MULTIZEREGINETAN ITOTA

Piztu dut telebista, sofan bota naiz eta katua laztandu nahiko banu bezala, mobila gerri ondoan utzi dut. Pantaila txikian betiko arratsaldeko saio pisutsuak ari dira botatzen eta kasu zipitzik egingo ez dudanez mugikorra hartu dut. Whatsap mezu bat, twitterra eta instagrameko bi argazki txekeatu. Begirada berriz telebistara bota, iragarki petral bat. Mobilera beste behin.

Orain, ordenagailuarekin lan egiten hasi naiz telebista parean. Telebistaz aspertzen naizenean, musika jarriko dut. Portatila izter gainean jarrita dudanean, sare sozialei, korreoari eta notifikazioei ere men egiten diet aldi berean. Gehiegikeria.

Bai, garunera estimulu anitz iristen dira gailu elektronikoz inguruatuta gauden bakoitzean. Neke hori denok nabaritu izan dugu noizbait. Begietan lehortasuna, kasu egiteko ezgaitasuna, burua joaten zaigunaren sentsazioa… Oso multitasker gaude azken aldian. Bueltatu gaitezen lurrera. Ez gara kapazak zortzimila gauza aldi berean egiteko, gu ez gara robotak.

Denok jarri dugu praktikan noizbait. Zeregin konkretu bat egin (telebista ikusi, liburu bat irakurri edota eleberri bat idatzi), eta bigarren planoko beste estimulu batekin jolasean hasi (mugikorrarekin seguraski). Sare sozialen eta korreoaren notifikazioetara joateak ikusmina eragiten digu. Garunak tilin egiten digu mezu bat jasotzen dugun bakoitzean, eta konturatu baino lehen mobila desblokeatu dugu. Momentuan, pentsatu dezakegu pelikula erraz jarraitu dezakegula mezuak erantzuten ditugun bitartean, baina ez da horrela.

Mendekotasuna da. Biziatu batzuk gara, eta horregatik zeregin garrantzitsuen eta bestelako aisialdi lanen artean bereizten hasi beharko ginateke berriz ere. Atseden atsedentsu gehiago hartu behar ditugu, mobilik gabe kalera irten edo gailu elektronikoak denbora batez itzali filmari arreta guztia eskaintzeko.

Garunak eskertuko digu.

@estomba_m

Eguneko tema –> The Jon Spencer Blues Explosion – Bellbottoms

Erantzun bat “MULTIZEREGINETAN ITOTA” bidalketan

  1. Pingback: Multizereginetan itota

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude