Batzuk kalamar bokadiloak deskubritzen dituzte Madrilen; nik aldiz, insomnioa. Loa ez dela gauza perfektu bat ezagutu nuen. Tentsio handiarekin bizi nintzen. Langabezia, amodioaren B aldea, krisia, norabide eza. Gauero nire buruan erantzunik ez zuten galderak pizten ziren. Ez zidaten bakean uzten. Alde batera eta bestera ohean bueltaka ibiltzen nintzen, erremedio zahar eta sinple bati heldu nion arte: liburu bat ireki eta irakurtzen hasi.
Geroztik ez dut loezina pairatzen. Eta nire bizitzan gauza ASKO aldatu dira.
Lehenengo konklusio zuzena: Irakurle erregularra naiz orain. Erosi dudan azken liburua “Cómo ser Bill Murray” da. Garoan (snif) aurkitu nuen eta lo seko geratzen naizen arte irakurtzen dut. Gaur gauean, aldiz, Jotdown aldizkariaren azken alearen elkarrizketa bat aukeratu dut. Salakeria Fermin Muguruzari egotzi behar diot. Otsailaren 4ean topatu nuen Tabakalerako Kluba aretoan Stay taldearen kontzertua hasi baino lehen. Bere neskalagunarekin batera hizketan egon ginen. Esan zidan Eduardo Madinak berari egindako elkarrizketa mamitsu bat aterako zela El País egunkariaren hilabetekarian. Emozionatua zegoen. Irakurtzeko irrikitan. Solasaldi honi buruz, Mikel Iturriaren blogean labur eta zehatz aipatzen dira zenbait idei baliotsu; guzti horien artean, zubigile kontzeptua.
Zubigile. Hitz ederra. Hitz puska.
Orain ohean nago, alde batetik bestera bueltaka ari naiz 1,80 metroko kroketa baten moduan. Aspaldiko partez, irakurtzen bukatu ondoren ezin naiz lokartu. Nire background musikala errepasatzen ari naiz. Ez naiz Muguruza musikaren jarraitzailea, Springsteenen jarraitzailea ez naizen moduan. Bale, errespetatzen dut. Mitikoa da. Hor dago, saltseatzen, hamaika proiektuetan burua sartzen. Kortaturen abestiak ezagutzen ditut. Txikitan Negu Gorriaren “Bertso.Hop” kanta nire Hondarribiko lagunekin entzuten genuen behin eta berriz “kaltzontziloaren” zatiarekin barrez lehertzeko. Dut taldearekin batera 1997. urtean kaleratu zuen “Ireki ateak” lana oso potentea dela esango nuke. Zuzenean ikusi nituen. Geroztik, ezer gutxi. “Black is Beltza” komikia etxean daukat. Eta, noski, Toots and The Maytals, Beasty Boys, The Jam, Sex Pistols, The Clash, Jimmy Cliif, Marley eta beste hainbat talde nik ere maite ditut.
Fermin Irungoa da eta ni Hondarribikoa. Bizilagunak.
Ohean bueltaka jarraitzen dut. Elkarrizketaren kausa-efektu erlazioa izango da. ETA, GAL, eskuin muturra eta heroinaren hatzaparra erraldoiak ikusten ditut. Belaunaldi askoren bizitzak ilundu dituztela pentsatzen ari naiz. Ferminena, esate baterako. Bizirik badago MIRARI bat da. Eduardo Madina bezala. Biak dira biktimak, biak musikazale amorratuak. Lagunak. Harresiak tristeak dira, zubigileak beharrezkoak.
Ea azkar lokartzen naizen.