Ez dakit zuei, baina guri, institutu garaian, soinketan malgutasun froga bat egiten ziguten bakoitzaren malgutasun maila zein zen ikusteko. Froga hori zinez gorroto nuen, nire gorputzak ez baitu malgutasuna zer den ezagutzen.
Oraindik ulertzen gabe jarraitzen dut lurrean eseri eta hankak luzatuta dituzula metro bat paratuta duen banku batera heldu eta aurrera zenbat egiten duzunaren arabera nota jartzea. Imaginatuko duzuen bezala, ni ez nintzen ezta bankura ere iristen, baina, irakasleek ezta ez zidaten ezer gomendatzen nire malgutasuna landu eta hobetzeko (azken finean malguagoa izatea, egunerokotasunean eta bizitzan zehar gorputzeko min asko arintzen dizkizute). Baina ez, garrantzitsuena, nota paratzea zen, antza!
Nire malgutasun eza horretaz kontziente, txikitatik gimnasiak asko liluratu nau. Txikia nintzela, gimnasia erritmikoko erakustaldi eta lehiaketak ikusten itsututa egoten nintzen telebista aurrean.
Sydneyko Olinpiar Jokoetan gimnasia artistikoa deskubritu nuen. Eta zer nolako aurkikuntza aizue! Gimnasia erritmikoarekin alderatuta, modalitate honek intentsitate, potentzia eta indar handiagoa zuen.
Neska zein mutilek egiten zuten eta ez zuten eta ez ziren uztai, baloi edo maza baten atzetik, ahalik eta mugimendu lirainenak egiten egon behar (horrek baduela bere meritua, ze, nik, mugimendu lirainak zero). Horren ordez, kriston saltoak, txiribueltak eta bestelako mugimenduak egin behar zituzten barra baten gainean. BARRA BATEN GAINEAN!
Eta potroa saltatu, baina saltatu bitartean hamaika mila txiribuelta eman!
Eta mutilek anilekin egin behar dutena? OMG!
Beno, kontua da, asko gozatzen dudala gimnasia artistikoa ikusten (bereziki neskena) eta azken urte honetan kirol honek sare sozialetan presentzia handia izan du bi gimnastei esker: Katelyn Ohasi eta Simone Biles.
Katelyn Ohasi, UCLAko taldearekin, unibertsitateen arteko lehiaketak 10ak lortu ditu (bai, bat baino gehiago!). Ohasi AEBko selekzioaren buru izateko aukera handiak bazituen ere, bere pisuaren eta gorputzaren kontrako komentario eta jarreren ondorioz izandako arazoengatik, goi mailako lehiaketetatik erretiratu zen.
Simone Biles denek ezagutzen dugu Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetatik. Aurtengo udan ere zeresan handia eman du, AEBtako Gimnasia Txapelketa Nazionalean, zoruko frogan egindako saltoagatik (hirukoitz-bikoitza) eta barran, ariketari amaiera emateko egin zuen irteerarengatik. Bilesek 2020ko Tokioko Jokoetarako prestaketa bideari gogor eta kementsu ekin dio.