Kaixo kaixooo!!! Zelan zabiltzate? Ni lan eta lan nabil [ez duzue imajinatzen zenbat pisatzen duten Decathloneko dendek edo zenbat bodyboard taula saltzen diren!!]. Kasik ez dut udaz disfrutatzeko astirik izaten ari; baina tira, libre ditudan tarteak jaiez [oraingoz Barañaingokoak eta Sanferminak], igerileku momentuez, taldekoekin saskibaloi partidatxoak egiteaz, zinemara joateaz, irakurtzeaz, lagunekin egoteaz.. saiatzen naiz.
Ez dut uste jakingo duzuenik, baina Barañainen emakumezko sokatira/herri kirol talde bat [ez genuen oso definituta kar, kar, kar] aurrera ateratzen saiatu ginen. Sortu, sortu genuen eta bizpahiru aldiz entrenatzen egon ginen [eskerrak eman nahiko nieke hemendik Txantreako sokatira taldeari egin ziguten harrerarengatik eta gurekin izan zuten pazientziarengatik kar, kar, kar]. Total, azkenean ez zela aurrera atera eta ni saskira bueltatu nintzen.
Kontua da harrezkero gehiago ohartzen naizela herri kirolen inguruko albiste eta ekimenekin, eta ea, ez dut ukatuko, nire klase-kide eta txikitako lagun izandako bat aizkolaria izanak asko laguntzen du albiste horiek gertuagotik jarraitzea.
Sanferminak aipatu ditut lehen. Festa zoragarri hauetan [ez bazarete egon, zeren esperoan zaudete?] beti egon da Herri Kirolendako tartea, baina azken urte hauetan emakumeen parte hartzea handiagoa izan dela erranen nuke [agian erratuta nago baina nik sentsazio hori daukat]. Eta Sanferminetan bezala herrietako festa askotan ere, gutxika-gutxika urteetan zehar gizonezkoei esleitutako kirolen bidez emakumeek herriko plazak bere egiten ari dira.
Wikipediaren arabera [by the way, Euskarazko Wikipedia kideak, Aiora ( @probatxoa ) tartean, #Wikimania2018-n egon dira. Aiorak egunero bideotxo bat egin du laburpen gisara. Oso interesgarria!], Herri kirolak “abeltzaintza, nekazaritza, arrantza eta artisautza jardueretan oinarriturik Euskal Herrian industrializazioaren aurretiko garaietatik jokatu izan diren kirolak dira. Herri kirolen jatorria, izan ere, garai bateko lan jarduerak aisialdira bideratzea izan da”.
Aizkora frogak, sega jokoa, harri jasotzea, sokatira, lokotx biltzea, trontza, txingak eramatea, arrauna.. eta beste asko sartzen dira herri kirolen zakuaren barruan. Egia erran, askok animaliak tartean dituzten jokoak ere zaku berean sartuko dituzten, baina niretzat animaliak pertsonok entretenimendurako erabiltzearen aurka nagoenez horiek ez dira nik herri kirol moduan ulertzen ditudan froga ezberdinen artean sartzen.
Arraunaz luze eta zabal idazteko aukera izango dudanez, aurreragorako utziko dut [ez inpazientatu, estropadak bertan direla eta neskak tope dabiltzala: San Juan beti bezain fin eta adi ze Orio atope dator aurten!]. Hori dela eta Herri kirolen artean lau esanguratsuenak [edo niri esanguratsuenak egiten zaizkidanak] azalduko ditut jarraian:
Aizkora frogak
Aizkolariekik enbor bat edo gehiago (enborra zutik edo etzanda egon daiteke) aizkoraz ahalik eta denbora gutxienean moztea dute helburu. Banaka, binaka edo taldeka lehiatu daiteke.
Aizkolarien artean Irune Izkue Otxandorena, urrezko aizkorako lehengo emakume txapelduna [Aupa Irune! Kar, kar, kar] Maika Ariztegi, Irati Astondoa, Nerea Sorondo, Alazne Etxaburua, Itziar Goenaga eta Kristina eta Maribi Saralegi daude besteak beste.
Sokatira
Froga honetan hainbat partaidez osatutako bi taldek soka baten alde bakoitzean jarrita, talde bakoitzak bere aldera egin behar du; helburua marka jakin batetik beste taldea pasaraztea baita. Taldeak 4 edo ñkoak izan ohi dira [batzuetan 6x6koak ere egin izan dira] eta pisuaren arabera antolatzen dira frogak. Goma gaineko edo lur gaineko txapelketak egiten dira Euskal Herrian. Ez dakit jakingo duzuen edo ez, baina Munduko Sokatira Txapelketa egon badago.
Sokatira taldeen artean Txantrea, Berriozar, Gaztedi [Txinan, Goma Gaineko Munduko Txapelketan, garaipena lortu zuten 540 kiloko kategorian], Badaoitz eta Beti Gazte besteak beste.
Harri Jasotzea
Froga honen funtsa harri bat lurretik jaso eta sorbaldaraino jasotzean datza. Harri jasotzaile ezagunena Idoia Etxeberria da.
Txinga eramatea
Leku batetik bestera eskuetan, lurra ukitu gabe, txinga bana eramatean datza froga hau. Ez dago denbora mugarik eta distantziarik luzeenean txingak eramaten dituena suertatzen da garaile. Txinga bakoitzak 25kg-ko pisua dute.
Xanta Sousa da froga honetan kirolaririk ezagunena [Anek erranen dit erratuta nagoen edo ez, baina uste dut Konkisen parte hartu zuela!]
Erran dudan bezala, froga asko daude eta geroz eta gehiago dira hauetako bakoitzean parte hartzen duten emakumeak. Beraz, animatu eta jarraitu itzazue gertuagotik hauen inguruko albisteak, ekimenak eta gogoak badituzue frogatu ezazue ze sokatira adibidez oso gogorra bada, baina engantxatzen duela daitort!
Eta zuek, herri kiroletan dabilen emakumezkorik ezagutzen duzue? Zuek parte hartzen duzue edo gustatuko litzaizueke? Benga, zuen iruzkinak irakurtzeko desiatzen nago!! 🙂
PD1: aurrekoan txiokiñean Anaitzek (@anai_tze) berak egindako argazki erreportajea erakutsi zigun eta aisuek, oso argazki politak dira, beraz hemen utziko dizuet esteka!
PD2: Anaitzek egin duen bezala nirekin harremanetan jarri zaitezkete Twitter edota Instagram bidez edota iruzkinak utziz :))