2018an bizitza salbatu dizkidaten 5 abestiak

Pop musika agorrezina da. Mundua bukatu daiteke, baina ziur nago amaituko ez den gauza bakarra abestiak izango direla. Kobazuloetan animaliak marraztu aurretik, gizakiak erritmo eta doinuak sortzeko gaitasuna izan zuen, beraz, Big Bang #2 agurtzera etortzen bada, galaxia paralelo batean martetarrak egongo dira Strawberry Fields Forever abesten.

Pop musika ez da desagertuko. Ez, ez eta ez. Goenkale da.

Egunero, nonahi, 3, 4 edo 5 minututan kondentsatzen diren doinu eta akordeak ari dira sortzen. Gure arima behin eta berriro haizeberrituz. Iturriko ur gardenez betetzen. Zelai berdearen berdetasunaren artean bitxilore eta tulipen ñabardura koloretsuak bailiran. Pop musika kultura baxuaren zakuan sartzen den bakoitzean haserretu egiten naiz. Baxua? Bigarren mailakoa? Nola izan daiteke baxua milioika pertsonen bihotzak astintzeko gai den edozer? Baxua da zoriontasuna bermatzen duen abestia? Bakardadean konpainia egiteko tresnarik ERANGIKORRENA den hura?

Musika, oro har, eta pop musika bereziki, maitatzeko eta negar egiteko eta bizirik gaudela adierazteko sortu da. E! Entzun itzazu David Bowie, Marvin Gay, The Jam edo Mystic Braves taldeak eta mundua beste begiekin ikusiko duzu. James Rhodes-ek arrazoia zuen: abestiek bizitza salbatzeko gaitasuna dute. Behin eta berriro. Amildegiaren ertzean kokatu eta zast! Abesti bakar batek eskua luzatu eta atzeraka erakartzen zaitu. Honen froga ukaezina 2018an argitaratu diren bost abesti hauek dira:

NATHANIEL RATELIFF & THE NIGHT SWEATS
Oraingoan bai: Estatubatuarren lan berria Etrusco baloia baino borobilagoa da. Hitz garratzak eta ederrak. Benetakoak. Soul musikaren zintzotasuna. Abesti guztien artean Hey Mamma-rekin bihotza zurbildu egiten zait.


KING TUFF

“No reason to be alive at all / as far as I can tell” abesten du Kyle Thomasek. Depresio luze eta sakona gainditu ondoren, glam-rock musika albo batean utzi eta sintetizadorez, pianoz eta makina bat instrumentuz apaindu du disko berria. Berpizkunde musikal eta pertsonala.



THE LIMIÑANAS

Aurten gehien gustatu zaidan kontzertua The Limiñanas bikote frantsesarena izan zen Donostiako Intxaurrondoko Kultur Etxean. 200 bat lagun bildu ginen bertan, baina hedapen eta aitormen handiagoa merezi dute. Klasea barra-barra, savoir faire eta giro hipnotikoa. Iluntasunean argitzen duen abestia da Shadow People.

LEVITATION ROOM
The Allah-Las kaliforniarren eskolakoak, ezin da hiru minutu baino gutxiagoetan 60ko hamarkadako pop psikodelikoa hobe laburbildu. Aitzinako ekoizpena, bale, baina burmuinean itsatsita BETI geratuko dena. Tomorrow Never Knows-en semea.



LOS HERMANOS CUBERO

%100 disko terapeutikoa da. 2016an minbizi madarikatuak Quique Cubero-ren emaztea, Olga, eraman zuen. Omenaldi eder eta handia. Benetako maitasuna zer den erakusten duena. Boleroak, Ipar Amerikako folka, bluegrass-a, musika aitorleku gisa… Edozein abesti aukeratu nezake eta nire bizitza salbatuko luke.

Quique dibuja la tristeza by Los Hermanos Cubero

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude