Zinemaren mundu zabalean, genero ugari aurki ditzakegula esaten badut, ez naiz ezer deskubritzen ari, jakina; drama bortitzenengatik hasi, beldurrezko film basatienetatik pasa eta fantasiazko pelikula bikainetara iritsi arte. Baina guzti horien artean bada denok ezagutzen dugun “pelikula-multzo” berezi eta sailkaezin bat: pelikula “arraroak”, frikiak, ulertzeko zailak direnak, baina era berean kultuzkoak bilakatu direnak. Ikusten ditugun bakoitzean burua lehertzeko zorian jartzeko gai direnak. Ingelesez erabiltzen den espresioa ekarriz eta sare sozialetan maiz erabiltzen diren “WTF pelikulak” alegia (What The Fuck: Baina ze arraio! . Zerbaitek harridura sortarazten digunean erabiltzen den espresioa ).
Jarraian datorren zerrendako filmen ezaugarri nagusia, hauek ulertzeko saiakera egiten dugun bakoitzean, buruko mina jartzeko gaitasuna dutela da. Honetan maisua, David Lynch izan liteke eta zail xamarra egin zait bere film guztiak zerrendan ez sartzea (“The Straight Story” eta “The Elephant Man” salbuespenekin).
Esan beharrik ez dago zerrenda honen barnean “maisu lanak” ere topa ditzakegula. Goazen ba “WTF pelikulen” zerrenda osatzera!
2001: A Space Odyssey
( 1968 , Stanley Kubrick )
Garunean sorturiko kaltea: Oso altua. Monolitoak, Hal 9000, Dave Bowman, fetuak, gizakiaren existentzia…
Tratamendua: Bi ibuprofeno pilula egunean bizi guztirako eta sekuentzi mitiko hau behin eta berriz ikustea.
Mullholland drive
( 2001 , David Lynch )
Garunean sorturiko kaltea: Oso altua. Kutxa urdinak, Diane, konspirazioak, Zer da zer? nor da zer? zer da…..zergatik? nora? zertarako?….Nondik?
Tratamendua: Bi ibuprofeno pilula egunean 6 hilabetez eta “talka terapia” bezala, David Lynch-en Inland Empire soinurik gabe ikustea.
The Tree of Life
( 2011 , Terrence Malick)
Garunean sorturiko kaltea: Altua. Big bang-a, dinosauroak, ur jauziak, Brad Pitt, erlazioak, haurtzaroa…
Tratamendua: Ibuprofeno pilula bat egunean 8 hilabetez eta Terrence Malick-en itxura duen panpin bati “budu-a” egitea.
Primer
( 2004 , Shane Carruth)
Garunean sorturiko kaltea: Altua/Oso altua. Bidaiak denboran zehar, Shane Carruth, garaje bitxiak,paranoia…
Tratamendua: Bi pilula egunean zortzi hilabetez eta interneten dauden hainbat foroetara film honi buruzko erantzunen bila etengabe sartzea.
Upstream color
( 2013, Shane Carruth)
Garunean sorturiko kaltea: Altua/Oso altua. Jostailu filosofikoak, puzzleak, organismo hilezkorrak, bizitzaren zikloa…
Tratamendua: Pilula bat egunean urte betez eta pelikula lau aldiz ikustea.
Eraserhead
( 1977, David Lynch )
Garunean sorturiko kaltea: Oso altua. Surrealismoa, subkontzientea,beldurra, depresioa,obsesioa..
Tratamendua: Hiru pilula egunean urte betez eta Lynch-en tupearen izpirituarekin behin eta berriz eztabaidak izatea.
Pi: Faith in Chaos
( 1998, Darren Aronofsky)
Garunean sorturiko kaltea: Oso altua. 3,1415926535897932384626433832795028841…
Tratamendua: Oraingoz, ez da tratamendurik ezagutzen
E la nave va
( 1983, Federico Fellini )
Garunean sorturiko kaltea: Altua. Itsasontzia? zein itsasontzi? nola zuen izena? existitu al zen? zein? hiru itsasontzi?
Tratamendua: Pilula bat egunean lau hilabetez eta “Life of Pi” filma atzekoz aurrera ikustea.
Teorema
( 1968, Pier Paolo Pasolini)
Garunean sorturiko kaltea: Oso altua. Surrealismoa, artea, sexua,maitasuna…
Tratamendua: Pilula bat egunean bizi guztirako eta urte beteko bonoa psikiatrikoan.
Stalker
( 1979, Andrei Tarkovsky )
Garunean sorturiko kaltea: Oso altua. Tarkovski,Tarkovski,Tarkovski,Tarkovski…
Tratamendua: Ez da tratamendurik ezagutzen.
El topo
( 1970, Alejandro Jodorowsky )
Garunean sorturiko kaltea: Oso altua. Fetitxismoa, erlijioa, biolentzia, western-a, “Zen” momentuak…
Tratamendua: Ez da tratamendurik ezagutzen.
Videodrome
( 1983, David Cronenberg )
Garunean sorturiko kaltea: Altua. Amets gaiztoak, telebista, Cyberpunk-a, gorea…
Tratamendua: Pilula bat egunean zortzi hilabetez eta begi bat estalita duzuela, Cronenberg-en filmografia osoa ikustea.
Arrebato
( 1980, Ivan Zulueta)
Garunean sorturiko kaltea: Altua. Sexua, zinema, drogak, pakete misteriotsua…
Tratamendua: Pilula bat egunean hamar hilabetez eta desintoxikazio klinika batean izena ematea.
El angel exterminador
( 1962, Luis Buñuel)
Garunean sorturiko kaltea: Altua. Errepikapenak, burgesia,hipokresia, miseria,surrealismoa…
Tratamendua: Bi pilula egunean urte betez eta Buñuelen filmografia osoa jarraian ikustea (etenik gabe)
Inland empire
( 2006, David Lynch)
Garunean sorturiko kaltea: Altua. Untxiak, ¿Totum revolutum?¿Sancta sanctorum?…
Tratamendua: Pilula bat egunean bi hilabetez , Lynch-en laburmetraiak ikustea eta eztabaida metafisikoak edukitzeko, untxi familia bat sortzea.
Holy motors
(2012, Leos Carax)
Garunean sorturiko kaltea: Altua. Limusinan bidaiak, trikitixa kontzertuak, erotismoa, erokeria, dantza “alditsuak”…
Tratamendua: Bi pilula egunean hiru hilabetez, limusina batean Euskal Herriko txoko ilunenak ezagutzea, eta honako sekuentzia hau behin eta berriz ikustea (eta gozatzea):
Tetsuo
( 1988, Shinya Tsukamoto)
Garunean sorturiko kaltea: Oso altua, konponezina. Cyberpunk-a, metalenganako fetitxismoa, amesgaiztoak…
Tratamendua: Ez da tratamendurik ezagutzen.