Hileko artxiboak: maiatza 2019

PUNKAREN KONTRAESANAK

La Polla Records. Aurkezpenik behar al du? Hain goraipatuta daukagun 80. hamarkadan hasi zuen ibilbidea taldeak. Beraien soinu, jarrera eta mezuekin  RRVeko aitzindarietako bat izan ziren haien gizarte kritika eta mezu antikapitalistekin. Euskal punkaren ikurra ez bada, ikurretako bat. 40 urte egin berri ditu Aguraingo punk taldeak eta hain borobila den zenbaki hau ospatzeko Espainian eta Hego Amerikan 12 kontzertu eskeiniko ditu datozen hilabeteetan, kantu zaharrak biltzen dituen diska berri batekin batera.

Biraren promozioa egin asmoz Evaristo Páramos abeslaria aurreko astean La Resistencia programara joan zen. Hasierako galderei berarengan ohikoa den naturaltsaunez erantzun ostean, beti ere sahiestezina den galdera luzatu zion aurkezleak gonbidatuari, “zenbat diru daukazu?” Galdera deserosoa punk izar batentzat. Udaletxeko zergak eta asegurua berriki ordaindu zituela erranez hasi zuen erantzuna Evaristok, ondotik, mundu guztiak espero genuen baino kopuru txikiagoko bat emateko. Aurkezlea, emandako kopuruarekin harrituta, taldearen disken salmentak eta emandako kontzertu guztiak gogorarazi zizkion, baina abeslariak bere horretan jarraitu zuen.

Momentu deseroso hark hainbat galdera planteatzera behartu ninduen, izan ere punk mundua eta segurtasun ekonomikoa kontzeptu antagonikoak baitira. Punk abeslari batek ezin al du segurtasun ekonomikorik eduki? Derrigortuta al dago hilabete bukaerara justu iristera? Diruz larri ez ibiltzeak, sinesgarritasuna galduarazten al dio punk munduan? Betiko kontraesanak…

Programa honetako aurkezlea ixiltzen ez den horietako bat denez, berriz ere abeslariari 12 kontzertuetako bira eta diska berriaren kaleratzea gogorarazi zion, biraren ostean handik edo hemendik nahi ta nahiez zerbait ukanen zuela aipatuz. Evaristok azkenean, gaia bukatutzat ematearren “bira amaituta, galdetu berriro” batekin erantzun zion.

Neri egia esateko berdin zait Evaristok daukan diru kopurua, eta aunitz baldin badauka ba burua altxa dezala, bere hitzetan aipatzen dituen bankariek eta politikariek ez bezala, berak izerdiarekin eta duintasun guztiarekin lortu baitu irabazitako guztia. Punkaren betiko kontraesanetan erori arren, nere aldetik errespetu guztiak musika mundu zail honetan 40 urte bete dituen euskal punk taldeari. Zorionak La Polla!!!!