KULTURAREN DIGITALIZAZIO@

Aurtengo Durangoko Azokak, kulturak (beste esparru guztiek bezala) bere digitalizazioa bizitzen ari dela agerian utzi digu. Pandemiak sortzaile batzuei digitalizazioaren “lanak” eginik harrapatu zituen, beste batzuei ordea, inongo presentziarik gabe.

Sareak nork bere sorkuntzak eskaintzeko erakuslehio erraldoiak bilakatu dira. Ezer ordaindu gabe eta “klik” bakar baten bidez gure sormena munduko edozein bazterretara zabaldu genezake. Hala ere, eskaintzen duguna gurea edo guk egindakoa denez, azkenean gu gara produktu bilakatzen.

Teorian sortzaile guztiak baldintza berdinetan barneratzen dira sare sozialen mundu honetara bainan artista guztiek aukera berdinak al dituzte? Gai honen harira Durangoko Azokan mahai inguru bat antolatu zen eta oso hausnarketa interesgarriak atera ziren.

Sarean dagoen desoreka ahalbidetzen duen faktoreetako bat, nola ez, dirua da. Dirua duenak irismena dauka. Sormena publikora zuzenean eta errexkiago iristeko publizitatean inbertitu beharra da. Talde guztiek publizitatean ez dituzte inbertsio kopuru berdinak egiten (batzuk zuzenean ezin dute egin). Disketxe eta zigilupeko taldeek zentzu horretan izugarrizko abantaila daukate autoekoiztutako taldeen gain. Hor hasten dira lehen desorekak…

Berdintasuna hausten duen beste faktoreetako bat denbora da. Berri bat igo, bideo bat ekoiztu, kontzertu bat zabaldu… Mila aukera ematen dituzte sare sozialek sortzaileei haien lanak sarean zabaltzeko, bainan eginkizun hauek denbora eskatzen dute. Disketxeek ekintza hauek kudeatzeko soldatapeko bat daukate. Talde “humilek” ordea, haiek kudeatu behar dituzte haien sare sozialeko ekintzak.

Azken faktoreetako bat adin-tartea da. Sarera igotako sorkuntzak produktu bilakatzen dira eta gazteak dira sareen bidez “produktu” hauek kontsumitzen dituzten laginik haundiena. Lehen irratiek eta telebistek zeukaten indarra orain sareek hartu dute. Haiek dute erabakitzen zer eta noiz kontsumitu behar den. Spotify, Youtube… Nola aurre egin munstro erraldoi hauei?

Azokan sortzaileek haien lanak aurkezteko aukera izan zuten arren agerian geratu zen mundu digitalean ere talde “aberatsak” eta “behartsuak” badirela eta zoritxarrez, hemen ere, desorekak geroz eta haundiagoak dira…

BURBUILA KONTZERTUAK

Pandemia garaietan bira bat antolatzea oso lan zaila da. Ia ezinezkoa bigarren olatu batean kokatzen badugu. Hala ere badira egoerari eutsi eta bira bat aurrera ateratzeko ideia berriekin heldu diren taldeak.

Aste honetan The Flaming Lips taldeak ‘Assassins Of Youth’ bideoa kaleratu du, American Head disko berrian jasotako abestia. Honetaz gain, diska aurkezteko Estatu Batuetatik zehar bira bat egiteko asmoa iragarri dute taldeko kideek.

Orain arte ezer berezirik ez salbu kaleratutako bideoan haien biran aurreikusitako ‘burbuila kontzertuak’ nolakoak izango diren erakutsi digutela!

Bideoa duela aste pare bat grabatu zuten Oklahoma Cityko The Criterion gelan, entsegu gisa eskaini zuten ikuskizunean. Bertan ikus dezakegu nola oholtza gaineko musikariak eta publikoa plastikozko burbuila baten barruan sartuta dauden edozein kutsadura ekiditeko.

“Gure lehentasun nagusia denak seguru egotea eta beharrezko osasun neurriak hartzea da”, esan du Wayne Coyne abeslariak. “Ahaztu egin zait zeinen zirraragarria, dibertigarria eta barregarria den The Flaming Lips-en kontzertu bat ematea! Bideoak erakusten duela uste dut! ”.

“Burbuila kontzertu” batera joateko gogorik? Jarraian gosea baretzeko ‘Assassins Of Youth’ bideoa ikus dezakezue.

ALERTA GORRIA

Irailaren 17a zuzeneko musikaren sektorea kalera irten eta haien ahotsa entzuteko eguna izan zen. Alerta Gorriaren aterkipean, hogeita hamazazpi elkarte bildu ziren sektorearen garrantzia azpimarratzeko.

Gurean Bilbo, Iruñea eta Gasteiz izan ziren mobilizazioak egin zituzten hiriak, Lan Ministerioari presioa egin eta egoera arintzearren , Ekonomia, Kultura eta Industria sailek datozen asteetan premiazko neurriak har ditzaten bultzatzeko.

Alerta Gorria nazioarteko #redalert #wemakeevents mugimenduaren parte da, zeinetan zazpi herrialdek parte hartzen duten eta irailaren 30ean (gaur) Global Day egunean batuko dira, sektorearen erreskate plana eskatzeko.

Erakundeak kaleratutako agiriak sektorearen, langileen eta enpresen aldarrikapenak barneratzen ditu. Agiria puntuz puntu irakurri beharrean, hoberena Ur handitan saioko Eñaut Gaztañaga soinu teknikariaren bizipenak entzutea, ezin baita egungo egoera sinplekiago eta argikiago azaldu.

Salbatu ditzagun zuzeneko emanaldiak!

https://www.eitb.eus/eu/telebista/programak/ur-handitan/bideoak/osoa/7354619/bideoa-enaut-gaztanaga-soinu-teknikaria-normaltasun-berriko-erronkez/

JAIALDIRIK GABEKO UDA

Uda amaitzear da bainan musika jaildirik izan ez ditugunez izugarrizko hutsunea geratu zaigu zuzeneko musika maite dugunoi: EHZ, Azkena Rock, BBK live… Aurtengo egoera bereziagatik Euskal Herriko jaialdi guztiak ezeztatuak izan dira hurrengo urtean bueltatzeko itxaropenez.

Aurten beraz, uda oro jaialdietan bizitzen ditudan emoziak ezin izan ditut sentitu: Gaztetatik jarraitu eta zuzenean sekula ikusi ez dudan nere talde begikoaren kontzertua aurretik sentitzen dudan tripako mina. Ezagutzen ez nuen eta zuzeneko izugarri batekin aho zabalik uzten didan talde berri baten ezagutza…

Bestalde, nahiz eta jaialdien atzerapenengatik aurtengo udan momentu ez eroso aunitz bizitu ez ditudan… faltan boatzen ditut!!!! Komunetara joateko ilara amaigabeak, kontzertuetako ukondokadak, kanpinean 40 gradu eta izugarrizko burukominarekin esnatzea, ur zaporea daukan garagardo beroa…

Zentratu gaitezen hurrengo udan jaialdiak bueltatuko bai dira!!!!

GEORGE FLOYD, DONALD TRUMP eta SYSTEM OF A DOWN

Mineapoliseko poliziaren indarkeriak eragindako George Floyden erailketak izugarrizko iraultza eragin du Estatu Batuetako gizartean “Black Lives Matter” mugimenduaren sorrera bultzaraziz.

Gertatutakoaren aurrean ezinbestekoa izan da eragile ezberdinek mugimendu honekiko sustengua adieraztea eta horien artean, nola ez, musika taldeak izan dira.

Betidanik Estatu Batuetako sistema judiziala, gizarte mailakatzea, materialismoa eta kapitalismoa kritikatu duen taldeetako bat System Of a Down izan da. Erailketa aitzin, 15 urteko ixilunearen ondotik, diska berri bat grabatzear zeuden zurrumurruak baziren. Bazirudien diska ez grabatzearen arrazoiak soilik artistikoak zirela, bainan Gorge Floyden erailketak beste arrazoi batzuk azaleratu ditu…

Mineapolisen gertatutako indarkeri polizialaren harira, taldeko ahotsa den Serj Tankian izan zen lehena bere iritzia helarazten. Twiter-en bidez, Donald Trump-en aroa bukatutzat ematen zuen eta Estatu Batuetako gizarteari modu baketsuan altxatzea aldarrikatzen zuen.

Inor ez zuen harritu adierazpen hauek, izan ere Serj Tankian ezaguna bai da injustizi sozialak salatzeagatik eta zapalduei ahotsa emateagatik (Adibidez, Kataluniako galdeketaren alde agertu zen 1-Oeko Espainiako poliziaren indarkeria salatuz)

Beraz, zerk harritu gaitu istorio honetan? Ba taldeko bateria den John Dolmayanen adierazpenek. Taldeko baterijoleak ere Twiter-en bidez bere iritzia helarazi zuen, bainan kasu honetan justu taldeko ahotsaren aurkako pentsamoldeak izan ziren. Trumpek minorien alde gehien egin duen lehendakaria izan dela aipatu eta azaroako hauteskundeetan munduko zorterik onena opa zion egungo Etxe Zuriko lehendakariari.

Taldearen zaletu guztiak zur eta lur gelditu ziren azken adierazpen hauen aurrean eta Serj Tankianek ez zuen luzaz itxoin erantzuteko.

Abeslariak, betidanik letrei kasurik egin gabe edota letrekin ados egon gabe haien musika entzuten duen jendea badagoela esanez hasi zuen bere mezua, berak beti ere pentsakera ezberdinak errespetatzen dituela azpimarratuz. Hala ere zaila egiten zitzaiola haien musika entzun eta mezuarekin ados ez zeuden zaletuen bizi ikuspegia ulertzea, bidez batez “B.Y.O.B” eta “Temper” bezalako abestien hitzen esanahia oroitaraziz.

Abeslariaren azken mezu honek taldearen zaletuak bitan banatu zituen, batzuek Serj Tankian abeslariaren babesa hartuz eta beste batzuek ordea, John Dolmayan baterijolearen alde eginez.

Taldeko bi partaideek jasaten ari ziren online bidezko gorroto mezuak ikusita, Serj Tankian bera izan zen bere Twiter kontutik azken mezu bat igo zuena. Bertan, nahiz eta bi taldekideek muturreko pentsakerak zituztela onartu, taldeko baterijolea anaitzat zeukala adierazi eta ideologi politiko ezberdina izatea arazo bat izan beharrean taldearentzat zerbait aberasgarria zela aipatu zuen, gisa hortara bien arteko ika-mika moztuz.

Ez dakit zuek bainan nik System of a Down-en hurrengo diska inoiz baino urrunago ikusten dut…

COVID-19a MUSIKAN (III)

Agerikoa da Covid-19ak musika munduan izugarrizko eragina izan duela bainan musikari guztiei berdin eragin al die birusak? Egindako musika motaren arabera ondorioak larriagoak ala arinagoak izan al dira?

Talde askok haien disken kaleratze datak atzeratu dituzte. Aunitzek laster estudioan sartzeko asmoa zeukaten bainan egoerak bultzaturik orain itxaron beharko dute. Bainan egindako musika estiloak garrantzia al dauka?

Pop, hip hop, rap eta talde elektronikoek abantaila daukate rocka, punka, metala eta hardcore musika jorratzen duten taldeen gain. Zergatik? Lehen multzoan aipaturiko talde askok soilik ordenagailu eta mikrofono bat behar izaten dituzten haien konposizioak aurrera eramateko, aldiz beste musika estiloek ekipamendu osoa behar izaten dute.

Birus honek diskak grabatzeko prozesua zaildu duenez kaleratutako disken kopuruak nabarmenki beherantz egin du zuzenean musikan espezializatutako aldizkariak kolpatuz.

Aldizkari hauek formatu fisikoan banatzeko zailtasunak izateaz gain bapatean disken kaleratze kopuruak nabarmenki beherantz egitearekin topatu dira haien lana zailduz. Beraz, egoera berri honetara nola moldatu?

Adibidez, Mondo Sonoro aldizkariak banaketa arazoengatik ezin izan du kioskoekin eta bere banaketa puntuekin zeukan hitzordua mantendu, ondorioz apirileko alea kaleratu gabe geratu da. Kerrang! aldizkariak ere datozen hiru hilabeteetan, arrazoi berdinengatik, ez du ediziorik argitaratuko. Aldiz, Rockzone aldizkariak  bere aleak soilik digitalki kaleratzen dituenez banaketa arazoak sahiestu eta artista ezberdinei konfinamenduaren inguruko elkarrizketekin bete du bere hileroko alea. RockDeluxe aldizkariak bestalde ez du zorte berdina izan… 35 urteren ostean ateak betirako itxi behar izan ditu kataluniako aldizkariak.

Aldizkariak egoera berri honen aurrean “moldatu edo hil” lemapean mugitzen hasi dira haien paperezko aleak edizio digitalera pasatuz, bestenaz desagertzeko zorian bai daude. Eta musikariekin? Musikariekin berdina gertatuko da. “Moldatu edo hil” lema barneratu eta egoera honi aurre egin beharko diote, bestela talde asko bidean geldituko bai dira…

COVID-19a MUSIKAN (II)

Covid-19-ak eragindako aldaketa sozialak musika kontsumitzeko modu berri bat sortarazten ari da, zuzeneko streaminga.

Nahiz eta ideia berria ez izan, azken asteetan izugarrizko indarra hartu du plataforma honek. Hala ere indarra hartu duen abiadura berdinarekin entzulea nekarazten ari da, izan ere azken asteetan streaming bidezko zuzenenkoen eskaintzek gaina hartu bai dute. Dena den (eta ideala ez litzatekeen arren), ez dut oso urrun ikusten zuzeneko musikaren etorkizuna horrelako zerbaitetan amaitzea.

Eta zuzeneko streaminga diodanean ez pentsa zuen abeslari gogokoena pixaman, atzeko planoan katu batekin eta mugikor baten bidez grabaturiko kontzertuetaz ari naizenik… Baizik eta modu profesionalean grabaturiko zuzeneko emanaldietaz mintzo naiz.

Talde batzuk aipatzearren Kvelertak, Dropkick Murphys, BabyMetal, Kadavar edota Code Orange bezalako taldeek gauza bera egin dute. Soinu eta irudi profesionalarekin, formazio hauek, ordainketa sareen bidez, beraien emanaldiak eskaini dituzte. Kvelertak taldearen kasuan, kontzerturako sarrera 9 eurotan ezarriz, Norvegiarrek 12.000 euro inguru bildu zituzten haien kontzertuan. Ez dakit haien katxea zenbatekoa den, baina ez da kopuru negargarria ‘etxetik’ lan egin eta gau bakar batean irabazteko.

Honek aukera berri bat sortzen du artista askorentzat, zenbait hilabetetan bira luzeak egiteko ezintasuna ikusita, negozio modu berri bat aurkitzeko: Streaming bidez kontzertu esklusiboak eskaintzeko aukera sortzen zaie taldeei. Agur kontzertu datak lotzeko buruhausteak, furgonetaz bidaiatzea, aretoen alokairuei aurre egitea…

Zaleek ere izango dituzte abantailak: Sarrerak eskuratzeko ilarak bukatuko lirateke, soinu eskasa iraganeko gauza bat izango litzateke, ahaztuko zure aurrean dagoen tipo handia saihestea eta ez zenuke denborarik galduko tabernan garagardo bat eskatzean.

Hasieran arraroa izan daiteke kontzertu bat ikusteagatik ordaintzea, bainan azken urteetan ez al da DVDekin hori gertatu? Edota Spotify-eko harpidetzekin? Beharbada, gutxi barru Netflixen zuzeneko ikuskizunen katalogo izugarri bat izan genezake! Estadioetara joan beharrean futbola egongelatik ikustera ohitu den jendea badago …

COVID-19a MUSIKAN

Kontzertu birak atzeratuak, aretoak itxita, jaialdiak kolokan… birusaren eraginak bete betean jo du musika mundua. Hurrengo hilabeteetan ezinezkoa eginen zaigu zuzeneko kontzertuetaz gozatzea, bai antolatzaileek eta bai musikariek aretoak hutsak aurkituko bai dituzte.

Hilabete honetan gaixotasun honek eragindako ondorioak musikarientzat, soinu teknikarientzat, aretoko langileentzat… kalkulaezina da.  Honetaz gain ez dakigu egoera honek zenbateraino iraunen duen. Hortaz dena ahalik eta azkarren pasatu eta uda aldera dena normaltasunera bueltatzea da musikari eta musikazaleon itxaropena.

Bainan uda arte zer egin dezakegu? Arazoak dauden lekuan aukerak sortu izan ohi dira, beraz talde batzuk dagoeneko hasiak dira haien plangintzak aldatzen eta egoerara moldatzen…

Nola? Baztertuta zeukaten kantuekin maketa bat argitaratuz eta entzuleei oparituz (Alkaline Trio) Haien entsegu lokalean zuzeneko kontzertu bat grabatuz eta zaletuekin partekatuz (Code Orange) Iraganeko jaialdietako kontzertuak igoz (Metallica) edota zuzenean kantu berriak grabatzeari ekinez (BMTH)

Eta entzule gisa zer egin dezakegu? Ba musika entzuteko garaia da! Gaztaroan hunkitu ziguten diskak berriz entzun edota euskal eszenako talde berriak ezagutzeko eta bultzatzeko momentua da. Lasaitasunez hartu beharra ditugu hurrengo egunak eta musika nola ez, gure ondoan egonen da.

Indarrak musikari eta musikazaleei gaindituko bai dugu!!!!

https://www.badok.eus/zerrenda/2020ko-uzta-i/

JOAN ETORRIAK

Azken aldian mundu mailan geroz eta zabalduago dagoen fenomenoa iritsi zaigu Euskal Herriko musika eszenara; Taldeen agur eta itzulera birak.

Musika taldeek, bizitzako gauza gehienek bezala, hasiera eta bukaera bat daukate eta azkenean, lehenago edo beranduago, taldeek haien ibilbidea amaitu behar izaten dute.

Arrazoi ezberdinek bultzatu dezakete etenaldi hau, hala nola barne gatazkek, nekeak, ilusio eta indar faltak…  Kasu aunitzetan erabakia momentukoa izaten da eta taldeak ez du agurtzeko aukerarik izaten. Bertze kasu batzuetan ordea, erabakia aldez aurretik hartua denez, taldeak bere zaletuetaz behar bezala agurtzeko parada izaten du.

Maite duzun talde batek bere agur edo itzulera bira aurkeztean haren kontzertu batera joateko beharra sentitzen duzu, hauek zuzenean ikusteko azken aukera izan bai daiteke. Ezerren trukean hainbeste eman dizun talde bateri agur esateko modu polit bat da, modu honetara entzulearen eta taldearen arteko zirkulua itxiz. Azken finean emozioek eta sentimenduek bultzatzen bai dizute agur edo itzulera birako kontzertu batera joateak.

Halaber, azkenaldian, agur birak egin eta handik gutxira itzulera birak egiten dituzten geroz eta talde gehiago aurki ditzakegu gure artean. Itzulera birak bi aldiz baino gehiagotan egin dituzten taldeak ere badira, beraz pentsa…

Itzulerako kontzertu hauetan berriz ere sentimenduek eta emozioek gaina hartzen dute entzulearengan, talde hau beste behin azken aldiz ikusteko gogoa sortuaraziz.

Behin puntu honetara iritsita, beti ere galdera bat pausatzen diot nere buruari. Zerk bultzatzen die taldeei agur edo itzulera bira bat egiteak? Barne arrazoiengatik ala arrazoi ekonomikoengatik da? Marketing estrategia bat al da edo taldeak sentitzen duen behar bat al da? Etekin ekonomiko bat lortzearren haien zaleen sentimenduekin jolasteko gai al dira?

Beti bezala talde bakoitza mundu bat da eta ez dut esaten jokaldi hau egiten duten talde guztiek diruagatik egiten dutenik. Denetarik bada. Hala ere itzulera bira egiten duten talde askok aldez aurretik dena prestatuta daukate, ez daukat inongo dudarik.

Haien agur eta  itzulera biran diru asko irabaziko dutela zihur nago, bainan talde bezela neretako sinesgarritasun guztia galtzen dute. Eta azken finean sinesgarritasuna diruarekin erosi ezin dezakezun gauz bat da…

DIRUA IRABAZI edo EZ GALTZEA

Gaztetxe edo leku autogestionatu batean kontzertu bat antolatzeko orduan bi jarrera edo mentalitate ezberdin izan ditzakezu: Dirua irabazi edo ez galtzea.

Dirua irabazi nahi duzuela? Talde “haundi” bat ekarri eta haien baldintza guztiak bete beharko dituzue. Horretaz gain, kriston lana egin ondotik, gaualdiko irabazi gehienak  taldeak eta haien managerrak eramanen dituzte. Taldeak bere birako hutsunea zuekin beteko du eta jendeari oraindik “gaztetxeroak” direla erakutsiko diote. Hau dena gutxi ez balitz, lortutako efektua talde “haundiak” geroz eta haundiagoak bihurtzea da, talde berriei loratzen ez utziz.

Bertzalde, badira kontzertuak non helburua lorpen ekonomikoa ez den. Kontzertu hauetan lehentasuna dirua ez galtzea da. Irabazi? Irabaziko duzu, bainan beste gauzetan. Zertan?  Talde hasiberriak eta musika estilo ezberdinak sustatuko dituzu, inguruko taldeak elkar ezagutaraztea lortuko duzu, zaletasun berdinak elkarbanatzen dituzten jendea toparaztea bultzatuko duzu eta herria mugiaraziko duzu.

Mota honetako kontzertuak antolatzean diruz ez zarete urrezkoak eginen bainan beste gauza aunitzetan aberatsak izanen zarete! Orain zuk aukeratu ze kontzertu mota antolatu nahi duzun.

REGGAETOIA, FEMINISMOA eta ADIERAZPEN ASKATASUNA

Aurreko astean gure inguruan eman den gertakari batek euskal gizartean hain argia den eta hain gutxi solasten den gai bat ekarri du jendartearen ahotara: Reggaetoia, feminisimoa eta adierazpen askatasuna.

Bilboko Udalak, sare sozialetan zabaldutako ekimen baten ondorioz, C. Tangana rap kantariak jaietan eman beharreko kontzertua bertan behera uztea erabaki zuen, arrazoia haren kantuek matxismoa sustatzen zutela iritzita.

 Jende askok txalotutako erabakia izan zen hau, beste batzuk ordea zalantzan jarri zuten Bilboko Udalak hartutako erabakia, gure gizartean adierazpen askatasunaren inguruko eztabaida eta iritzi kontrajarriak sortuz.

Esaterako, Fermin Muguruza abeslariak “adierazpen askatasunarengatik, Bilboko jaietan C. Tanganak jo dezan musikarien elkartasunari deia” egin zion. Igor Elortza bertsolariak berriz “Adierazpen askatasunaren alde bagaude, ezin dugu adierazpen askatasunaren kontra egon” aldarrikatu zuen.

Bada jendea Reggaetoia estiloa entzutean erritmo dantzagarrian bakarrik arreta jartzen dutenak, baino noski, kantu bat erritmoa eta hitzekin osatzen da eta hor hasten dira estilo honen arazoak…

Ez naiz Reggaetoi talde ezberdinen kantuetako esaldiak idazten hasiko, musika estilo honen hitzak entzuteak ez bai dit onik egiten, bainan entzun gabe laburpen txiki bat egin dezaket: Emakumeak onura sexualeko dira, salerosteko erabilgarriak, jipoituak izatea eta zigor bat jasotzea gustatzen zaie eta mutikoak haien jabe dira. Horra laburpena.

«Abestiak baino ez dira» dioten jendea bada bainan emakumeek bizitzan pairatzen dituzten egoera errealak gogora ekarrita… Badaukate abesti hauek loturarik? Ohartzen hasi ezkero ez bai dira abesti hutsak, onartu eta zabaltzen diren mezuak baizik.

Adierazpen askatasunean sinesten dut, bainan genero gaiekin harremanduta egotean zalantzak uzten dizkit. Artista bakoitzak askatasun guztiz bere lana egin dezala eta ondotik jendeak ikusiko du ea sustengatu edo ez. Areto pribatu batean kontzertu bat eskeini eta jendea ordaintzeko prest badago, neregatik aurrera! Bainan Bilboko kontzertuaren harira… Hauek al dira diru publikoarekin zabaldu nahi ditugun mezuak? Hau al da bultzatu nahi dugun gizarte eredua? Nik ez behintzat…

POLEMIKAK SALDU EGITEN DU

Aurreko hilabetean Alemaniako Rammstein taldeak, bederatzi urteko ixilune baten ostean, bere ibilbideko zazpigarren diskoa kaleratu zuen.

Gaur egungo talde haundiek egin ohi duten moduan, diska kaleratu baino hilabete batzuk lehenago beraien lehen aurrerapen kanta zabaldu egin zuten. Kasu honetan, “Deutschland” izan zen taldeak aukeratutako kanta.

Rammstein taldea beti polemikaz inguratuta bizi izan den talde bat da. Beraien bideoek, kantuen letrek  eta disken azalek beti ere erreakzio kontrajarriak eragin izan ditu musikazaleen artean eta azken bideoarekin gertatutakoa ez da gutxiagorako izan.

9 minutu irauten duen bideo baten laguntzaz argitaratu zuen taldeak beraien “Deutschland” aurrerapen kanta. Kantua Alemaniaren historiaz mintzo da eta nola ez, judutarrek pairatutako bortizkeria eta naziek burututako sarraskia ageri dira irudi hauetan. Taldekideak konzentrazio esparru batean marradun arroparekin eta soka lepoan dutela daude, hauetako batek Dabiden izarra soinean duela.

Azken irudi hauek izugarrizko sumnidura eragin zuten Alemaniako gobernuko ordezkari eta judutar komunitatearen artean. Hauen kexen artean taldeak etikoki onargarria ez den marra gorria pasatzea eta artearen adierazpen askatasunaren erabilera oker bat egitea leporatzen zioten taldeari.

Gertatutakoa gertatuta, berri hau Alemaniako telebista kate guztietan agertu zen eta sortutako polemikaren eraginez egun gutxitan taldearen aurrerapen kanta mundu guztira zabaldu zen. Batzuek marketing estrategi bat izan zela leporatzen diote taldeari, besteek berriz taldearen izaerarekin bat datorren kantu bat gehiago besterik ez.

Taldearen asmoa zein zen ez dugu sekula jakinen baina gauza segurra den bakarra polemikak kantua zabaltzen lagundu zuela da…

GAUZAK EGITEKO BESTE MODU BAT

Uda gainera heldu zaigu eta udarekin batera, lehen musika jaialdiak.  Festibal batzuk, enpresa pribatuak balitz bezela, urtetik urtera haundituz joan dira, bidean beste emankizun txikiagoko batzuk irentsiz. Hala ere bada gurean, bere nortasun eta printzipioak mantenduz, festibal erraldoi hauei aurre egin eta aitzinat egin duen jaialdi bat.

Aipatzen dizuedan jaialdi hau erakunde pribatuekiko independientea eta aberaste perspektibarik gabea da. Adibide gisa, hemen ez duzue sistemaren aurkako kanturik eta mezurik entzungo, eszenatokiaren bi aldetara banketxe baten irudi erraldoi bat ageri den bitartean.

3 egun irauten duen emanaldi honetan ere ez dituzue zifra erraldoietan mugitzen diren kanpoko musikaririk aurkituko, eta izan ezean, festibalaren nortasunarekin eta printzipioekin bat egiten duten taldeak  dira. Hemen, euskarazko  taldeek daukate pisua (aurtengo edizioan inoiz baino gehiago gainera) jaialdiak euskararen normalizazioa eta hedapena bai du helburu.

Antolatutako ekitaldiei begira, musikaz baino haratago doa. Dantza, antzerki, tindu, bideo, argazki, bertsolaritza, kirola zein literatura bezalako ekintza ezberdinak aurkituko dituzue, beti ere herri-kultur eta kontra-kultur ikuspegia landuz.

Jaialdi hau ere ez da kontsumora mugatzen. Konzientziazioa eta gogoeta propioak garatzea du helburu, horretarako hainbat hitzaldi eta tailer aurkitu ditzakezue zeinetan feminismoa, antikapitalismoa, ekologia,  sexu askatasuna, justizia soziala, internazionalismoa, aniztasun kulturala eta bazterkerien aurkako gaiak lantzen diren

 Hemen ere ez dituzue kanpoko marka eta produktu komertzialik aurkituko, inguruko ekoizpenek bai daukate pisua. Bertako laborarien eta nekazarien produktuak aurkituko dituzu nonnahi, beti ere ekologikoak.

Beste festibaletan ez bezela, hemen ere ez dituzue kontraturik gabeko eta gaizki ordaindutako langilerik aurkituko. Jaialdi hau herrikoia da, auzolanean oinarritua, herritik herriarentzat egina. Harreman sozialak garatzea du helburu, gurutzatzeko ohiturarik ez duten jende elkartuz, elkarrekin besta eta lana eginez.

Jaialdi hau EHZ da eta aurten ekainaren 28,29 eta 30an ospatuko da Irisarrin (Behe Nafarroa). Oraindik garaiz zaudete planak aldatu eta bertara gerturatzeko, ikusle zein laguntzaile gisa. Esperientzi ahaztezina zinez.!

AURRERA EHZ!!!!

https://www.ehz.eus/eu