Hileko artxiboak: abendua 2020

KULTURAREN DIGITALIZAZIO@

Aurtengo Durangoko Azokak, kulturak (beste esparru guztiek bezala) bere digitalizazioa bizitzen ari dela agerian utzi digu. Pandemiak sortzaile batzuei digitalizazioaren “lanak” eginik harrapatu zituen, beste batzuei ordea, inongo presentziarik gabe.

Sareak nork bere sorkuntzak eskaintzeko erakuslehio erraldoiak bilakatu dira. Ezer ordaindu gabe eta “klik” bakar baten bidez gure sormena munduko edozein bazterretara zabaldu genezake. Hala ere, eskaintzen duguna gurea edo guk egindakoa denez, azkenean gu gara produktu bilakatzen.

Teorian sortzaile guztiak baldintza berdinetan barneratzen dira sare sozialen mundu honetara bainan artista guztiek aukera berdinak al dituzte? Gai honen harira Durangoko Azokan mahai inguru bat antolatu zen eta oso hausnarketa interesgarriak atera ziren.

Sarean dagoen desoreka ahalbidetzen duen faktoreetako bat, nola ez, dirua da. Dirua duenak irismena dauka. Sormena publikora zuzenean eta errexkiago iristeko publizitatean inbertitu beharra da. Talde guztiek publizitatean ez dituzte inbertsio kopuru berdinak egiten (batzuk zuzenean ezin dute egin). Disketxe eta zigilupeko taldeek zentzu horretan izugarrizko abantaila daukate autoekoiztutako taldeen gain. Hor hasten dira lehen desorekak…

Berdintasuna hausten duen beste faktoreetako bat denbora da. Berri bat igo, bideo bat ekoiztu, kontzertu bat zabaldu… Mila aukera ematen dituzte sare sozialek sortzaileei haien lanak sarean zabaltzeko, bainan eginkizun hauek denbora eskatzen dute. Disketxeek ekintza hauek kudeatzeko soldatapeko bat daukate. Talde “humilek” ordea, haiek kudeatu behar dituzte haien sare sozialeko ekintzak.

Azken faktoreetako bat adin-tartea da. Sarera igotako sorkuntzak produktu bilakatzen dira eta gazteak dira sareen bidez “produktu” hauek kontsumitzen dituzten laginik haundiena. Lehen irratiek eta telebistek zeukaten indarra orain sareek hartu dute. Haiek dute erabakitzen zer eta noiz kontsumitu behar den. Spotify, Youtube… Nola aurre egin munstro erraldoi hauei?

Azokan sortzaileek haien lanak aurkezteko aukera izan zuten arren agerian geratu zen mundu digitalean ere talde “aberatsak” eta “behartsuak” badirela eta zoritxarrez, hemen ere, desorekak geroz eta haundiagoak dira…