Hileko artxiboak: ekaina 2020

GEORGE FLOYD, DONALD TRUMP eta SYSTEM OF A DOWN

Mineapoliseko poliziaren indarkeriak eragindako George Floyden erailketak izugarrizko iraultza eragin du Estatu Batuetako gizartean “Black Lives Matter” mugimenduaren sorrera bultzaraziz.

Gertatutakoaren aurrean ezinbestekoa izan da eragile ezberdinek mugimendu honekiko sustengua adieraztea eta horien artean, nola ez, musika taldeak izan dira.

Betidanik Estatu Batuetako sistema judiziala, gizarte mailakatzea, materialismoa eta kapitalismoa kritikatu duen taldeetako bat System Of a Down izan da. Erailketa aitzin, 15 urteko ixilunearen ondotik, diska berri bat grabatzear zeuden zurrumurruak baziren. Bazirudien diska ez grabatzearen arrazoiak soilik artistikoak zirela, bainan Gorge Floyden erailketak beste arrazoi batzuk azaleratu ditu…

Mineapolisen gertatutako indarkeri polizialaren harira, taldeko ahotsa den Serj Tankian izan zen lehena bere iritzia helarazten. Twiter-en bidez, Donald Trump-en aroa bukatutzat ematen zuen eta Estatu Batuetako gizarteari modu baketsuan altxatzea aldarrikatzen zuen.

Inor ez zuen harritu adierazpen hauek, izan ere Serj Tankian ezaguna bai da injustizi sozialak salatzeagatik eta zapalduei ahotsa emateagatik (Adibidez, Kataluniako galdeketaren alde agertu zen 1-Oeko Espainiako poliziaren indarkeria salatuz)

Beraz, zerk harritu gaitu istorio honetan? Ba taldeko bateria den John Dolmayanen adierazpenek. Taldeko baterijoleak ere Twiter-en bidez bere iritzia helarazi zuen, bainan kasu honetan justu taldeko ahotsaren aurkako pentsamoldeak izan ziren. Trumpek minorien alde gehien egin duen lehendakaria izan dela aipatu eta azaroako hauteskundeetan munduko zorterik onena opa zion egungo Etxe Zuriko lehendakariari.

Taldearen zaletu guztiak zur eta lur gelditu ziren azken adierazpen hauen aurrean eta Serj Tankianek ez zuen luzaz itxoin erantzuteko.

Abeslariak, betidanik letrei kasurik egin gabe edota letrekin ados egon gabe haien musika entzuten duen jendea badagoela esanez hasi zuen bere mezua, berak beti ere pentsakera ezberdinak errespetatzen dituela azpimarratuz. Hala ere zaila egiten zitzaiola haien musika entzun eta mezuarekin ados ez zeuden zaletuen bizi ikuspegia ulertzea, bidez batez “B.Y.O.B” eta “Temper” bezalako abestien hitzen esanahia oroitaraziz.

Abeslariaren azken mezu honek taldearen zaletuak bitan banatu zituen, batzuek Serj Tankian abeslariaren babesa hartuz eta beste batzuek ordea, John Dolmayan baterijolearen alde eginez.

Taldeko bi partaideek jasaten ari ziren online bidezko gorroto mezuak ikusita, Serj Tankian bera izan zen bere Twiter kontutik azken mezu bat igo zuena. Bertan, nahiz eta bi taldekideek muturreko pentsakerak zituztela onartu, taldeko baterijolea anaitzat zeukala adierazi eta ideologi politiko ezberdina izatea arazo bat izan beharrean taldearentzat zerbait aberasgarria zela aipatu zuen, gisa hortara bien arteko ika-mika moztuz.

Ez dakit zuek bainan nik System of a Down-en hurrengo diska inoiz baino urrunago ikusten dut…