COVID-19a MUSIKAN (II)

Covid-19-ak eragindako aldaketa sozialak musika kontsumitzeko modu berri bat sortarazten ari da, zuzeneko streaminga.

Nahiz eta ideia berria ez izan, azken asteetan izugarrizko indarra hartu du plataforma honek. Hala ere indarra hartu duen abiadura berdinarekin entzulea nekarazten ari da, izan ere azken asteetan streaming bidezko zuzenenkoen eskaintzek gaina hartu bai dute. Dena den (eta ideala ez litzatekeen arren), ez dut oso urrun ikusten zuzeneko musikaren etorkizuna horrelako zerbaitetan amaitzea.

Eta zuzeneko streaminga diodanean ez pentsa zuen abeslari gogokoena pixaman, atzeko planoan katu batekin eta mugikor baten bidez grabaturiko kontzertuetaz ari naizenik… Baizik eta modu profesionalean grabaturiko zuzeneko emanaldietaz mintzo naiz.

Talde batzuk aipatzearren Kvelertak, Dropkick Murphys, BabyMetal, Kadavar edota Code Orange bezalako taldeek gauza bera egin dute. Soinu eta irudi profesionalarekin, formazio hauek, ordainketa sareen bidez, beraien emanaldiak eskaini dituzte. Kvelertak taldearen kasuan, kontzerturako sarrera 9 eurotan ezarriz, Norvegiarrek 12.000 euro inguru bildu zituzten haien kontzertuan. Ez dakit haien katxea zenbatekoa den, baina ez da kopuru negargarria ‘etxetik’ lan egin eta gau bakar batean irabazteko.

Honek aukera berri bat sortzen du artista askorentzat, zenbait hilabetetan bira luzeak egiteko ezintasuna ikusita, negozio modu berri bat aurkitzeko: Streaming bidez kontzertu esklusiboak eskaintzeko aukera sortzen zaie taldeei. Agur kontzertu datak lotzeko buruhausteak, furgonetaz bidaiatzea, aretoen alokairuei aurre egitea…

Zaleek ere izango dituzte abantailak: Sarrerak eskuratzeko ilarak bukatuko lirateke, soinu eskasa iraganeko gauza bat izango litzateke, ahaztuko zure aurrean dagoen tipo handia saihestea eta ez zenuke denborarik galduko tabernan garagardo bat eskatzean.

Hasieran arraroa izan daiteke kontzertu bat ikusteagatik ordaintzea, bainan azken urteetan ez al da DVDekin hori gertatu? Edota Spotify-eko harpidetzekin? Beharbada, gutxi barru Netflixen zuzeneko ikuskizunen katalogo izugarri bat izan genezake! Estadioetara joan beharrean futbola egongelatik ikustera ohitu den jendea badago …

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude