Seriezale amorratuoi atal bat bestearen jarraian ikusteko egun osoa etxetik atera gabe egotea normala iruditzen zaigu. Baita lagunekin edo familiakoekin genituen hitzorduei uko egitea ere, asteko atalari hutsik egin nahi ez diogulako. Edo gure telesail gustukoenak Emmy saria eramango duen ala ez jakiteko gau-pasa luzeak egitea.
Guretzat “naturala” da, baina gurekin bizi den jendearentzat, –eta demagun 20 telesail batera ikusten ez dituztenentzat (hemendik aurrera “jende arrunta” deituko diegu)– zerbait arraroa edo ezohikoa da. Kondairak dio seriezaleak eta pertsona arruntak bizi litezkeela elkarrekin, badirela zenbait kasu munduan. Ez da erraza, baina ba omen daude.
Zaletasun kontrolaezin hori jasan behar duzuenon tokian jartzen saiatuko naiz, eta bide batez, ea gai zareten gure bitxikeriak ulertzen.
-Asteko egunik okerrena, guretzat onena… “Azkenean iritsi da astelehena”.
–“Beste atal bat eta banoa lotara…”.
– Elkarrekin ikusten duzuen telesail baten atala, bakarrik ikustea desleialtzat hartuko da.
– Jarrai ezazu (gutxienez) ikusten dugun telesail bat, elkarrizketetatik kanpo geratu nahi ez baduzu behintzat