JOAN ETORRIAK

Azken aldian mundu mailan geroz eta zabalduago dagoen fenomenoa iritsi zaigu Euskal Herriko musika eszenara; Taldeen agur eta itzulera birak.

Musika taldeek, bizitzako gauza gehienek bezala, hasiera eta bukaera bat daukate eta azkenean, lehenago edo beranduago, taldeek haien ibilbidea amaitu behar izaten dute.

Arrazoi ezberdinek bultzatu dezakete etenaldi hau, hala nola barne gatazkek, nekeak, ilusio eta indar faltak…  Kasu aunitzetan erabakia momentukoa izaten da eta taldeak ez du agurtzeko aukerarik izaten. Bertze kasu batzuetan ordea, erabakia aldez aurretik hartua denez, taldeak bere zaletuetaz behar bezala agurtzeko parada izaten du.

Maite duzun talde batek bere agur edo itzulera bira aurkeztean haren kontzertu batera joateko beharra sentitzen duzu, hauek zuzenean ikusteko azken aukera izan bai daiteke. Ezerren trukean hainbeste eman dizun talde bateri agur esateko modu polit bat da, modu honetara entzulearen eta taldearen arteko zirkulua itxiz. Azken finean emozioek eta sentimenduek bultzatzen bai dizute agur edo itzulera birako kontzertu batera joateak.

Halaber, azkenaldian, agur birak egin eta handik gutxira itzulera birak egiten dituzten geroz eta talde gehiago aurki ditzakegu gure artean. Itzulera birak bi aldiz baino gehiagotan egin dituzten taldeak ere badira, beraz pentsa…

Itzulerako kontzertu hauetan berriz ere sentimenduek eta emozioek gaina hartzen dute entzulearengan, talde hau beste behin azken aldiz ikusteko gogoa sortuaraziz.

Behin puntu honetara iritsita, beti ere galdera bat pausatzen diot nere buruari. Zerk bultzatzen die taldeei agur edo itzulera bira bat egiteak? Barne arrazoiengatik ala arrazoi ekonomikoengatik da? Marketing estrategia bat al da edo taldeak sentitzen duen behar bat al da? Etekin ekonomiko bat lortzearren haien zaleen sentimenduekin jolasteko gai al dira?

Beti bezala talde bakoitza mundu bat da eta ez dut esaten jokaldi hau egiten duten talde guztiek diruagatik egiten dutenik. Denetarik bada. Hala ere itzulera bira egiten duten talde askok aldez aurretik dena prestatuta daukate, ez daukat inongo dudarik.

Haien agur eta  itzulera biran diru asko irabaziko dutela zihur nago, bainan talde bezela neretako sinesgarritasun guztia galtzen dute. Eta azken finean sinesgarritasuna diruarekin erosi ezin dezakezun gauz bat da…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude