“Jakina, nire bizitza eta nire artea eztabaidaren iturri izan dira aspaldidanik, baina niri buruz egindako azken salaketa hauek errealitatearen distortsio izugarriak dira. Nire harreman intimoak beti adostuak izan dira pentsamolde bereko bikoteekin. Ez dio axola zergatik beste batzuek iragana gaizki irudikatzea hautatzen duten”.
Mezu honen bitartez bere bikotekide ohiak, Evan Rachel Wood aktoreak eta beste emakume batzuek salatutako sexu abusu salaketen aurka defendatzera atera da Marilyn Manson. 2016an Evan Rachel Wood-ek agerian utzi zuen iraganean bere “maitale” izandako batek bortxatu zuela. Izenik aipatu ez zuen arren, Manson izan zitekeela uste izan zen. Hala ere, aurrekoan mezu baten bidez dena argitu zuen:
“Nire bortxatzailearen izena Brian Warner da, munduan Marilyn Manson izenarekin ere ezaguna. Nerabezaroan gorteiatzen hasi zen eta izugarrizko tratu txarrak eman zizkidan urteetan. Burmuina garbitu eta manipulatu ninduen. Aski da mendeku, kalumnia edo mehatxuen beldurrez bizitzea. Hemen nago gizon arriskutsu honen aurka hitz egin eta beste alde batera begira egon den musika industriari deiadar bat egiteko. Jada isilik geratuko ez diren biktimekin nago”.
Mezu honen ondotik, emakume gehiago beraien esperientziak kontatzen zituzten mezuak argitaratzen hasi ziren. Emakumeek ez ezik, berarekin musika munduan lan egin zuten artistek ere haiek ikusitako eta bizitutako gertakariak aipatzen hasi ziren (Hala nola Limp Bizkit taldeko Wes Borland eta NIN taldeko Trent Reznor) eta hauek azaldutako gertakariek ere ez zuten Marilyn Manson leku honean uzten…
Handik gutxira Loma Vista Recordings zigiluak ohar bat argitaratu zuen artistaren azken diskoa, We Are Chaos, sustatzeari utziko ziola iragarriz. Gainera, “gertaera kezkagarri horien ondorioz, Marilyn Manson-ekin etorkizuneko proiekturik ez lantzeko” erabakia hartu zutela jakinarazi zuten. Bere kontratazio agentziak ere, CAA-k, artistarekin zituen harremanak moztu ditu; Honetaz gain Starz kateak “American Gods” telesailean abeslaria agertzen ziren eszenak desagerraraziko zituela iragarri zuen. Gauzak honela Marilyn Manson-en ibilbide artistikoa amaitutzat eman genezake.
Gertakariak nola garatzen diren ikusiko dugu bainan bere izen artistikoa Marilyn Monroe-ren izena eta Charles Manson-en deitura nahasi zituen abeslariak, badirudi hurbilago dagoela bigarren pertsonaitik lehenengo pertsonatik baino…