Gorroto ditut “Oscar” sariak eta zuk?

Askok uste dute, film batek Oscar saria irabazten duen unean, automatikoki maisulan izateko eskubidea bereganatzen duela. 1995 urtean, Forrest Gump filma Tarantinoren Pulp Fiction pelikulari gailendu zitzaiola pentsatze hutsak, ala 10 urte beranduago Crash izeneko “bodrio” horrek, Spielberg-en Munich ekoizpenari garaikurra lapurtu ziola gogorazteak, sutu egiten nau. Dragoi Bola telesailean “Boo ahaltsua” haserretu eta belarrietatik kea botatzen zuen une hori, oso motz geratzen da nire haserrealdiarekin konparatuz gero. Sari banaketa hau, show huts eta faltsu bat besterik ez da, AEBtako zinema indartzeko soilik sorturikoa.

Jarraitu irakurtzen

Pixar ala Ghibli? (ala biak)

Gaur egun, animazioaren arloan,  bi erreferente nagusi goraipatuko nituzke: AEB-tan jaiotako Pixar eta Japonian sorturiko Ghibli estudioak. Biak 80.hamarkadan jaioak, zinema, maila eta ikusle berrietara eramaten jakin izan dute. Estereotipo guztietatik aldentzen diren istorioak jorratuz eta animaziozko zinema umeentzat bakarrik ez dela frogatuz.

Istorioa aurrera eramateko orduan, beraien artean, komunean dituzten hainbat elementu aurki ditzakegun arren, diferentzia nagusia film horiek egiteko modu edo “teknikan” topatzen da. Pixar estudioetan ordenagailu bidezko 3D animazioaren abangoardian igerian dabiltzan bitartean, eta pelikulaz-pelikula muga guztiak gainditzen doazen heinean, Ghibli aldiz , animazio tradizionalaren defendatzaileak dira. Film bakoitza eskuz ,  koadroz koadro eginaz eta gaur egun oraindik, lan egiteko modu tradizional hau erakargarria eta zoragarria izan daitekeela frogatuz.

Jakina da, Pixar estudiokoek sekulako miresmena dutela Miyazaki-ren obrarengatik. Sarritan, elkarren artean antzekotasunak loratzen diren arren, istorioak kontatzeko moduan sortzen dira diferentzia nabarmenak.  Konparaketa hauekin ulertuko duzue uste dut:

Jarraitu irakurtzen

Politikariek ikusi beharreko filmeak

Askok diote, sorreratik izan dela zinema “gauza politiko bat”.  Oso zaila da hala ez izatea; ikuspuntu jakin bat duen film bat nola izan liteke ez-politikoa? Kamera non ipini, plano jakin horren barruan “zer erakutsi eta zer ez” erabakitzen ari garen momentuan, gure ikuspuntua itsasten ari gara. Batzuetan inkontzienteki agian, baina baita gure ideologia politikoa ere.

Baina ez dut hortaz aritu nahi. Hasierako azalpen txiki hori jartzearen arrazoia, jorratu nahi dudan gaiarekiko diferentzia argiago gera dadin izan da. Zazpigarren arteak, politikaren mundua nola irudikatu duen aztertu nahi dudalako, eta ez zuzendari konkretu horren atzean dagoen pentsaera politikoa. Politikaren zoko zoragarri, baina era berean aspergarri eta ustel guzti horiek, hobekien tratatu dituzten izenburuak aipatzea baizik.

Jarraitu irakurtzen

Ibuprofenoa eskura! burua leherrarazteko gai diren 15 film

Zinemaren mundu zabalean,  genero ugari aurki ditzakegula esaten badut, ez naiz ezer deskubritzen ari, jakina;  drama bortitzenengatik hasi, beldurrezko film basatienetatik pasa eta fantasiazko pelikula bikainetara iritsi arte. Baina guzti horien artean bada denok ezagutzen dugun “pelikula-multzo” berezi eta sailkaezin bat: pelikula “arraroak”, frikiak, ulertzeko zailak direnak,  baina era berean kultuzkoak bilakatu direnak. Ikusten ditugun bakoitzean burua lehertzeko zorian jartzeko gai direnak. Ingelesez erabiltzen den espresioa ekarriz eta sare sozialetan maiz erabiltzen diren “WTF pelikulak”  alegia (What The Fuck: Baina ze arraio! . Zerbaitek harridura sortarazten digunean erabiltzen den espresioa ).

Jarraian datorren zerrendako filmen ezaugarri nagusia, hauek ulertzeko saiakera egiten dugun bakoitzean,  buruko mina jartzeko gaitasuna dutela da. Honetan maisua, David Lynch izan liteke eta zail xamarra egin zait bere film guztiak zerrendan ez sartzea (“The Straight Story” eta “The Elephant Man” salbuespenekin).

Esan beharrik ez dago zerrenda honen barnean “maisu lanak” ere topa ditzakegula. Goazen ba “WTF pelikulen” zerrenda osatzera!

Jarraitu irakurtzen

“Redshirt” -ak, “Stormtrooper efektua” eta “Wilhelm garrasia”

“Redshirt-ak” , Stormtrooper efektua, Willheam garrasia? baina zer gosaldu du Elenak gaur? Azalpena, dirudiena baino askoz errazagoa eta sinpleagoa, hori bai frikismo maila nahiko altukoa. Abenduan iritsiko den Star Wars film berriaren estreinaldia berotzen joateko aitzakiarekin ekarri nahi izan dizkizuet hitz frikien zerrenda txiki hau.

Jarraitu irakurtzen

Filmen izenburuen itzulpen aldrebesenak

Sare sozialetan ala lagun artean ziur sarritan aipatu duzuen zerbait dela: Munduko herrialde desberdinetako filmen izenburuak, nola itzultzen diren estatu Espainiarrean. Askotan imajinatu dut guzti honen atzean dagoen pertsonaia; Egunak dituen 24 orduak gela ilun baten barnean igarotzen dituena, argi bakarra bere ordenagailuko pantailatik ateratzen dena eta 56k-ko modem zahar batekin internetera konektatzen saiatzen dena. Egunean behin,  postaria joaten zaio bertara (hau da giza-espeziarekin duen kontaktu bakarra).  Gutun horretan hizkiz beteriko orri bat. Berak bakarrik ezagutzen duen pasahitz misteriotsu baten barruan dauzkan hizkiekin, itzulpen magiko eta zoragarri hori sortzea du helburu.  Dadoa bota eta erortzen den hizkiaren gainean…listo! itzulpena egina! Behin baino gehiagotan, barregura edo auzo lotsa eragin dizkiguten konbinazio zentzugabeen sortzailea horrela imajinatzen dut.

Estatu Espainiarreko itzultzaile ofiziala, ” Ice Princess” filmaren itzulpenenean pentsatzen

Errealitate gordinera bueltatuz, benetan gertatzen dena, tamalez, askoz sinpleagoa eta aspergarriagoa da. Ez dira itzultzaile profesionalak arduratzen, ezta publizistak ere. Banatzaile enpresa barruan dauden agintariak izaten dira normalean. Film horrek izan dezakeen ibilbide komertzialaren arrakastaren zati bat, izenburuaren aukeraketan egon litekeen arren, badirudi gai konkretu hori ikastolan eman zutenean, hauek piper egiten zutela.

Askotan gertatu zaidan adibide tipiko bat  jarriko dizuet. Atzerritar bati film konkretu bati buruz hitz egiten diogunean (Espainiako itzulpenarekin), normalean ez du jakiten zein pelikulaz ari garen. Jatorrizko izenburua entzuten dutenean ordea barre algaraka hasten dira (gara).

Baina jakin xelebrekeria hau ez dela Espainian soilik gertatzen, horregatik, mundu osoan aurkitu ditudan itzulpenen zerrenda erantsi dizuet. (Beste herrialdeetako izenburuen hitzez-hitzezko itzulpena egin dut, zuzenean Euskaraz jarriz)

Eta erne! herrialde batzuen izenburuak, spoiler ibiltariak baitira! Filmaren bukaera edo gidoiaren zati garrantzitsua kontatzeko duten ahalmena miresgarria da.

 

Jarraitu irakurtzen

Barrez lehertzeko 10 izenburu aproposenak

Wikipedia-ren arabera, barrea, estimulu zenbaitek eragindako giza-erreakzioa da, gehienetan alaitasun-sentimendua adierazten duena. Fisikoki, barrea arnasbotatze txikien segida da, artikulatu gabeko hotsekin batera. Ahoa ireki eta arnasa bota gabe ezpainekin adierazten den alaitasun eta begikotasun keinua irribarrea da. Barrea eragiten duten estimuluak txantxak, kilimak eta uneko zoriontasuna dira, besteak beste.

Gustuko ditut umorezko filmak, asko gainera. Baina zenbatetan pasa zaizue, ustez umorezkoa den film bat ikustera joan eta zuen ahotik barre txiki- lotsati bat besterik atera ez izana? Zenbatetan egin duzue barre algara, sabeleko mina izan arte? Nire kasuan oso gutxitan, ziurrenik bi eskuekin kontatuko nituzke une horiek. Horregatik, blogaren bigarren post honen  helburua, proposatuko dizkizuedan hamar film hauekin, zuek ere barrez lehertzea izango da. Hementxe nire aukeraketa!

Jarraitu irakurtzen

Maite ditut Tarantino-ren filmeetako soinu bandak

http://wallpapercave.com/wp/Nzyc9oA.jpg

Quentin Jerome Tarantino zinema zuzendari eta gidoilari ezaguna, Knoxville-n (Tennessee) jaio zen 1963ko martxoaren 27an.  Txantxa dirudien arren, izena Gunsmoke  telesaileko pertsonaia batetik atera zuten gurasoek, Burt Reynolds aktore  ak gorpuzten zuen Quint izeneko tipo batengatik. Baina nire lehen sarrera honetan, ez dut bere bizitzaren errepaso aspergarri horietako bat egin nahi. Bere pelikulez arituko naiz; zehatzago izateko, film horietan, soinu bandaren erabilpena nolakoa izan den eta zenbat gustuko dudan.

Goazen “Goonietarren gotorlekua”  blogaren lehen post honi erritmo apur bat jartzera!

Jarraitu irakurtzen