Hileko artxiboak: urtarrila 2018

Kontzertuak ez dira ghetto linguistikoak

Amorante, Joseba Irazoki, Rafael Berrio, Mursego, Wilco, Rosalía, Bombino… Musika ederra lantzeaz gain, zer dute amankomunean? Zein da beraien lotura ikustezina? Zergatik sartu ditut zaku berberean?

Musikaren lengoai unibertsalaren zaindariak direlako. Haien hizkuntza bestelakoa da, bakarra, MUSIKA da. Kitto.

Donostian- eta esango nuke, Euskal Herri osoan- publikoaren aurreiritzi linguistikoak suntsitu dituzten artista handiak dira. Beraien kontzerturen batean egon bazara ohartuko zinen jende erdalduna, euskalduna eta Iparraldeko jendearekin topo egiteko aukera izan duzula. Hau ez da beti pasatzen. Oraindik -gero eta gutxiago, zorionez- kontzertuak ghetto linguistikoak izan daitezke. Talde euskaldunak ikusle euskaldunekin, talde erdaldunak ikusle erdaldunekin, eta horrela. Entzulearen aurreiritzi, filia eta fobiek indarra izaten jarraitzen dute.

Musikan, hizkuntza bigarren plano batean jartzea ez da lan makala. Norberak bere lehentasunak, ohiturak eta gustuak ditu. Musikazalea bazara, baliteke gaztaroan dastatu zenuen musikak markatuko izana; nire kasuan 15 urterekin (1996) Britpop-a irensten nuen Tragabolas jolasa bailitzan. Estatu Batuetako indie-rocka (Dinosaur Jr., Eels, Pavement, Sebadoh) ere gustokoa nuen eta Los Planetasen “Pop” diskarekin maitemindu nintzen. Garai hartan ez nuen apenas musika euskaldunik entzuten. Orohar, Euskadi Gazteko talde euskaldunek pixkat “meh” iruditzen zitzaizkidan. Esaldi batean esplikatuko dut: Oasis-en “Champagne Supernova”-k sortzen zidan zirrarak ez nuen beste inon topatzen.

Oker nenbilen? Seguraski. 21 urte igaro dira. Nire bihotz musikala ingelesez hornitua dago, zeurea euskaraz, erderaz edo frantsesez egon daitekeen bezala. Bost axola. Ala ez. Hizkuntza ezkutuko gotorlekua uste baduzu, Berrio, Irazoki eta konpainiari giltzak eskatu.

Fermin Muguruza bizirik dago

Batzuk kalamar bokadiloak deskubritzen dituzte Madrilen; nik aldiz, insomnioa. Loa ez dela gauza perfektu bat ezagutu nuen. Tentsio handiarekin bizi nintzen. Langabezia, amodioaren B aldea, krisia, norabide eza. Gauero nire buruan erantzunik ez zuten galderak pizten ziren. Ez zidaten bakean uzten. Alde batera eta bestera ohean bueltaka ibiltzen nintzen, erremedio zahar eta sinple bati heldu nion arte: liburu bat ireki eta irakurtzen hasi.

Geroztik ez dut loezina pairatzen. Eta nire bizitzan gauza ASKO aldatu dira.

Lehenengo konklusio zuzena: Irakurle erregularra naiz orain. Erosi dudan azken liburua “Cómo ser Bill Murray” da. Garoan (snif) aurkitu nuen eta lo seko geratzen naizen arte irakurtzen dut. Gaur gauean, aldiz, Jotdown aldizkariaren azken alearen elkarrizketa bat aukeratu dut. Salakeria Fermin Muguruzari egotzi behar diot. Otsailaren 4ean topatu nuen Tabakalerako Kluba aretoan Stay taldearen kontzertua hasi baino lehen. Bere neskalagunarekin batera hizketan egon ginen. Esan zidan Eduardo Madinak berari egindako elkarrizketa mamitsu bat aterako zela El País egunkariaren hilabetekarian. Emozionatua zegoen. Irakurtzeko irrikitan. Solasaldi honi buruz, Mikel Iturriaren blogean labur eta zehatz aipatzen dira zenbait idei baliotsu; guzti horien artean, zubigile kontzeptua.

Zubigile. Hitz ederra. Hitz puska.

Orain ohean nago, alde batetik bestera bueltaka ari naiz 1,80 metroko kroketa baten moduan. Aspaldiko partez, irakurtzen bukatu ondoren ezin naiz lokartu. Nire background musikala errepasatzen ari naiz. Ez naiz Muguruza musikaren jarraitzailea, Springsteenen jarraitzailea ez naizen moduan. Bale, errespetatzen dut. Mitikoa da. Hor dago, saltseatzen, hamaika proiektuetan burua sartzen. Kortaturen abestiak ezagutzen ditut. Txikitan Negu Gorriaren “Bertso.Hop” kanta nire Hondarribiko lagunekin entzuten genuen behin eta berriz “kaltzontziloaren” zatiarekin barrez lehertzeko. Dut taldearekin batera 1997. urtean kaleratu zuen “Ireki ateak” lana oso potentea dela esango nuke. Zuzenean ikusi nituen. Geroztik, ezer gutxi. “Black is Beltza” komikia etxean daukat. Eta, noski, Toots and The Maytals, Beasty Boys, The Jam, Sex Pistols, The Clash, Jimmy Cliif, Marley eta beste hainbat talde nik ere maite ditut.

Fermin Irungoa da eta ni Hondarribikoa. Bizilagunak.

Ohean bueltaka jarraitzen dut. Elkarrizketaren kausa-efektu erlazioa izango da. ETA, GAL, eskuin muturra eta heroinaren hatzaparra erraldoiak ikusten ditut. Belaunaldi askoren bizitzak ilundu dituztela pentsatzen ari naiz. Ferminena, esate baterako. Bizirik badago MIRARI bat da. Eduardo Madina bezala. Biak dira biktimak, biak musikazale amorratuak. Lagunak. Harresiak tristeak dira, zubigileak beharrezkoak.

Ea azkar lokartzen naizen.