Askok uste dute, film batek Oscar saria irabazten duen unean, automatikoki maisulan izateko eskubidea bereganatzen duela. 1995 urtean, Forrest Gump filma Tarantinoren Pulp Fiction pelikulari gailendu zitzaiola pentsatze hutsak, ala 10 urte beranduago Crash izeneko “bodrio” horrek, Spielberg-en Munich ekoizpenari garaikurra lapurtu ziola gogorazteak, sutu egiten nau. Dragoi Bola telesailean “Boo ahaltsua” haserretu eta belarrietatik kea botatzen zuen une hori, oso motz geratzen da nire haserrealdiarekin konparatuz gero. Sari banaketa hau, show huts eta faltsu bat besterik ez da, AEBtako zinema indartzeko soilik sorturikoa.
Ez, ez eta ez. Ahaztu behingoz Oscar sarietan dauden filmeak ez dutela zertan urteko ekoizpen onenak izan behar (batzuetan bai jakina). Sari hauen (eta beste askoren) atzean interesak eta dirua besterik ez daude, zirku hutsa besterik ez dira. Bai, dagoeneko nabarituko zenuten Oscar sariak gorroto ditudala. Beno zinemaren munduan antolatzen dituzten sari (ia) guztiak egia esan.
Hitchcock, Kubrick ala Howard Hawks bezalako izen handiek adibidez, ez dute inoiz ditxosozko sari hau eskuratu. Horrek zer esan nahi du, zuzendari txarrak direla? Mesedez!
2012 urtean Joaquin Phoenix aktorea “The Master“ film zoragarriarengatik izendatua izateko aukerak zituela esan ziotenean, hauxe nabarmendu zuen: “Erabat subjektiboa den zerbait dela argi dago. Baina lanbide bereko pertsona jakin batzuk, beste batzuen aurka jartzea, munduko gauzarik inozoena iruditzen zait. “Walk the Line“ filmarengatik sari mordoa jaso nuen urte hori, nire bizitzako unerik deserosoena iruditu zitzaidan. Ez dut gehiago esperientzia horretatik berriz pasa nahi“
Oraindik matxista izaten jarraitzen duen zazpigarren artearen isla hori, sari hauetan ere antzeman daiteke. Aurten adibidez, 90 urtetan lehen aldiz, (lehen aldiz, bai!) EMAKUMEZKO argazki zuzendari bat izendatua izan da: Rachel Morrison, Mudbound filmean burutu duen lan bikainagatik. Normala iruditzen al zaizue, ia ehun urteetan lehen argazki zuzendari emakumea izatea?
Baina zinemazale naizen bezala, eta justizia egiteko asmoz, aurtengo ditxosozko sari famatu hauetatik kanpo geratu diren ekoizpenak aipatu nahi dizkizuet. Zehatzago izateko, Oscar sariek “ahaztu” eta niretzako urteko onenen artean egon beharko luketen pelikulak:
Good Time
Zuzendariak: Ben Safdie, Joshua Safdie
You Were Never Really Here
Zuzendaria: Lynne Ramsay
L’amant d’un jour (Lover for a Day)
Zuzendaria: : Philippe Garrel
The Killing of a Sacred Deer
Zuzendaria: : Yorgos Lanthimos
A Ghost Story
Zuzendaria: :David Lowery
Jusqu’à la garde
Zuzendaria: Xavier Legrand
The Nile Hilton Incident
Zuzendaria: Tarik Saleh
Insyriated
Zuzendaria: Philippe Van Leeuw
Geu-hu
Zuzendaria: Hong Sang-soo
The Lost city of Z
Zuzendaria: James Gray
Lucky
Zuzendaria: John Carroll Lynch
God’s Own Country
Zuzendaria:Francis Lee