Ez dut hegan egingo eta ez naiz paretetatik gora eta behera ibiliko armiarma sareen laguntzarekin, jauzi egiten dudanean apenas altxatzen naiz eta zentimetro batzuk lurretik. Nire eskuetatik ez da arerioak akabatzeko izpi koloredunik irtengo, eskuekin sukaldean moldatzen naiz ondo eta arerioak akabatu baino, askotan nire aldera ekartzea lortzen dut errezeta goxoen bitartez. Ez dut jantzi koloredunik erabiliko, sukaldari txaketila txuri sotil bat eta maskara beltz bat jantziko ditut nire identitatea ezkutatzeko. Horrela ibiliko naiz Euskal Herrian zehar gastronomiaren mundua “salbatu” nahiean, gastronomiaren lubakietan barrena, sarean balorazio eta puntuazio okerrenak jasotzen dituzten taberna eta jatetxeak bisitatuz horien alderdi onak bilatu nahiean. Gastroheroi naiz, gastronomiaren munduko superheroi berria.
Larunbata. Eguerdi eguzkitsua. 20ºC inguru. Konstituzio Plaza. Donostia. Plaza badoa jendez betetzen. Alde batetik haurrak, euren asteburu libreaz gozatzen, euskaraz oihuka, batzuk Realeko kamiseta soinean futbolean jokatzen. Bestetik, argazki kamerei sua ateratzen turista taldeak, hauek euskaraz ez, frantsesez, ingelesez, japoniarren bat edo beste ere bai plazaren xehetasunei argazkiak atera eta atera. Haur euskaldunengatik izango ez balitz edozein hiri handiko “Plaza Mayorren” egongo banintz bezala sentitzen naiz. “Guiri” bat nire hirian.
Ambrosio Taberna. Enparantzako 15. zenbakian kokatua. Sarean topatutakoaren arabera Donostiako tabernarik “txarrena”. Nire lehen misioa. Bertako terrazan nago. Nire Gastroheroi jantzia soinean hortxe nago terrazan, gilda bat eta zurito bat parean ditudala. Zerbitzariak jator hartu nau, euskaraz, irribarre batekin, baina barruan geratu beharrean eguraldiaz gozatzera atera naiz. Prezioaz zer esan, ez nau harritu ordaindutakoak, inguruan ordaintzen denaren bidetik. Gilda eta zuritoari begira amets egiten hasi naiz…
…Donostia 2052 Joko Olinpikoetarako hautagaia. Nazioarteko Olinpiar Batzordearen hautaketa batzarra. Donostiako alkatea ari da hizketan bozka eman behar duten ordezkarien aurrean, gure hiriaren alderdi onak azpimarratzen ari da eta gastronomiaren inguruan hitz egiten hasi da. Denak adi adi entzuten ari dira. Madrilgo alkatesak bere garaian egindakotik ikasi ez eta halako batean bota du: “there is nothing like a relaxing zurito and gilda in Plaza Constitucion””.
Ba al dira gilda bezain pintxo eta zuritoa baino edari donostiarragorik? 1949an sortu zen Gilda pintxoa Donostia erdialdeko Valles jatetxean, Gilda pelikularen omenez. Nik beti miretsi izan dut azeituna, gindila eta antxoa elkartu zituen Joaquin Aranburu, hain gauza sinplea, baina hain goxoa. Ambrosio Tabernakoak ere merezi du. Zuritoari buruz duela egun gutxi irakurri nuen Donostian sortutakoa dela eta hori sortu zuena duela hilabete gutxi batzuk zendu zela. Ambrosioko zuritoa ondo botata, bere apar puntuarekin eta betiko edalontzi txikietan. Fresko-freskoa. Egiten duen eguraldiarentzako aproposa. Primeran sartzen da.
Baina hori guztiaren gainetik kokapena, historiaz beteriko plaza, donostiarrentzat xarma berezia duena, donostiarrontzat berezia da Konstituzio Plaza, luxu bat bertan lasai egoteko aukera izatea. Ez da nire gastronomia jomuga izaten, beste toki eta gune batzuk nahiago izaten ditut gastronomia donostiarrarekin gozatzeko, baina noizean behin ondo etortzen da plazako terraza batean eseri eta gure hiriko historian murgiltzea edo etor daitezkeenekin amestea. Hori da Ambrosio Tabernaren alderdirik onena, ez konplikatu bizitza, hartu zuritoa eta gilda eta gozatu eguraldi onarekin terrazan. On egin!