Uxue Rodriguez Etayo (1992, Iruñea) txantrearrak hamar urte daramatza herri kiroletan murgilduta. Berarekin elkartu gara Euslak Herriko kulturaren parte den kirol honen inguruan gehiago jakiteko.
Herri kiroletan parte hartzen duzu , nola hasi zinen horretan?
Duela 10 urte inguru auzoan nesken sokatira talde bat sortzeko beharra suertatu zitzaigun. Garai horretan mutilen taldea zegoen eta neskena desagertua zen jende faltagatik, orduan 4-5 neska bildu ginen eta entrenatzen hasi ginen, hori izan zen herri kirolekin izan nuen lehenbiziko kontaktua.
Zu trontzan ibiltzen zara bereziki. Zergatik aukeratu zenuen proba hau?
Betidanik deigarria iruditu zait trontza, bereziki egurra erabiltzen delako eta bikote lana delako, frogatzea erabaki nuen eta harrapatu ninduen. Egia esanda gogorra iruditzen zait, baina modu berean zerbait badu asko erakartzen nauena.
Ze behar da trontzan ona izateko? Zer hartu behar da kontuan?
Nik esango nuke garrantzitsuena eta zailena lortzeko teknika dela, fisikoki ondo egoteak asko laguntzen du baina ezinbestekoa da teknika menperatzea: mozteko gorputz osoaren indarra erabiltzea, zuzen moztea, bikotearekin bat egitea…. Teknika menperatu eta gero, indartsu baldin bazaude, ba hobe! jej Eta azkenik, erresistentzia apur bat, ze txapelketetan 10 edo 12 mozketa egiten ditugu.
Nolakoa da zure entrenamendua?
Egia esanda asko inprobisatzen dugu, nahiko desastre gara zentzu horretan eta ez dugu metodologia zehatzik. Normalean materiala prestatu ondoren, berotzeko mozketa bat egiten dugu eta gero erabakitzen dugu zer egin: 2, 3, 4, 5 mozketa edo mozten x denbora egon, edo moztu ahal dugun azkarren (serieak) eta gero deskantsatu eta errepikatu…baina esandakoa, ez daukagu planifikaziorik.
Trontzarekin entrenatzeaz gain, beste egun batzuetan korrika egiteko edo mendira joateko geratzen gara. Beste batzuk gimnasioan aritzen dira ere. Denetarik dago taldean.
Zein da zuretzat txapelketan gozatzen duzun momentua? Eta, alderantziz, gehien sufritzen duzuna?
Gehien sufritzen dudana aurreko momentuetako urduritasunak eta tentsiok dira, eta dudarik gabe gehien gozatzen dudana geroko bazkaria edo afaria. Herri kiroletan gehienetan beste partehartzaileekin bazkariak eta afariak egiten ditugu eta hori da kirol honen atal politena.
Zeintzuk dira zure hurrengo erronkak?
Trontzarekin dugun erronkarik handiena, hobetzea da, egia esanda, maila handia dago, baina ahaztu gabe, gozatzeko egiten dugula trontza. Txapelketei dagokionez gure aurtengo erronkak Mungian ekaina bukaeran ospatu zen Euskadiko Emakumeen Arpana Txapelketa eta Sanferminetan, uztailaren 8an ospatuko den Nafarroako Emakumeen Arpana Txapelketak dira. Eta urteko azkena irailean izango da, arpa txapelketa mistoa. Honetan ongi legoke, behintzat, podiumera iristea.
Nolakoa da Herri kirolen egoera gaur egun?
Nik esango nuke hobetzen doala, herri askotan taldeak sortu dira eta gaztetxoen talde asko daude. Adibide bat jartzearren, aurtengo herriz herriko txapelketan (herri kirol konbinadako txapelketa) , Nafarroako talde askok eman dugu izena. Pasaden urtean berreskuratu zen txapelketa hau eta indarra hartzen ari da. Noski beste kirolekin alderatuta, ba esandakoa, minoritarioa da.
Zer dute herri kirolek beste kirolek ez dutena?
Oso zaila da azaltzea, baina niretzako alde batetik taldeetan dagoen giroa eta baloreak (autogestioa, auzolana, taldean aritzea, elkar laguntzea, kirolarien artean dagoen harremana, herrien arteko harremanak, .…). Herri kiroletan aritzeko ez dago gimnasiorik ezta irakaslerik orduan taldean funtzionatzen dugu eta oso garrantzitsua da elkarri jakintzak transmititzea, Merezi du komentatzea ere helduegantik ikasitakoa, izan ere, herri askotan daude Herri Kiroletan aritutakoak, eta hauek asko gustoko dutenak. Horregatik, beti egoten dira gu laguntzeko eta erakusteko prest daudenak, gu tradizioarekin jarraitzeko asmoz.
Bestalde jatorria dago. Herri Kirolak Euskal Herriko kulturaren parte dira, gure jatorrriarekin, arbasoekin eta herriko lanekin dute lotura hadia (belarra egin, egurra moztu, artoa bildu, lurra landu…).
Herri kirolak eta apustuak elkar lotuta daude askorentzat. Nolakoa da errealitatea?
Egia da beti egon direla eskutik helduta. baina gure taldean normalean ez dugu apusturik egiten.
Pentsatzen dut tradiozioa dela. Herriko festetan gehien bat, jendearen artean lehia sortzeko beti egin izan dira.
Gero eta emakume gehiago zarete proba ezberdinetan lehiatzen ibiltzen zaretenak. Plazak oraindik eremu arrotzak dira emakumeendako herri kiroletan?
Esango nuke zailtasun nagusia herri kirolen inguruan dagoen ikuspegia dela, iruditegi kolektiboan irudikatzen duguna gizon handi eta indartsu bat da, txuletoia jaten duena. Herri kirolak asko harremantzen dira indarrarekin eta indarra balore maskulinoekin, egia da indarra behar dela baina teknikak berebiziko garrantzia dauka. Dena den esango nuke gutxinaka gutxinaka gero eta emakume gehiago ikusten ditugula plazetan.
Jendeak telebistan ikusten diru Herri Kirolak eta emakume oso gutxi daude. Arduradunak, antolatzaileak, epaileak, hizlariak, kirolariak.. ….gizonezkoak izaten dira. Eta horrek atzera bota ditzazke emakumeak Herri Kiroletan hastera. Horregatik, gure taldean asko animatzen ditugu emakumeak probatzera etortzeko. eta gu txapelketa desberdinetan parte hartzera animatzen gara, emakumeoi ikusgarritasuna emateko.
Bestalde oztopo handiak daude materiala behar delako, adibidez, trontzaren kasuan egurra, arpanak, kaballetea, entrenatzeko leku bat…
Zer behar da gero eta emakume gehiago egoteko?
Nik uste dut Herri kiroletan emakumeak gaudela ikusaraztea eta erreferentziak sortzea da. Aurten Berriozarren “Berriozar Herria Saria” egin da, emakumezkoen trontza, txinga eta harri txapelketa, eta ederra izan da adin eta maila ezberdineko 30 emakume inguru, herri kiroletan aritzen ikustea. Horretaz gain ezinbestekoa da Herri Kirolek duten iruditegi hori aldatzea eta gaur egungo egoerara moldatzea,
Bestalde, aipatzekoa da ere komunikabideek badutela zer egina. Gertatu izan zaigu txapelketa batean parte hartzea, eta irratian bakarrik gizonezkoen txapelketa aipatzea.