Hileko artxiboak: apirila 2021

SOUNDGARDEN-EN DI$KA BERRIA

Zenbat balio du Soundgarden taldearen diska berriak? Eta taldearen aktiboek? Horiek dira Vicky Cornell eta taldeko hiru kideak ados jartzen ez diren galderak, eta oraingoz, taldearen disko berri batek etorkizunean argia ikustea eragozten duen puntua.

Aurreko hilabetean Chris Cornell-en alargunak Seattleko epaitegian Kim Thayil-en, Matt Cameron-en eta Ben Shepherd-ren aurkako auzi bat aurkeztu zuen. Hainbat komunikabideren arabera, arrazoia hiru musikariek hildako abeslariaren aktiboen gaineko eskubideak eskuratzeko egindako 278.000 dolarreko eskaintza izango litzateke. Vickyren arabera, eskaintza horren barruan, taldearen merchandising-aren irabaziak, etorkizuneko birekin sortutako irabaziak eta zuzenekoetan abeslariaren holograma erabiltzeko eskubidea (!!!!) sartuko litzateke.

Ezarritako auziaren arabera, Cornell-en aholkulariek uste dute “zifra maltzurki baxua” dela eta “Vickyk 2018an soilik Soundgarden-en masterren eskubideagatik lortutako irabazietara ere ez dela iristen”. Halaber, musikariek egindako eskaintza inbertsore batek master horiek 16 milioi dolarretan erosteko eskaintzaren ondoren etorri zela salatu dute.

Vicky Cornell-en haserrea ere, iazko abenduan bere alargunaren eskubideak eskuratzeko egin zuen saiakerarekin lotura dauka. Izan ere, abeslariaren bikotekideak Thayil-eri, Cameron-eri eta Shepherd-eri egindako eskaintzak hauek ezezko batekin erantzun bai zuten. Lehen eskaintza 12 milioi dolarrekoa izan zen, bigarrena aldiz 21 milioi dolarrekoa. Gauzak honela, Vicky Cornellek, taldearen aktiboen arrazoizko balioa zehazten duen epaile bat bilatzen du orain.

Lege gerra hau nola amaitzen den ikusi beharko da, bainan alargunak Chris Cornellek Soundgarden-en zazpigarren disko baterako grabatu zituen ahots eta instrumentu pistak bere eskuetan ditu (abeslariaren bakarkako albumerako zirela ere esaten da), eta gainontzeko taldekideek ez dituzte grabaketa hauetara heltzeko modurik ez eskubiderik.

Bi aldeek elkarri dirua eskatu eta elkar salatzen diren bitartean, gauza bat argi dago: Zaleak dira galtzen jarraitzen duten bakarrak…