Gorroto ditut “Oscar” sariak eta zuk?

Askok uste dute, film batek Oscar saria irabazten duen unean, automatikoki maisulan izateko eskubidea bereganatzen duela. 1995 urtean, Forrest Gump filma Tarantinoren Pulp Fiction pelikulari gailendu zitzaiola pentsatze hutsak, ala 10 urte beranduago Crash izeneko “bodrio” horrek, Spielberg-en Munich ekoizpenari garaikurra lapurtu ziola gogorazteak, sutu egiten nau. Dragoi Bola telesailean “Boo ahaltsua” haserretu eta belarrietatik kea botatzen zuen une hori, oso motz geratzen da nire haserrealdiarekin konparatuz gero. Sari banaketa hau, show huts eta faltsu bat besterik ez da, AEBtako zinema indartzeko soilik sorturikoa.

Ez, ez eta ez. Ahaztu behingoz Oscar sarietan dauden filmeak ez dutela zertan urteko ekoizpen onenak izan behar (batzuetan bai jakina). Sari hauen (eta beste askoren) atzean interesak eta dirua besterik ez daude, zirku hutsa besterik ez dira. Bai, dagoeneko nabarituko zenuten Oscar sariak gorroto ditudala. Beno zinemaren munduan antolatzen dituzten sari (ia) guztiak egia esan.

Hitchcock,  Kubrick ala Howard Hawks bezalako izen handiek adibidez, ez dute inoiz ditxosozko sari hau eskuratu. Horrek zer esan nahi du, zuzendari txarrak direla? Mesedez!

2012 urtean Joaquin Phoenix aktorea  The Master film zoragarriarengatik izendatua izateko aukerak zituela esan ziotenean, hauxe nabarmendu zuen: Erabat subjektiboa den zerbait dela argi dago. Baina lanbide bereko pertsona jakin batzuk, beste batzuen aurka jartzea, munduko gauzarik inozoena iruditzen zait. Walk the Line filmarengatik sari mordoa jaso nuen urte hori, nire bizitzako unerik deserosoena iruditu zitzaidan. Ez dut gehiago esperientzia horretatik berriz pasa nahi

Rachel Morrison argazki zuzendaria

Oraindik matxista izaten jarraitzen duen zazpigarren artearen isla hori, sari hauetan ere antzeman daiteke. Aurten adibidez, 90 urtetan lehen aldiz, (lehen aldiz, bai!) EMAKUMEZKO argazki zuzendari bat izendatua izan da: Rachel Morrison, Mudbound filmean burutu duen lan bikainagatik. Normala iruditzen al zaizue, ia ehun urteetan lehen argazki zuzendari emakumea izatea?

Baina zinemazale naizen bezala, eta justizia egiteko asmoz, aurtengo ditxosozko sari famatu hauetatik kanpo geratu diren ekoizpenak aipatu nahi dizkizuet. Zehatzago izateko, Oscar sariek “ahaztu” eta niretzako urteko onenen artean egon beharko luketen pelikulak:

Good Time

Zuzendariak: Ben Safdie, Joshua Safdie

You Were Never Really Here

Zuzendaria: Lynne Ramsay

L’amant d’un jour (Lover for a Day)

Zuzendaria: : Philippe Garrel

The Killing of a Sacred Deer

Zuzendaria: : Yorgos Lanthimos

A Ghost Story

Zuzendaria: :David Lowery

Jusqu’à la garde

Zuzendaria: Xavier Legrand

The Nile Hilton Incident

Zuzendaria: Tarik Saleh

Insyriated

Zuzendaria: Philippe Van Leeuw

Geu-hu

Zuzendaria: Hong Sang-soo

The Lost city of Z

Zuzendaria: James Gray

Lucky

Zuzendaria: John Carroll Lynch

God’s Own Country

Zuzendaria:Francis Lee

Ekoizpen bikain hauek, izendatuen artetik kanpo geratu direla ikusi ostean, aurten ere, Oscar sariak gorroto ditudala esan behar dizuet.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude