Kategoriaren artxiboa: Sailkatu gabea

Gastroheroia on tour: Bordele 1

Oraingoan ez dut jatetxe edo tabernarik “salbatuko”, ez naiz Tripadvisor edo enparauen zirrikituetan sartuko herri edo hiriko puntuazio txarrena duen leku horren bila. Gaurkoan gozamenari, dastamenari, usaimenari askatasun osoa eman eta gozatzeko proposamenekin natorkizue, nire eguneroko abenturak eta desbenturak albo batera utzi eta bidaiatu egingo dugu, zuek eta nik, kapa soinean jarri eta goazen elkarrekin Bordeleko kaleetan galdu eta bertako gastronomiarekin gozatzeko leku berezi, kurioso, on eta ederren bila. Gastroheroia on tour, Gastroheroia Bordelen, Gastroheroiaren lehen abentura nazioartean. Bizpahiru kapituluetan kontatuko dizuet bertan bizi, dastatu eta gozatutakoa. Has dadila bidaia, bidaiariak trenera!

Gastronomia, sukaldaritza edota ardoak ia-ia zuzenean lotzen ditugu Frantziarekin. Aitortu behar dizuet frantziarrei ez niela aprezio handiegirik Lizarra Kanpinean izandako hainbat kontu medio, baina opor egun batzuk hartu nahi eta helmuga aukeratzen jarrita Frantzia etorri zitzaidan burura, bere produktuak eta sukaldaritza gertutik ezagutzeko interesa banuen eta, gastronomiaren munduan gauzatxo gehiago ezagutzen joateko. Bordele edo Paris ziren bi aukerak, baina, ni bezala gastronomiaren oso zaletu ta Frantzia oso ondo ezagutzen duen Haitzen gomendioari jarraiki iritsi naiz Bordelera.

Nire bidaiaren kontakizunarekin hasi aurretik, hainbat gomendio frantziarren jateko ohituren inguruan: kontuz ibili ordutegiekin, 12ak eta 14ak bitarte bazkaltzen dute normalean, eguneko menu antzeko formula erabiliz plater bakarra edo sarrerako bat eta plater nagusia edo plater nagusia eta azkenburukoa, bakoitzak bere prezioa du; iluntzean, komeni 19-20 bitartean lekua hartzea joatea, gero jatetxeak eta bete egiten baitira; ez beldurtu prezioekin, hau da, etorri mentalizatua ez dela merkea, beno, jatea merkexeagoa da, 15-20€ bitartean ondo bazkaldu dezakezu, baina, edateak asko igotzen du prezioa, garestia da alkohola Frantzian, bai ardo kopak zein garagardo pintak, hori bai, ura non nahi eta dohainik edan dezakezu, normalean iturrikoa izaten da. Oharrak botata has dadila gure gastronomiaren lehen bidaia. Aipatu, bisitatutako leku bakoitzaren informazioa ikusteko estekak jarriko dizkizuedala, kuskuxeatu eta interesa izenez gero bisitatu ditzazuen.

Trenean dida iristen zara, Hendaian hartuta bi ordu eta erdi inguruko bidai baten ostean iristen zara Bordelera. Iritsi, garraio publikoan ibiltzeko txartela atera eta lehenengo jomuga hotela, bertan gauzak uzteko. Erdialdean dago kokatua, hiriko epizentro bihurtzen den Sainte-Catherine kalearen alboan. Gauzak utzi eta lehen helburu nagusia, eguerdiko 12:30k inguru direla kontuan hartuta, bazkaltzeko leku bat topatzea. Baditut lagunak emandako hainbat erreferentzia, baina lehen eguna izaki eta pentsatzeko eta antolatzeko denbora askorik ez dudanez, hor ibili naiz Saint Pierre auzoan barrena leku on baten bila.

Ez dakit zenbat jatetxe, taberna eta bistrot pasa ditudan, batzuk bai, horietariko asko erakargarriak, itxuran behintzat, eskaintzari buruz ezer gutxi esaterik, nire frantsesaren ezagupena ez baitoa “non parle française” esatetik. Baina, tira, “Porte Dijoux” (erromatar garaian mendebaldeko sarrera zena) ondoan dagoen Marcel Bistrotean hartu dut ostatu, batez ere, erakarri nauen “Magret de Canard” irakurri baitut eguneko eskaintzan. Barruan eseri, bakarrik nagoenetan ez naiz oso terraza zalea izaten, eta magreta eskatu dut, norbaiti dudarik geratu bazaio argi uzteko. Magret bikaina, gutxi egina, zaporetsua, bertakoa (zerbitzariak inguruko baserri batekin lan egiten dutela esan dit), eta saltsa gozo bat neurrian gainetik botata, albo batean patata frijitu sorta eder bat eta letxuga apur bat bere ondoan. Jaki goxoa laguntzeko, nola ez, Bordeleko ardo beltz kopatxo bat, aklimatazio prozesua azkartzeko. Euskaldun on baten gisa, azkenburukoa ere eskatu dut, asko gustatu zaidan etxean eginiko tiramisu bat, oso frantziarra ez, baina, ederra. Zoriz aukeratua izateko ez da leku txarra Marcel Bistrot, badirudi Gastroheroiaren superbotereak handitzen doazela, kar kar kar.

Marcel Bistrot: https://www.tripadvisor.fr/Restaurant_Review-g187079-d7339907-Reviews-Marcel-Bordeaux_Gironde_Nouvelle_Aquitaine.html

Berri onen bila Berri Txarraken “etxera”

“Jatetxea topatu, ta ikusi gauza onik baduen, hor nonbait ezkutuan, pizarrak begiratu, ea nonbaiten ahaztua duen pintxo goxo eder bat. Sabela bete arte, pintxoak jan eta jan, ez dago plan hoberik, uoooooo” (Berri Txarraken “Katedral Bat” kantaren doinuarekin kantatu).

Bai, akaso hau sakrilejioa izan daiteke, kontziente naiz horrekin, akaso Gaztezulotik kaleratzeko arrazoia ere izan liteke, zeinek daki (hemendik barkamena eskatzen diet taldekide guztiei eta bereziki gure lagun eta lankide den Galder Izagirreri), baina, tira, oraindik ere Gastroheroiaren abenturen abestiaren bila jarraitzen dut eta Lekunberrira nindoala baliatuta, Berri Txarraken “Katedral Bat” kanta jarri dut kotxean eta bakarrik atera zait Gastroheroiarentzako abestia. 

Aitortu behar dizuet nire asmoa ez zela Lekunberrira joatea abentura berri eta taberna-jatetxe baten bila. Aurtengoan, Gastroheroiz jantzita ez, baina, lehen aldiz ezagutu ditut Leitzako inauteriak eta aitortu behar asko gustatu zitzaizkidala, bai giro ederra izan eta ederki pasa genuelako, baina, baita gastronomikoki gozatu genuelako, a ze bazkari puska egin genuen Musunzar ostatuan. Iruñeara bidean bertan atseden hartzea pentsatua nuen, taberna-jatetxe “txarrena” bisitatu eta nire botereen bitartez zerbait ona bilatze aldera. Baina, Leitzako gastronomiak bezeroen onespena badu, iritzi onak besterik ez dituzte jasotzen sarean, eta nik ere hala konprobatua dut (ez galdu aukera ingurutik bazabiltzate Iruso, Arakindegia edota Musunzarren lasai bazkaldu edo afaltzekoa), baina, banuen esperantza tabernatxoren bat topatzea nire “salbazioa” behar zuena.

Horregatik, bidean aurrera egin, eta Lekunberrira joan nintzen. Zeinek daki, akaso hemendik urte askora peregrinazio eta musikaren zaletu askoren elkargune bihurtuko da Lekunberri, Berri Txarraken zaletu sutsu askoren bisita jaso dezake herriak entsegu gela, lehen kontzertua emandako aretoa, elkartzen ziren taberna, zeinek daki, jendea Memphisera Elvis “bisitatzera” doan bezala, akaso jendea Gorka, Galder, David eta taldetik pasa direnen gainontzeko abentura eta desbenturak ezagutzera.

Horietako askok akaso Albi Tabernan hartuko dute otordua. Taberna xelebrea, beno, taberna baino, zerbitzaria. Itxura kuriosoa du, ezin esan gaztea denik, eta taberna eramateko era xelebrea du. Justu-justu egiten dizu kasu, hori bai, egunero joaten den horietakoa bazara elkarrizketa lasaia izan dezakezu. Sartu eta parez pare Bartzelonaren ezkutua, futbol zale amorratua eta kontatutakoaren arabera Bartzelonak galtzean ia hobeto tabernatik ez pasatzea.

Parez pare pintxoen arbela, frijituak ziren nagusi bertan.  Barran, bitrinaren azpian patata tortilak ere bazeuden, nahiko potoloak, nahiko ikusgarriak bistaz behintzat, baina, ez naiz ausartu tortilaren aldeko hautua egitera. Pintxoen zerrenda lasai aztertzen jarri eta lehenengoa, “frito de jamón y queso”, momentu batez Etxarri-Aranatzera egin nuen bidaia, bertako Borda jatetxean haurra nintzela jaten nituen york-gazta frijitu ederrak etorri zaizkit burura, horiek bai kutixiak. Deja vu momentu horren ostean, ezin beste pintxorik aukeratu eta edateko zuritoa.

Niri zuritoa edalontzi luze batean zerbitzatu dit, pintxoaren zain nengoen bitartean, baina, orduan “maitemindu” naiz. Bajila biltzen ari zela betiko txikiteoko edalontziak ikusi ditut, aspaldian ikusi gabekoak, badakizue, leheno tabernetan ardo txikitoa edo zuritoa hartzeko baliatzen ziren horiek, pena niri ez didala zuritoa bertan jarri, Gastroheroiz jantzita joatearen ondorioa izango da akaso. Baina, ilusioa egin dit oraindik ere tabernak topatzea gure poteoaren ikur izan diren edalontziak erabiltzen jarraitzen dutenak.

Horregatik bada ere, gure tradizioaren oroimena izateko, merezi du Albi tabernara gerturatzeak, behin bada ere, eta zerbitzari xelebreari aurpegia jartzeko. Pintxoei dagokionez, misterio handirik gabekoak, ez da alderdi horregatik ezaguna egingo taberna, nahiz eta kontatu didaten ogitartekoak ez direla gaizki egiten. Herriko plazan kokatua, atseden hartzeko leku aproposa izan liteke Albi Lekunberrira gerturatuz gero.

Nire abenturen bila jarraituko dut, Euskal Herria zeharkatzen jarraituko dut, egun hauetan Korrikak egin bezala, saiatuko naiz noan lekura noala berri onak ekartzen, oraingoan Berri Txarraken “etxetik” egin bezala. Nire ereserkiaren bila jarraituko dut, akaso Galder Izagirreri galdetuko diot ea taldeak bat egingo ote lidakeen………on egin!

Bi baten prezioan

Ez, ez, lasai, nire abenturek ez dute babeslerik lortu, ez ditut nire abenturak babesle baten esku jarri, ez dut nire burua saldu, nahiz eta askok ziur aski titularra irakurrita hori pentsatu duzuen. Nire abenturak ez dira hasiko telesail edo telebistako saioetan geroz eta gehiagotan ikusten dugun esaldiarekin: “Eroskik (edo dena delakoak, hau aukeratu dut Aguraingo sarreran Eroski handi bat topatu dudalako) abentura hau babesten du”.

Gaurkoan, taberna baten prezioan, bi dakarzkizuet. Hortxe titularraren zergatia edo arrazoia. Ez horregatik bakarrik, gaurkoan maitasuna eta gorrotoa ditut barruan bueltaka, bi sentimenduak baten truke. Maitasuna edo miresgarritasuna, gure herrietako jatetxeek nahiko iritzi ona jasotzen dutelako sarean, kosta egiten zait oso puntuazio txarreko taberna edo jatetxeak topatzea, ez pentsa, ez da lan erraza izaten, batez ere, hiriburuetatik kanpo, beste herri batzuk bisitatu nahi ditudanean. Hortik dator gorrotoa, nire lana zailtzea gustatzen zaiola edo zaizuela sarean iritziak ematen aritzen diren edo zaretenoi, baina, lasai, nik berdin-berdin maiteko zaituztet eta hilabetero-hilabetero ordenagailuaren beste aldean nire abenturak irakurtzen zaudeten horiek guztiak. Hainbeste xalotasun eta hitz polit, akaso izango da atzean uztera goazelako San Balentin edo maitasunaren eguntzat jotzen den otsailak 14 hori.

Itzul nadin nirera, nire abenturen kontakizunera. Kotxea hartu, Gastroheroi jantzia maletategian sartu (kolorezko dinosaurioak dituzten galtzak estreinatzeko prest) eta hortxe joan naiz Araba aldera. Ihauteriak ate joka ditugun honetan, banuen Lantzeko Mielotxini, Zubieta eta Iturengo joaldunei, Lesakako Zakuzaharrei, Uztaritzeko Kotilungorriei edo Mundakako Atorrei bisita egitea eta Euskal Superheroien Elkartearen proiektua aurkeztu eta bertan parte hartzeko gonbita egitea, baina, hori beste baterako utziko dut.

Gastroheroi jantzia osatuz, galtza eta mantal berria

Agurain izan dut nire bidaiaren helmuga. Otsaila izateko egun eguzkitsu batek lagundu nau. Alde zahar alboan dagoen pasealekuan kotxea utzi eta hortxe joan naiz, Arabako herri honen gastronomia eskaintza ezagutu, eta, bide batez, herria bera ezagutzera. Gustatu zait, badu bere xarma, badu zerbait berezi egiten duena Agurain. Hortxe joan naiz Kale Nagusira, bertan bainituen nire bi geraldiak.

Aguraingo alde zaharraren kanpoaldea

Bi baten prezioan, baino, hiru baten prezioan. Hori izan da El Gordo tabernara sartu eta barrara begiratzean zur eta lur utzi nauten bi pintxok merezi duten deskribapena. Kroketak, ganbak gabardina, haragi bola edota kalamar pintxoak, bakoitza bere kabuz barra edota tabernetako arbeletan ikusi edota irakurtzea ohikoa ziaten da. Baina, taberna honetan ez, badirudi bakardadea ez dutela gustoko, eta pintxoak bakarka jarri baino, nahiago izaten dute elkarrekin, hirunaka jartzea. Alde batetik, kroketa, kalamar eta ganba, eta, bestetik, haragi bola, kalamarra eta ganba. Hiru baten prezioan.

Nik kroketaren aldeko hautua egin dut, imajinatuko zenuten behin horrelako pintxoak aurkituta ezin dastatzeko aukera pasatzen utzi, ezta argazkia ateratzekoa ere. Ganba eta kalamarrak, hainbestean, baina kroketa gustatu zait, zaporez ona eta baita ehunduraz ere, pega txiki bat jartzearren akaso aldarbatuta nahiko lodia da, nik finagoak nahiago. Baina, etxean eginiko kroketa eta frijituak, merezi du Agurainera gerturatu eta El Gordoko pintxo berezi hauekin gozatzea, gainera 2€ inguru pintxoa, Donostian ohituta gaudenerako nahiko merke. Leku kuriosoa, baina, gustatu zaidana, ikusten duzuen bezala ez dut asko behar konforme geratzeko, kar kar kar.

Kroketa, kalamarra eta ganba, hirurak batera

Agurainen nagoela baliatuta, Kale Nagusian bertan dagoen Jai Alai kafetegia bisitatzea erabaki dut, batez ere, puntuazioz, El Gordoren antzera dabil eta, nahiz eta honen inguruan 3 iritzi soilik topatu ditudan Tripadvisorren. Horietako batek bertako tortilak azpimarratzen ditu. Hortxe joan naiz, Kale Nagusia ia punta batetik bestera zeharkatu, eguzkipean nire Gastroheroi jantziarekin beroa pasatuz (udako outfita pentsatzen joan beharko dut, beroa egiten duenean manga luzeko txaketila eta galtzekin sufritzea tokatuko zait) eta hor sartu naiz Jai Alai kafetegian. Zuritoa limoiarekin eskatu, baso kurioso batean jarri didate, elegante. Barran begiratu eta patata tortila pintxoak topatu ditut, ez didate batere erakarri, zertarako gezurretan ibili, baina haien alboan arrautz nahaski otartekotxoak deitu nau atentzioa eta horren aldeko hautua zegoen. Tabernako mahai altu batean lekua hartu eta hor jarri naiz hamaiketakoa hartzen, pasotik ateratzeko ez da leku txarra Jai Alai.

Hortxe bukatu dut nire Aguraingo bisita. Bi taberna baten prezioan, lau pintxo biren prezioan, bi sentimendu baten prezioan. Nabaritzen da merkealdietan gaudela.

Etxera  buelta eta nire entseguekin jarraitzera. Ostegunean Gastroheroia izango da Donostiako Ihauterietako protagonistetako bat, konpartsen aurkezpen ekitaldia aurkeztuko dut eta koreografia landu behar oraindik, izango duzue horren berri, kontatuko dizkizuet bertako komeriak. Hurrengo abentura arte. On egin!

Boulevardeko erlojua

“Boulevardeko erlojuak, taupada kolpe tristez darrai, baina bizitzaren orratzek ez dute atzera egin nahi. Bakarrik nago ixil deslai, galdu gintuen trenaren zai oroitzapenen erruz orain ez naiz amets egiteko gai”. Abesti horrekin itzuli naiz nire abenturak hasi ziren lekura, bueno, hasi ziren leku berera ez, gertu, metro gutxi batzuetara. Lehen artikulua Donostiako Konstituzio enparantzatik idatzi nizuen eta gaurkoa Bulebarretik idazten ari natzaizue. Donostiako bi ikono, bi ikur, zoritxarrez, sarean topatutakoaren arabera, Donostiako bi taberna-jatetxe txarrenak leku hartzen duten bi kokaleku. Aitortu behar dizuet nolabaiteko pena hartu nuela jakitean Garagar dela Donostiako bigarren taberna-jatetxe txarrena, gustukoa izaten baitut noizean behin bertatik pasatzea, bere barruko mahai eta eserleku erosoetan eseri eta garagardo on-on bat hartzea.

Hortxe jaitsi naiz Intxaurrondotik lasai-lasai paseoan. Entzungailuak belarrian jarri, Spotifyri play eman eta hortxe joan naiz, oinez, kaparik eta hegan egiteko gaitasunik ezean bi oinak erabili beharko. Gustukoa izaten dut noizean behin bide hau egitea, Bulebarrera iritsi eta bertako txoko eta kutixi gastronomikoekin gozatzea, ibilaldiaren osteko nekeari aurre egin eta pilak kargatzeko mokadutxoak hartzea.

Gustukoa izaten dut Bretxako merkatuan sartu eta Yolandan hesteki onak edota Uranzun bakailao ona izatea; edota merkatuan dagoen Azkena tabernan lekua hartu eta bertako urdaiazpiko tosta eta kafesne bat hartzea; Bretxa merkatuaren alboan dagoen Gorriti tabernan tortila frantsesa eta urdaiazpiko xerra dituen otarteko txikiarekin gozatzea; udako egun beroetan Boulevard izozki dendako yogurt eta intxaur izozkia jatea, krema katalanarena gustatzen zitzaidan lehen, baina, jada ez dute; eta bazkaldu edo afaltzeko denbora tarte txikia dudanean Vabenen sartu eta 13 hanburgesa jatea. Momentu gastronomiko horietaz guztietaz gain gustatzen zait noizean behin Garagarren sartu eta liburu baten konpainian garagardo fresko eta on batekin eztarria freskatzea.

Hori izan dut gaurko nire ibilbidearen helmuga, Garagar. Urtzen kantak aipatzen duen Bulebarreko erlojuaren parean kokatua dago garagardotegia. Hortxe sartu naiz, nire lasaitasun eta liburuaren konpainian, baina Garagarren sartu eta hitzik gabe utzi nau gabonetako bertako dekorazioak. Teilatua puzgarriz lepo, gorri kolorekoak, zilar koloreko zintadunak batzuk eta horien artean Papa Noel, kanpaiak, tximini alboan kokatzeko galtzerdi, bolatxoak eta beste hainbat apaingarri. Ez dakit hitzik gabe onerako edo txarrerako, baina kuriosoa iruditu zait, imajinatzen nuen gabonetako apaingarriak jarriak izango zituztela, baina hainbesterako izango zenik ez nuen espero.

Barrara gerturatu eta ohiko gisan Leffe garagardo belgiar pinta bat eskatu dut, lasai eta patxadan edateko. Leffe garagardoa Intxaurrondoko Garagardo Azokan ezagutu nuen, zapore indartsukoa, fermentazio altukoa, apar zuri eta luzea duena, eta bere sorkuntzan malta bereziak erabili dituena. Zaporean nahasten dira gozotasuna eta lupuloek berezkoa duten mikaztasuna, fruitu gorriak, espezieak eta alkohola ere nabaritzen diren tragoa hartzean. Garagarren zutela jakitean, bertara sartu eta hori besterik ez dut eskatzen. Garagardo zaleak bazarete eta ez baduzue Leffe garagardoa ezagutzen, Garagarrera joan eta hori dastatzeko gonbita luzatzen dizuet. Garagardo on bat hartzeko leku ezin hobea iruditu zait beti Garagar, jendearen kexa nagusiena garestiegia dela dio, bai, izan liteke, baina bertan dituzten garagardoak beste lekuren batean ere dastatu eta prezioan ez dut diferentzia handiegirik topatu.

Olentzero eta Mari Domingiri idatzi nien ea gaurkoan tartea izango ote luketen nerekin garagardo bat hartu eta Euskal Superheroien Elkarteko proiektua aurkeztu eta ea bat egiten duten. Baina, nahiko lanpetuak dabiltzala eta gabon osterako utzi dugu zita. Garagardoa eta Harkaitz Canoren azken nobela, “Fakirraren ahotsa”, izango ditut lagun nire Donostiako bigarren abentura honetan. Datozen jai eta ospakizun egun hauetan gozatu gastronomiarekin. On egin!

Bilbao’s american style

Has nezakeen nire abentura berria cowboy gisan jantzita eta Coyote Daxen “No rompas mi corazón” abestiaren koreografia dantzatzen. Dibertigarria izango litzateke ezta? Baina ez, amerikanismoak bazkalordurako utziko ditugu. Kutsu amerikarreko doinuak baino nahiago euskal doinuak, nahiago euskal abeslarien ahotsak.

Bilbora sartzeko Josu Bergararen konpainia hautatu dut, bere “Kanta Txikien Indarrak” zuzeneko diskoan badu Bilbo izeneko abestia eta kotxeko bozgorailuetatik hori irteten dela hartu dut Zabalburuko irteera. Bilbotartzeko asmoarekin jarri dut kanta eta hor noa Josuri bigarren ahotsak eginez kantari: “faltan botatsut faltan Bilbo, Aresti, Mallona, Esperantza, Unamuno, zenbat oroitzapen, zenbat istorio, faltan botatsut, faltan… Bilbo”.

Aspaldi Bilbora etorri gabe eta aspaldi zuei kaixo esan gabe. Irailean huts egin dut eta barkamena irakurle fidel. Gastroheroik jatetxe “txarrenak” bisitatzeaz gain gastronomia eta elkartasuna uztartzen ere laguntzen du Zaporeak Proiektuaren kide gisa eta abuztua eta iraila Greziako errefuxiatuak elikatuz lanean diharduen proiektuaren aldeko Koxk! (Egin koxk elkartasunari!) gastronomia eta elkartasun festaren antolakuntzan murgilduta ibili eta denbora gutxi Euskal Herrian zehar ibiltzeko jatetxez jatetxe eta Euskal Superheroien Elkartea handitzeko. Baina udazkena iritsi den gisan, eta baita telebista eta irratietako denboraldi berriak, edota ikasturtea, edota kirol denboraldiak, horiek denen gainetik: Gastroheroi bueltan da, indarberrituta eta gogotsu.

Lehen helmuga, Bilbo. Bizkaiko hiriburua. Interneten sartu naiz, baina ez bisitatu beharreko lekuen bila, jendearen iritzi eta puntuazioen arabera Bilboko jatetxe txarrena zein den ezagutzea izan dut xede. Kuriosoa iruditu zait, nire abenturei ekin nienean, Donostiako tabernarik txarrena zein zen azkar deskubritu ahal izan nuen, Ambrosiok puntuazio txarrak besterik ez zituen eta, baina hortik aurrera bisitatutakoek beti izan dituzte iritzi oso on eta oso txarrak. Ez dakit, akaso izango da gastronomiaren munduko hiriburuko lekuei lupaz begiratzen diegula.

Azkuna Zentrotik gertu, metro gutxira, bertan dago Ribs jatetxea. Amerikar kutsuko lekua, sarean begira jatetxe-kate bateko ordezkaritza dela topatu dut. Bertan jarri dut zita Marijaiarekin. Uztailetik nenbilen berarekin geratu nahian, baina Aste Nagusia dela eta nire lana dela, ezin gaur arte elkartu. Besoak jaitsita iritsi denez ez dut lehen bistazoan ezagutu, arraroa egin zait egia esan, besoak gora dituela ikustera ohitua ezustean harrapatu nau.

Typical American Saloon gisa deskribatu dezakegu Ribs, badu zerbait hortik, kartel amerikarrak eta ingelesa non nahi. Zerbitzariak mahai batean kokatu eta eguneko menua eta karta jarri dizkigu mahai gainean. Guk kartako platerren aldeko hautua egin dugu, bertako argazkiek erakarri egin baitigute. Nik entrekota eta zerbeza eskatu ditut, aipatzekoa haragia nola egina nahi dudan galdetu didala zerbitzariak, Marijaiak aldiz bertako berezitasun omen diren txerri saiheskiak aukeratu ditu.

Lasai hitz egiteko tartea izan dugu, nire proposamena lasai entzun eta duda izpirik gabe onartu du Marijaiak Euskal Superheroien Elkarteko kide izatea. Hori dena platerrak atera bitartean. Entrekot eder bat, patata eta piperrez lagunduta, itxura ederra bai, haragiak, baina horren gainetik erabat maitemindu naiz garagardoaren edalontziarekin, poto baten gisakoa, mojitoak hartzea ohituta nago horrelakoetan, kuriosoa eta polita, horregatik bada ere, zerbeza on bat hartzeko merezi du Ribsera gerturatzeak.

Haragia ere ez zegoen txarra, baina edozein gozozaleren erreinua ere bada Ribs. Uste nuen Estatu Batuetako filmeetan agertzen ziren azkenburukoak pelikuletan bizi zirela soilik, hainbeste esnegain eta izozki eta azukredun azkenburukoak ere Bilbon badaude, typical american dessert, txikitik gutxi, handitik asko eta platera beteta, horiekin gozatzeko komeni zerbait arina jatea aurretik. Noizbait amestu baduzu pelikuletan ikusitako azkenburuko erraldoi horietako bat jatearekin, Ribs bisitatu besterik ez duzu.

“Marijaia bera, gure Marijaia, Bilbora etorri da Aste Nagusira, hara hara hara, hara nor datorren, hara hara hara, gure marijaia, ene ene ene, oi ai ene bada, aste hau pasata berriro joango da”. Ozen kantatuz eta saltoka atera gara Ribs jatetxetik sartutako kaloriak jaisteko asmoarekin, ez dugu horretarako doinu amerikar egokirik topatu. Ssssssh, ez esan inorri, baina garagardoaren potoa poltsan sartuta irten gara etxean garagardoak goxo goxo edateko, maitemindu egin gara eta ezin mahaian bakarrik utzi. Marijaia agurtu, kotxea hartu eta Donostiara buelta, ez da hain esperientzia txarra izan. Goazen hurrengo abenturaren bila! On egin!

Zapi gorria aurrera

Uda giroan erabat murgilduta gaude, eguzkiak gogotsu hasi du abuztua, beroa non nahi, itzaletan ere fresko egoteko komeriak. Gastroheroiren jantzia maletan txukun-txukun gordeta etorri naiz Lizarrara, Lizarra Kanpinean hartu dut ostatu, urte askoan egin bezala, lasaitasuna, natura, giro ederra, osagai guztiak prest udari zukua atera eta uda eder bat pasatzeko. Bide batez, noizbait Lizarra Kanpinetik pasaz gero ez utzi bertako urdaiazpiko kroketak dastatzeko aukera, mundialak dira eta hori ez dut nik bakarrik esaten. Opor giroan bai, baina nire abenturek etenik ez eta tartea atera behar Gastroheroiren txaketila jantzi eta beroari aurre egiteko, uda eta bero egunetarako jantzi berri batean pentsatzen hasi beharko dut, manga motzeko txaketilaren bat edota poliesterrarekin egindakoren bat, ea zerbait bururatzen zaidan, proposamenik baduzue idatzi lasai.

Arratsalde berotsua, eguzkitako betaurrekoak jantzi, aurikularrak belarrian jarri eta Izaroren “Eason” diskari play eman ostean ekin diot kanpinetik Lizarrarako bideari. Oinez joan naiz, Gastroheroiren jantzia poltsan dudala, kilometro eta erdi inguruko paseotxoa. Herrira iritsi eta dendetako erakusleihoetan txuria eta gorria nabarmentzen dira, nabari da Lizarrako jaiak ate joka ditugula, festa giroa, festa usaia kalean zehar, ostiralean, abuztuak 3an lehertuko da festa eta hortxe ibiliko gara “Zapi gorria aurrera, zapi gorria atzera, zapi gorri honekin jolasten gera”.

Aurtengoan bada Lizarrako jaiak triste xamar pasako dituen bat. Lizarrako San Miguel elizan dagoen San Jorgek gazteago sentitzeko bere makilaia aldatu eta itxura berri batekin agertu da aurtengo udan. Hautsak harrotu ditu itxuraldaketak eta denetarik entzun behar izan du gaixoak. Nik bere animoak altxatzeko asmoarekin Euskal Superheroien Elkarteko kide izatea proposatuko diot, itxura gaztetu horrekin ziur festaz festa eta herriz herri ibiliko garen honetan topatuko duela bere bihotzeko azukre koxkorra, gainera beste batzuk ez bezala, ni kasu, berak badu garraio azkar eta fidagarria bidaiatzeko, zaldi gainean pasatze baititu gau eta egunak.

Zeledonekin egin bezala, sarean topatutakoaren arabera Lizarrako tabernarik “txarrenean” jarri dugu zita. Garaiz iritsi naiz, ez dakit berotik ihes egin nahia izan den edo, baina azkar batean egin dut kanpinetik herrirainoko bidea eta hitzordua baino lehenago iritsi naiz El Che tabernara. Aitortu behar dizuet, Lizarrara urte askoan etorri arren, lehen aldia dela El Che taberna zapaltzen dudala. Harrituta geratu naiz eta nire galderari ere galdetu diot zergatik ez ote dudan Lizarrako txoko hau orain arte zapaldu. Ibai ertzean kokatua, terraza zuhaitzek estaltzen dute, itzalpean dago dena. Terrazetan egon ohi diren plastikozko aulki eta mahaiez gain, terrazako txoko batean sofa antzeko banku luzeak ere badaude, eroso erosoak. Izugarri gustatu zait terraza, txoko ederra, toki lasaia, aurkikuntza bikaina. Horregatik bakarrik, terrazagatik, merezi du bertaratzeak.

Arratsaldeko 17:45etan nago geratua San Jorgerekin. 17:30tarako El Chen nintzen. Sarean askok kritikatzen zuten zerbitzarien jarrera eta harrera txarra, baina niri irribarretsu eta adeitsu hartu nau, gainera ikusi dut badutela konfiantza bezeroekin, badaudela arratsaldeak eta arratsaldeak bertan pasatzen dituzten betiko bezeroak, eta horiek mimoarekin tratatzen dituzte, etxekoak izango balira gisan. Aurreko abenturetako bidea jarraituz oraingoan ere garagardoaren aldeko hautua egin dut, ezustean harrapatu nau bertako garagardo sortak, Lizarran orain arte topatu dudan onena. Weihenstephaner bat hartu eta terrazan eseri naiz San Jorge noiz iritsi zain.

Hor azaldu da zaldiaren gainean trostan, bisai tristea du, entzun behar izan dituenak eragina izan dute bere umorean eta jada ez ditu bisitak hain gozo eta lasai hartzen. Zaldia zuhaitzera lotu eta hor etorri zait mahaiean ondoan eseritzera. Hitz eta pitz ibili gara, bera animatzen saiatu naiz eta uste dut zerbait lortu dudala segituan onartu baitu Euskal Superheroien Elkarteko kide bihurtzea. Gertatutakoak ahaztu eta gozatu dezagun momentuarekin, hori esanda agurtu dut. Bagara hiru superheroi, Zeledon, San Jorge eta Gastroheroi, berrien bila jarraitu behar. Udako geldialdiaren ostean ea Marijaia eta Artillero batzea lortzen dudan. Orain, zapi gorria jantzi eta Lizarrako jaiak sutsuki bizitzeko unea da, hainbeste abenturen ostean parrandarako tartea hartuko dut. Gozatu udaz!

Euskal Superheroien Elkartea

  • Bai, esan?
  • Arratsalde on, Zeledon! Zer moduz? Gastroheroi naiz!
  • Honbre Gastroheroi! Banuen zu ezagutzeko gogoa! Zure abenturen zale sutsua bihurtu naiz eta banuen Euskal Herriko superheroi berria ezagutzeko gogoa. Zer moduz zabiltza?
  • Ba, ondo egia esan, oraindik ere egoera berri honetara egokitzen, baina gustora nabil. Zu ondo?
  • Bai, hemen nabil Andre Mari Zuriaren Plazan gora eta behera Gasteizko festetako hasiera ekitaldirako entrenamendu saioetan murgilduta, hilabete eskax besterik ez zait falta eta komeni forman jartzea jaitsieran ez erortzeko.
  • Noski, urte osoa lasai lasai pasa etxe berriaz gozatzen eta orain presaka forman jartzera ezta? Kar kar kar!
  • Bai, hori da, badakizu, “la buena vida”, urtean behin lan egitearen ondorioak. Kar kar kar!
  • Aizu, kontu bat, Gasteizera bidean nago, bertako jatetxerik txarrena bisitatu behar baitut nire abenturekin jarraitzeko, bidaia baliatuz libre egongo zinake nirekin pote bat hartu eta buruan dudan proiektu baten inguruan hitz egiteko?
  • Bai, noski, plazerra izango da zu ezagutzea. Non eta noiz elkartuko gara?
  • Ni bidean nago, ordu erdi inguru geratzen zait Gasteizera iristeko. Ondo deritzozu 12:30etan elkartzen bagara Boulevard merkatalguneko Gambrinus garagardotegian?
  • Niregatik arazorik ez!
  • Ongi da, oraintxe egongo gara orduan! Orain arte!
  • Orain arte!

12:30ak, Boulevard merkatalgunea, jendea dendaz denda ari da merkealdiak baliatuta etxeko armairuak berritzeko arropa bila, nik Zeledonekin dudan zitaren ondoren joango naiz dendak bisitatzera ea nire superheroi jantzirako osagarri berriren bat edota txaketila berri bat topatzen ditudan.

Denboraz justu ibili eta azkar batean joan naiz merkatalguneko hirugarren solairura, bertan daude taberna eta jatetxeak, argi ikusten da jendea zonalde horretara beranduago igotzen dela 12:30etarako taberna gehienak itxita baitaude, baina zorionez Gambrinus Garagardotegia zabalik dago, sarean topatutakoaren arabera Gasteizko jatetxerik “txarrena”, eta hortxe ikusi dut Zeledon barruko jantokiko ezkutuko mahai batean nire zain, bere jaietako blusa eta txapela soinean, baita aterkia albo batean duela ere.

Barrara gerturatu eta zerbitzariari Paulaner Weissbier garagardo bat eskatu diot, mimoarekin, gustoarekin jarri du, bere apar puntu onarekin, garagardo adituek dioten bezala bi behatzen zabalerarekin, topatu ditut garagardoa zerbitzari horrek baino zatarrago jarri didatenak ere. Garagardoa laguntzeko aukera askorik ez dago barran, lauzpabost bat pintxo, baina atentzioa deitu didate “molleteek”, urdaiazpikoarena edota hirugiharra eta gaztarena. Nik bigarrenarekiko hautua egin dut, zerbitzariari eskatu eta bero puntua eman dio plantxan. Nire garagardoa eta pintxoa hartu eta hor joan naiz Zeledonengana.

Txoko ederra aukeratu duela esan diot lehenik eta behin, txoko goxoa, jatetxeko txokorik urrunena, ezkutuan dagoena, aurrean kazolatxo horiak landarez josiak, aitortu beharra dut leku goxoa, ondo jarritakoa, iruditu zaidala Gambrinus, mimoz jarria eta detaileak ere zaindutakoak, lehen ikusiaren ondoren harritu nau hain puntuazio txarra jaso izana, baina beno, jendearen gustoak eta animoak egunaren arabera aldatu egiten dira.

Garagardoari lehen trago zabala eta pintxoari lehen horzkada eman eta hor hasi gara hitz eta pitz, gure berri eman eta gure eguneroko abenturak kontatzen. Urduri dabil Zeledon, egun gutxi batzuk besterik ez zaizkio geratzen Andra Mari Zuriaren Plazan agertu eta goitik beherakoa egiteko hiri guztiak ozen kantatzen duen bitartean: “Zeledon etxe berria egin duk! Zeledon balkoian leiho on! Zeledon, Zeledon, Zeledon, etxea berria egin duk! Zeledon, Zeledon, Zeledon, balkoian leiho on!”.

  • Zeledon, aurrekoan “Los Vengadores” filma ikusi nuen siestarako ordu batean eta siesta bota gabe geratu eta filma hasi eta bukatu ikusi nuen. Marveleko superheroiek bat egiten dute bertan mundua salbatzeko. Pelikula ikusi eta ideia bat piztu zitzaidan buruan, zergatik ez gara Euskal Herriko jaietako pertsonai eta superheroiak bildu eta Euskal Superheroien Elkartea sortzen?
  • Ez da batere ideia txarra Gastroheroi! Nik bat egiten dut zure proposamenarekin eta prest nago Euskal Herriko superheroien taldean sartzeko! Hori bai, nire abuztuko lan egunak errespetatu beharko dituzu.
  • Horregatik ez kezkatu gizona! Bakoitzari berea eman eta zuen bakarkako protagonismoa ere izango duzue, Marveleko superheroi bakoitzak bere filma duen bezala, zuek ere zuen festa bakoitza izango duzue, hori errespetatu egingo du Elkarteak.
  • Ados ba! Utzi egin behar zaitut Gastroheroi, festa usaina zabaltzen hasi da eta jaitsiera eta igoera entrenatzen jarraitu behar dut! Jarraituko dugu kontaktuan! Badakizu, abuztuan ongietorria izango zara Andra Mari Zuriaren jaietan! Ondo izan!
  • Ederki Zeledon, ea tartea izaten dudan zuri bisitan etortzeko! Ondo izan!

Lehenengo superheroia bildu dut Euskal Superheroien Elkarterako, orain hurrengoen bila, Marijaia, Artillero, ea denok bat egin eta munduan ondoen pasatzen duen superheroien elkartea osatzen dugun. Itzuli nadin hona ekarri nauenera, aurrez aipatu bezala, elkarrizketa lasai bat izateko ordu eta leku aproposa, erosketa eta erosketa artean atsedentxoa hartu eta mokadutxo bat hartzeko ez da leku txarra Gambrinus. Gerturatzen bazarete komuna bisitatzeak merezi du, iturri berezia, kuriosoa, polita, sartu eta ikusi, eskuak garbitzeko aitzakia nahikoa duzue, hori bai, kontuz komunetara sartzeko eskaloitxoarekin. Nik nireak eginda Gasteiz eta Boulevard merkatalgunea atzean utzi ditut, esku hutsik, ez baitut sukaldari txaketilak saltzen dituen dendarik topatu, esku hutsik, baina pozik, Euskal Superheroien Elkartea martxan da.

“Goazen lagunok, amets betean, gastronomiaren munduan zehar”

Gustatuko litzaidake marrazki bizidunetako superheroien gisara nik ere sarrerako abestia izango banu. Bai, badakit, idatzizko testu batean hori izatea zaila da, soinurik gabe, irudirik gabe, zerbait epikoa egitekoa konplikatua izan liteke, baina ez esan ez litzatekeela mundiala izango Gastroheroiren abentura batean klik egin eta bapatean ordenagailuko bozgorailuetatik Dragoi Bolaren abesti mitikoaren antzeko bat entzuten hastea, edo abestiaren moldaketa:

*dragoi bolaren doinu bera erabilita kantatu

“goazen lagunok, amets betean, gastronomiaren munduan zehar, orain badakit nongo zuloan dagoen tabernarik txarrena, nire mundu hau sukalde handi bat da eta hortxe ezkutuan jatetxe txar bat. Ekin lagun bideari Gastroheroirekin ez da beldurrik, euskal herri osoan zehar gastronomiaren bidezorretan”.

Abestiak irauten duen bitartean bideo txiki bat, Gastroheroi pantailaren erdian hegan egongo balitz bezala, gaur egun bideoarekin mirariak egin daitezke eta nahiz eta nik hegan egiten jakin ez edozer da posible gaur egungo bideogintzan, eta atzetik Euskal Herriko hiri eta herrietako irudiak pasatzen. Hori bai izango zela Gastroheroiren abenturetarako sarrerako kareta elegante-elegantea (jarraitzaileak pilatzen joanez gero akaso Gaztezuloko nagusiei planteatu beharko diet bideora pasatzea idatzi aurkezten ditudan abenturak).

 

Bigarren kapitulua. Gaurkoa Iruñean. Iruindarrek urtea hasi eta berehala kanta bat abesten dute, “1 de Enero, 2 de Febrero, 3 de Marzo, 4 de Abril, 5 de Mayo, 6 de Junio, 7 de Julio San Fermin, a Pamplona hemos de ir con una media, con una media, a Pamplona hemos de ir con una media y un calcetín”. Eskailerako azkenaurreneko urratsa emanda, festa giroa nabaritzen hasten da nafar hiriburuan, entzierroetako bailak jartzen hasiak dira, kamiseta zuri eta zapi gorriek janzten dituzte dendetako leihoak. Hilabete besterik ez jendez lehertu dadin festa, jende uholdeak busti ditzan Iruñeako kaleak. Zenbat iraungo luke Gastroheroiren txaketilak zuri-zuri festan murgiltzean? Ziur Chicoteren txaketilen antzera kolore biziz beteko litzatekeela beti txuria dena, baina diseinutik baino gainera eroritako edari eta janaritik izango lituzke kolore horiek.

Donibane auzoan kokatutako Bavaros Garagardotegia da, beti ere sarean aipatzen denaren arabera, Iruñeako jatetxe edo tabernarik txarrena. Hortxe joan naiz, nire superheroi jantzia soinean bertako eskaintza ezagutzera. Lekuak badu nolabaiteko xarma eta bere historia, esango nuke apaletan kokatuak dituzten garagardo latek nik ditudana baino urte gehiago daramatzatela bertan, gehienek kolorea ere galdua dute dagoeneko! Dekorazio kuriosoa, egurrezko mahai zainduak eta plastikozko aulki koloretsuek elkar bat egiten dute. Baina egia esan horrelako lekuak gustatzen zaizkit, izan zirenaren eta direnaren arteko nahasketa bere horretan mantentzen dutenak.

Garagardotegia izanik, garagardo bat hartzeko hautua egin dut, hori bai, garagardo eskaintza topatzerako minutu batzuk pasa dira bai, 20 orrialde inguruko kartan kosta egin zait nahiko arrunta iruditu zaidan garagardo sorta topatzea, baina bazeuden garagardo on batzuk, Franziskane Dunkel kasu, nik hautatutakoa. Ardo sorta ere zaindua zen, izen onak, upategi ezagunak, gozatzeko modukoak. Jateko kroketa batzuk aukeratu ditut, pena ez zirela etxean eginak, hain eskaintza zabalaren artean ezin aukeratu ibili naiz. Mahaiean lasai eseria nengoela sandwich eta hanburgesaren bat edo beste pasa da nire mahaiaren ondotik eta aitortu behar tamainaz ez direla txikiak, sabela ondo betetzeko aukera eskaintzen dute. Kuriositatez bada ere eseri bere mahaietako batean eta hartu garagardo edo ardo trago on bat!

“Relaxing zurito and gilda in Plaza Constitucion”

Ez dut hegan egingo eta ez naiz paretetatik gora eta behera ibiliko armiarma sareen laguntzarekin, jauzi egiten dudanean apenas altxatzen naiz eta zentimetro batzuk lurretik. Nire eskuetatik ez da arerioak akabatzeko izpi koloredunik irtengo, eskuekin sukaldean moldatzen naiz ondo eta arerioak akabatu baino, askotan nire aldera ekartzea lortzen dut errezeta goxoen bitartez. Ez dut jantzi koloredunik erabiliko, sukaldari txaketila txuri sotil bat eta maskara beltz bat jantziko ditut nire identitatea ezkutatzeko. Horrela ibiliko naiz Euskal Herrian zehar gastronomiaren mundua “salbatu” nahiean, gastronomiaren lubakietan barrena, sarean balorazio eta puntuazio okerrenak jasotzen dituzten taberna eta jatetxeak bisitatuz horien alderdi onak bilatu nahiean. Gastroheroi naiz, gastronomiaren munduko superheroi berria.

Larunbata. Eguerdi eguzkitsua. 20ºC inguru. Konstituzio Plaza. Donostia. Plaza badoa jendez betetzen. Alde batetik haurrak, euren asteburu libreaz gozatzen, euskaraz oihuka, batzuk Realeko kamiseta soinean futbolean jokatzen. Bestetik, argazki kamerei sua ateratzen turista taldeak, hauek euskaraz ez, frantsesez, ingelesez, japoniarren bat edo beste ere bai plazaren xehetasunei argazkiak atera eta atera. Haur euskaldunengatik izango ez balitz edozein hiri handiko “Plaza Mayorren” egongo banintz bezala sentitzen naiz. “Guiri” bat nire hirian.

Ambrosio Taberna. Enparantzako 15. zenbakian kokatua. Sarean topatutakoaren arabera Donostiako tabernarik “txarrena”. Nire lehen misioa. Bertako terrazan nago. Nire Gastroheroi jantzia soinean hortxe nago terrazan, gilda bat eta zurito bat parean ditudala. Zerbitzariak jator hartu nau, euskaraz, irribarre batekin, baina barruan geratu beharrean eguraldiaz gozatzera atera naiz. Prezioaz zer esan, ez nau harritu ordaindutakoak, inguruan ordaintzen denaren bidetik. Gilda eta zuritoari begira amets egiten hasi naiz…

…Donostia 2052 Joko Olinpikoetarako hautagaia. Nazioarteko Olinpiar Batzordearen hautaketa batzarra. Donostiako alkatea ari da hizketan bozka eman behar duten ordezkarien aurrean, gure hiriaren alderdi onak azpimarratzen ari da eta gastronomiaren inguruan hitz egiten hasi da. Denak adi adi entzuten ari dira. Madrilgo alkatesak bere garaian egindakotik ikasi ez eta halako batean bota du: “there is nothing like a relaxing zurito and gilda in Plaza Constitucion””.

Ba al dira gilda bezain pintxo eta zuritoa baino edari donostiarragorik? 1949an sortu zen Gilda pintxoa Donostia erdialdeko Valles jatetxean, Gilda pelikularen omenez. Nik beti miretsi izan dut azeituna, gindila eta antxoa elkartu zituen Joaquin Aranburu, hain gauza sinplea, baina hain goxoa. Ambrosio Tabernakoak ere merezi du. Zuritoari buruz duela egun gutxi irakurri nuen Donostian sortutakoa dela eta hori sortu zuena duela hilabete gutxi batzuk zendu zela. Ambrosioko zuritoa ondo botata, bere apar puntuarekin eta betiko edalontzi txikietan. Fresko-freskoa. Egiten duen eguraldiarentzako aproposa. Primeran sartzen da.

Baina hori guztiaren gainetik kokapena, historiaz beteriko plaza, donostiarrentzat xarma berezia duena, donostiarrontzat berezia da Konstituzio Plaza, luxu bat bertan lasai egoteko aukera izatea. Ez da nire gastronomia jomuga izaten, beste toki eta gune batzuk nahiago izaten ditut gastronomia donostiarrarekin gozatzeko, baina noizean behin ondo etortzen da plazako terraza batean eseri eta gure hiriko historian murgiltzea edo etor daitezkeenekin amestea. Hori da Ambrosio Tabernaren alderdirik onena, ez konplikatu bizitza, hartu zuritoa eta gilda eta gozatu eguraldi onarekin terrazan. On egin!