Kaixo Kaixo ekipooo!
Zelan doa ikasturte hasiera? Beno, hasiera ia aspaldi pasa dela, ez? Kar, kar, kar.
Ni ezin baino hobeto eman diot hasiera ikasturteari. Iraileko postean kontatzen nizuen bezala, Tenerifen izan nintzen Munduko Saskibaloi Txapelketako azken egunean. Pena eman zidan australiarrek partidu hasieratik finala galdutzat ematea, hasieratik amore emantez ze oso final aspergarria suposatu zuen. Hala ere, ai amaa!! Ez dakizue zelako ilusioa eman zidan Breanna Stewart eta Elena Delle Done hain gertutik ikusteak!
Tira, ikasturtea eta beraz denboraldia martxan jarri da dagoeneko. Asko dira maila gorenetan jokatzen ari diren euskal emakumeak eta euskal taldeak. Horregatik gaur kirol ezberdinetan euskal taldeek izan duten denboraldi hasiera erakustea erabaki dut. Prest zaudete?
Saskibaloiarekin hasiko gara. Espainiar Estatuan bi dira maila goreneko txapelketak (Liga Día edo LF1; eta LF2) eta bietan euskal taldeak ditugu!
Liga Dia (Liga Femenina 1)
Lointek Gernika Bizkaiak (Gernika) txapelketako hirugarren postuan dago, jokatu dituen hiru partiduak irabazi dituela. Horretaz gain, talde gernikarrak EuroCupean parte hartzen ari da. Taldekako faseko lehenengo norgehiagokan Spar Citylift Gironaren aurka galdu bazuen ere, gernikarrek txapelketa polita egiteko aukera dute. Albiste izugarri ona da ETBk, ETB4 katearen bidez, etxean jokatzen dituzten partiduak zuzen-zuzenean emango dituztela!
IDK Gipuzkoako neskek (Donostia) gernikarrak gertutik jarraitzen dituzte, txapelketako laugarren postuan daudelarik, jokatutako hiru partiduak irabazteagatik. Bosgarren postuan, hiru garaipenekin ere, RPK Araski gasteiztarrak daude.
Aizuek! Hiru talde euskaldunak txapelketaren lehenengo bost postuetan ditugula! Eta ez da hori bakarrik, azken egunetan jakin dugu Espainiako Erreginaren Kopa Gasteizen jokatuko dela! Gaur egungo klasifikazioa ikusita, euskal talde guztiek parte hartuko lukete kopan.
Liga Femenina 2
Oses Construción Ardoi (Zizur Nagusia) berria da txapelketan eta zer nolako hasiera izan duen! Hiru norgehiagoketatik hirurak irabazi ditu. Bertako jokalariez osatutako talde nafarra txapelketako bigarren postuan dagoen bitartean, GDKO Ibaizabal (Galdakao) taldea bederatzigarren postuan dago norgehiagoka bakarra irabazteagatik.
Futbolarekin jarraituz, Liga Iberdrolan bi euskal talde ditugu: Athletic eta Erreala. Zuri-gorriek hasiera gogorra izan dute, lau jardunaldietan garaipenik lortu ez zutela (bi norgehiagoketan berdinketa lortu zuten), txuri-urdinen aurkako partiduan gailendu eta Betisen aurka berdinketa lortu zutela.
Txuri-urdinek, derbia galdu bazuten ere, denboraldia ederki hasi zuen, lehenengo lau norgehiagoketan hiru garaipen eta berdinketa bat lortu zutela. Hala ere, txuri-gorrien aurka galdu ondoren, azken jardunaldia bere bigarren porrota jaso zuen neurketa arraro batean.
Eskubaloiarekin jarraituz, Super Amara Bera Berak (Donostia), hirugarren postuan dagoela, hasiera oso gogorra izan zuen SuperKopa eta Championsa dela eta. Superkopa irabazten hasi zen denboraldia, Championseko norgehiagoketatik bat irabazi eta EHF Cupeko hirugarren fasera pasatu zen. Ligari dagokionez, bi garaipen lortu zituen txapelketaren lehenengo jardunaldietan, baina huts egin zuen Athlético Guardas taldearen aurkako partiduan. Azken jardunaldian puntu bakarra lortu du, lidergotza bi puntutara duela.
HGB Prosetecnisa Zuazok (Barakaldo) hasiera ona eman zion denboraldiari. Hala ere, Barakaldoko talde gazte honek oraindik ez du etxean garaipenik eskuratu. Bi garaipenekin, lau punturekin, hamargarren postuan dago txapelketan.
Bukatzeko, Erreala da belarreko hockeyeko txapelketa gorenean lehiatzen den euskal talde bakarra. Aurreko denboraldian liga irabazi zuen eta aurten zazpigarren postuan dago, bi partidu irabazi, hiru galdu eta batean berdindu ostean.
Izugarria, ez duzue uste? Talde hauetakoren bat jarraitzen duzue? Zein(tzuk)? Kontaidazue iruzkinetan eta txiokiñean!
Hurrengora arte ekipo!!!!
——-
PD: Ane Urkiri kirol kazetaria asko damola. Futbola eta eskubaloia gertutik jarraitzen ditu, beraz, zeren esperoan zaudete bera jarraitzeko?