Loaurrekoak

Lo sakona hartu aurretik, pentsamendu nahasi ugari izaten ditut beti buruan. Ez naiz segituan lokartzera ohituta dagoen den horietako bat. Ohera sartu eta begiak itxi ostean, minutu asko pasatzen ditut bueltak ematen, bi zentzutan: postura erosoa bilatzen eta burmuineko ideia zoroak baretu nahian. Buelta ta buelta, atzo ipuin bat bururatu zitzaidan.

Herensuge handi bat imaginatu nuen. Hegan zebilen zeruan, hodei artean. Nire protagonistak arazo bat zuen baina. Denok dakigun bezala, herensugeek petrolioa edaten dute ondoren ahotik sua bota ahal izateko. Baina, gure herensuge honek ez zuen petrolioa gustoko eta ura nahiago zuen. Beste dragoiek barre egiten zuten, gure laguna sua ateratzeko ez zelako gai eta bere egarria urarekin asetzen zuelako. Hala ere, hainbeste ur edateak bazuen bere saria. Sugarra eragin ordez, izotza bota zezakeen. Izotzgarra deitu genioke fenomeno honi. Beste herensuge gaizkile baten aurka borrokatzen imaginatu nuen gure dragoia. Sugarra, izotzagarraren kontra. Etsaiaren sua izozten zuen. Bataila epiko bat izan zen buruak ilustratu zidana.

Hortxe amaitu zen ipuina. Sakonki pentsatu dut gaur pasadizo motz horren inguruan. Agian ipuina ordez, alegia bat izan zitekeen. Baina ez diot irakaspen edo moralejarik aurkitu. Ikuspegi ekologista batetik irakur daiteke. Erregai fosilen aurkakoa, energia berriztagarrien alde egiten duena. Ahula edo desberdina denari normalean izaten zaion mesfidantza ere agerian geratzen da alegian. Nola azkenean bere ahulezia zena, indargune bilakatzen duen, haiengan barre egiten zuten horiek izoztuz.

Bat-bateko eta nahigabeko ametsetako narrazio labur horrek mezu eta esanahiak bazituen. Nire ipuina gustatu zait. Alegia sortzaile bezala gustatu naiz. Lo hartu aurretik ditugun trantze une horiek uste baino gehiago balio dute. Ez da mindfullness delakoa, beste praktika atsegin bat da. Loaurreko harrikadak. Gomendagarria oso. Hor egon daitezke ideia onenak. Apuntatu itzazue. Atera zukua zuen amets, burutazio eta ideia zoro guztiei.

@estomba_m

Eguneko tema –> Dobranotch – Du Hast (Rammstein cover)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude