Hileko artxiboak: azaroa 2019

Sixtersis: “Jendeak emakumezkoen saskibaloia alor guztietan ezagutzea nahi dugu”

Goi mailako saskibaloi jokalarien errealitatea gertutik ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen digute Helena Omak eta Rosó Buchek. Spar Citylift Girona taldeko jokalariak dira biak eta horretaz gain elkarrekin bizi dira.

Proiektuak Sixtersis du izena eta emakumezkoen saskibaloia ikustaraztea du helburu. Horretarako, Instagramera eta Youtubera eduki eguneratua igotzen dute. Abenduko GAZTEZULOn, bi jokalari hauek martxan jarri duten proiektuaren inguruko informazio guztia topatu dezakezue.

Erreportajea idazten negoela, Helena Oma eta Rosó Buchi galdera pare bat egiteko gogoekin geratu nintzen eta eurekin harremanetan jarri ostean, hemen dugu bi jokalari hauek martxan jarri duten proiektua hobe ezagutzen lagunduko diguten galdera-erantzunak.

Nola sortu zen Sixtersis proiektua?

Helenari bururatu zitzaion ideia eta elkarrekin egitea erabaki genuen. Izan ere, gauzak konpainia onean eginez gero hobe ateratzen dira. Eta guk konpainia hori badugu.

Zer lortu nahi duzue proiektuarekin?

Jendeak emakumezkoen saskibaloia alor guztietan ezagutzea nahi dugu: jokalariak zeintzuk diren edota nola jokatzen duten baino harago, bakoitzaren historia ezagutu eta ezagutuarazi nahi ditugu.

Sixtersis-en kontuak Instagram eta Youtuben aurkitu daitezke. Zergatik aukertu dituzue bi sare sozial hauek?

Gure egunerokotasunean asko erabiltzen ditugun bi plataforma dira eta, gaur egun, publiko zabalenera iristeko aukera ematen dute.

Zer nolako harrera izan du proiektuak zuen taldekideengan?

Egia esan oso pozik daude gure bideokin. Egia da, batzutan, pixka bat haserretzen direla etengabe grabatzen ari garelako. Jajajaja.

Zuek kirolariak izanda, entrenamendu, partida, bidaiekin eta zuen bizitza pertsonalarekin, nola uztartzen duzue guzti hori bideoen grabaketekin?

Gure buruak zein beste jokalariei egiten dizkiegun elkarrizketak grabatzeko tartea topatzea zaila da.

Batetik, bidaiak ditugunean edo hona, Gironara, etortzen direnan hoteletan elkarrizketak egiteko probesten dugu. Bestetik, bideoen prestaketa eta edizioa gure denbora librean egiten dugu; egia esan, asko gustatzen zaigu eta oso ongi pasatzen dugu.

Zein gai landu nahiko zenukete sakontasun handiarekin, oraindik ezagutzen ez dela uste duzuelako?

Gai guztiak dira garrantzitsuak, eta denak berdin-berdin ezagutzera eman behar dira. Hala ere, gehien gustatzen zaigun gaietako bat, amatasunaren gaia da.

 

Beraz, Helenak eta Rosók beren bideoetan eta Instagram Storietan erraten duten moduan, JARRAITU SIXTERSIS!

Emakume futbolariak grebara joan izana ulertzeko bost gako

Jakingo duzuenez, aurreko asteburuko jardunaldian, azaroaren 16 eta 17an, estatu Espainiarreko lehengo mailako jokalariek greba egin zuten. Maiatzan negoziazioak blokeatuta jarraitzen zutenean plazaratu zuten moduan, jokalariek grebara jo zuten beren eta etorriko diren futbolarien oinarrizko eskubideen alde egiteko.

Hedabide gehienetan tarte txikia eskaini bazaio ere, greba egun honi esker, lehenengo mailako jokalariek garaipen txikia lortu dute: maiatzetik blokeatuta zegoen hitzarmen kolektiboa lortzeko negoziazioa desblokeatzea lortu dute.  Jokalariek abenduaren 20ra arteko epea eman diote Patronalari Espainiako emakumezkoen lehengo hitzarmen kolektiboa sinatzeko.

Nire inguruko askok ez dute (ongi) ulertu zergaitik Espainiako lehenengo mailako jokalarien gehiengoak greba egitearen alde agertu ziren. Hemen dituzue futbolariek greba egiteko dituzten arrazoiak ulertzeko bost gako:

Lanaldia
Gaur egun jokalari askok lanaldi erdiko kontratuak dituzte, horrek dakarren guztiarekin: kotizazio erdia eta soldata baxuak, besteak beste. Ainhoa Tirapuk (Athletic Clubeko atezaina eta Espainiako Futbolarien Elkarteko Emakumezkoen Futbolaren Komiteko lehendakariordea) greba deialdia publiko egin zuten agerraldian azaldu zuen moduan, jokalariek lanaldi erdiko kontratuak izatea ez da nahikoa: “Astero lau egunetan entrenamenduak ditugu eta asteburuan partidua jokatzen dugu. Honi bidaiak gehitu behar dizkiogula kontuan hartzen badugu, astero 20 ordu baino gehiago ematen ditugu lanean”. Horretaz gain, Gizarte Segurantzan kotizatzearen beharra mahai gainean jarri dute: “Kotizazioa determinantea da langabezia agiria eskatzeko edota lesio larri batengatik baliaezintasuna eskatzeko”.

Soldata
Jokalariek urteko 16.000€ soldata minimoa aldarrikatzen dute lanaldi osoko kontratuetarako, eta, egun, lanaldi partzialeko kontratuak dituztenak, lanaldi osoaren %75 baino txikiagoa ez izatea, horrek dakarren urteko soldata minimoaren igoerarekin, noski. Hedabide eta sektore anitzek greba deialdiaren zergatia edo gakoa soldatan jarri izan dute, baina, jokalariek etengabe azpimarratu duten moduan, soldata baino harago doan afera da; jokalarien oinarrizko eskubideez ari dira, noski. Ainhoa Tirapuk argi utzi zuen prentsaurrekoan: “Guk ez dakigu klubek zertara bideratzen duten dirua, baina bai, ordea, instituzioetatik, babesletzetatik, telebistetatik, eta beste hainbat iturrietatik dirua jasotzen ari direla. Gure proposamena egiteko, klubek jasotzen duten diruaren kantitate zehatzen txostena eskatu dugu, baina ez digute eman”.

Bajak
Jokalarien bajak %100 estaltzea eskatu dute, izan ere, kontuan hartu beharra dago kirolarien egunerokotasunean gorputzak duen garrantzia; azken finean, beren lan tresna da. Askotan, lesioak, denbora luzekoak dira, eta gaur egun, horrelako lesioa duten hainbat jokalariri, euren soldatak %30 murriztu dizkiete.

Haurdunaldia
Emakume kirolarien aldarrikapen handienetakoa da, kirola edozein dela ere. Askotan, haurdunaldien kontrako klausulak dituzten kontratuak sinatu behar dituzte. Horretaz gain, umea(k) izatea erabaki ondoren, ez dute laguntza handirik kirolera bueltatu eta bere amatasunarekin partekatzeko.

Azterketa medikoak
Jokalariek salatzen dutenaren arabera, azterketa mediko minimoak egitea beharrezkoa izan beharko lukete. Ainhoa Tirapuk adierazi zuenaren arabera, egun, fitxa egiteko ez dituzte elektrokardiogramarik egiten. Honek, kirolarien osasunaren gaineko arriskuak dakartza. Izan ere, azterke medikoetan, kirolariek izan ditzaketen arazoak detektatzeko aukera daude, bereziki bihotzarekin lotura dutenak.

Askok erraten dutenaren kontra, argi dago greba egitean lorpenak izaten direla beti, bereziki langileak (kasu honetan futbolariak) elkarrekin borrokan ari badira. Elkarrekin dena delako posible!

Eta zuei, zer iruditzen zaizue jokalariek greba egin izana? Zer uste duzue gertatuko dela hitzarmen kolektiboarekin?