartzea ez da lan makala. Norberak bere lehentasunak, ohiturak eta gustuak ditu. Musikazalea bazara, baliteke nerabezaroan dastatu zenuen musikak markatu izana; nire kasuan 15 urterekin (1996) Britpop-a irensten nuen Tragabolas jolasa bailitzan. Estatu Batuetako indie-rocka (Dinosaur Jr., Eels, Pavement, Sebadoh) ere gustukoa nuen eta Los Planetasen Pop diskoarekin maitemindu nintzen. Garai hartan ez nuen apenas musika euskaldunik entzuten. Oro har, Euskadi Gazteako talde euskaldunek pixka bat ‘meh’ iruditzen zitzaizkidan. Esaldi batean esplikatuko dut: Oasis-en Champagne Supernova-k sortzen zidan zirrarak ez nuen beste inon topatzen.
Oker nenbilen? Seguraski. 21 urte igaro dira. Nire bihotz musikala ingelesez hornitua dago, zeurea euskaraz, gaztelaniaz edo frantsesez egon daitekeen bezala. Bost axola. Ala ez. Hizkuntza ezkutuko gotorlekua uste baduzu, Berrio, Irazoki eta konpainiari giltzak eskatu.