Egilearen artxiboa: Jaione Dagdrommer

Honi buruz: Jaione Dagdrommer

Oiartzun, 1988. Psikologoa eta musikazale amorratua. Gustura pairatzen dut lepoko mina kontzertu bikain baten ostean baldin bada. Ukiezina bildumatu nahiean etxea diskoz bete dut. Maiteago dut bilatzea aurkitzea baino, eta musika horretarako aproposa da, beti baitago oraindik entzun ez dudan abesti hobeago bat nire zain.

Esaidazu nola jokatzen duzun kontzertuetan eta esango dizut zein zaren

Uda musikarekin lotzen dutenak ugari dira, eguzkia azaltzearekin batera musika jaialdi eta kontzertuak baitaude non-nahi. Kontzertuak, jaialdiz jaialdi, bestela ezagutuko ez zenituzkeen herri eta herrialde ezberdinak ezagutzeko aitzakia paregabea dira.

Baina guztia ez da hain idilikoa kontzertuak dirauen bitartean bederen. Badira jasan beharreko zenbait espezie, zure gustoko artista ikusteagatik ordaindu beharreko albo-kalteak bailiran. Umorez hartzea izaten da onena baina gorputza ezezik askotan kirioak ere dantza jarri diezazukete horrelakoek.

Jarraitu irakurtzen

Musikaren hiztegia

Musikaren abantaila handienetakoa berariazko esanahirik ez izatea da, entzuleari uzten baitio zentzua bilatzeko lana. Ez da azaltzen, poesia edo nobela baten azaldu litekeen bezala, ez da erakusten pintura edo eskulturaren moduan, neutroagoa da nolabait, askeagoa, ez horren “inposatzailea”. Musikak bere horretan badu gaitasuna bat-batean norbait triste edo alaia jartzeko. Horri, abestiaren letra gehitzen badiogu eta atsegin bazaigu, esperientzia are eta borobilagoa izango da.

Ilustrazioa: Olrait studio

Hori kontuan izanik, gure gizarte eleanintzean, nola aukeratu ze hizkuntzatan abestu? Zerk bultzatzen ditu bere ohiko hizkuntza ingelesa ez duten talde edo bakarlariak hizkuntza hau aukeratzera? Finean, galdera batekin laburbildu genitzake duda hauek: Zein da artearen edo artistaren helburua artea sortzerako garaian?

Honen harira Susan Sontag-en aipu batekin egin dut topo: “Jarrera serioena, artea helburu bat lortzeko tresna bezala ulertzen duena da; agian, artea bera uzten denean lortu daiteken helburua bada ere.” Sontag-ek artea zerbait lortzeko baliabide bezala ulertzen du. Agian, ingelesez abesten duten zenbait talderen jomuga litzateke ahalik eta jende gehiagorengana iristea, musikarekin zerikusirik ez duten helburu ezberdinak lortzeko. Baina, ingelesa berdin arrakasta formulak beti emaitza onak ematen al ditu? Duela gutxi Kvelertak ikusten izan nintzen Bilbon. Norvegiar hauek inongo konplexurik gabe abestu zuten norvegiarrez leporaino beteta zegoen Kafe Antzokian. Eta bertan ginenoi, helarazitako energia berdin-berdin iritsi zitzagun norvegiarrez hitz erdirik ulertu gabe, asko eta asko taldearen abestitzarren melodiak ahapetik kantatuz gainera!

Hare gehiago, badira taldeak arrakasta erdietsi dutenak ingelesa utzi eta beren hizkuntza abesten hasi direnean, Love of lesbian edo Standstill kasu.

(Enric Montefusco abeslariak gainera, bakarka hasi duen ibilbidean katalanez ere badu abesti bat)

Noski, badira aurkako adibideak urrutira joan gabe. Belako aspaldi dabil Euskal Herritik kanpora biran kantu gehienak ingelesez abestuta. Argi dago, maila ezberdinetan bada ere, egun inorri ez zaiola arrotza egiten belarrira ingelesa, eta ziur gehienok entzuten dugun musikaren %90a Shakespeare-n hizkuntzan sortua dela. Alabaina, ez da egunero darabilgun hizkuntza. Ez al da naturalagoa gure hizkuntza edo hizkuntzetan idatzi edo abestea? Zein da beraz, musika sortzearen helburua?

Adierazpen ekintza bat bezala ulertzen badugu, argi dago gehiengoarena iristea dela xedeetako bat. Artearen helburua zerbait eraldatzen saiatzea dela esango dute beste batzuek, errealiatea edo mundu txikiak aldatzea behintzat. Horrenbestez, ulergarria da kasu honetan ere ahalik eta publiko zabalagoarengana iritsi nahi izatea eta horretarako ingelesa erabiltzea. Alta, artea ez al da sinpleki sortzen norberak bere barruak hustu nahi dituelako? Ez al da, sortze prozesuak dirauen bitartean bederen,  bigarren plano batean gelditzen sortutakoa partekatzeko nahi hori?

Sarri idazteko beharra sentitzen dut, barruak hustutzeko beharra dudalako. Idatzi ondoren, ez dut inorekin partekatzeko desirarik izaten. Hustea bera nahikoa zait, besterik gabe. Nire bizipen pertsonaletik abiatuz, askoz sinesgarriago eta hurbilagoak zaizkit egunerokotasunean erabiltzen duten hizkuntza hautatzen duten musikariak. Horregatik, gehiago sinisten ditut Grises zestoarrak gaztelaniaz abestuta Cobra taldea ingelesez baino; nahiz eta estilo aldetik nire gustu pertsonaletik hurbilago dagoen azken talde hau.

Argi dago, haatik, zirkulua isteko azken mugimendua bailitzan, abesti batek zentzua osoagoa hartzen duela entzule bat dagoen momentuan eta entzule bezala dudan intepretazio subjektiboa besterik ez dela guzti hau. Eztabaia irekia da. Zinez sinisten dudana da ordea, musika bere baitan tresna komunikatibo oso indartsua dela eta ez duela behar hiztun gehien dituen hizkuntzan abestua izatea emozionatzeko, ez duelako behar sinpleki hizkuntzarik funtzionatzeko (ez badidazu sinesten entzun Toundra talde instrumentala). Zeren, bihotzetik sortutakoa ezinbestez bihotzetara iristen baita.

Emozio guztiak ez daude izendatuak

Zer litzateke filme edo telesail bat musikarik gabe? Sakontasun berdina izango al lukete zenbait eszenek? Ze puntutaraino eragiten du musikak mundua hautemateko dugun moduan?

Galdera hauek etorri zitzaizkidan burura Londreseko Joydeep Bhattacharya unibertsitateak egindako ikerketa bateko emaitzak topatu nituenean. Musikak irudiak hautemateko dugun moduan eragiten duela diote behin musika amaitu denean ere.

Esperimentuan “alai” edo “triste” bezala sailkatuak zeuden zenbait pieza musikal enzun zituzten boluntarioek. Grabaketa entzun ondoren subjektuek aurpegi baten argazkia behatzen zuten segundo batez. Batzuei pozik dagoen pertsona baten argazkia erakusten zitzaien eta beste batzuei aurpegiera triste edo neutroak. Partehartzaileen egitekoa aurpegien eduki emozionala ebaluatzea zen. Jarraitu irakurtzen

Triste egotearen zoriontasuna

Beti alai egotera behartzen gaituen gizarte honetan ironikoki depresio hitza errazegi erabiltzen da, triste egotea patologia bat balitz bezala. Horren aurrean, sentimendu negatiboak positiboak izan daitezkeela erakutsi izan dit musikak. Arteak beraz, tristea izan behar al du du derrigor? Egia da, tristuraren bidez informazioa hobeto barneratzen dugula eta egoera ezberdinak modu eraginkorragoan bideratzen laguntzen digula. Gure pentsatzeko eta mundua ikusteko era aldatzen du, sentikorragoak bilakatuz eta ondorioz gure sormena puztuz. Baina batez ere, tristurak gizatiarrago bilakatzen gaitu. Eta azken finean, ez al da artea gure gizatasunaren isla?

Sortzaileek eta orohar arte kontsumitzaileok argi dugu hori eta horregatik masoka puntu bat  ere badugu. Tristezia erosoa zaigu, barneak husteko ahalmena ematen baitigu. Ezra Furman-ek abesti batean esaten duen moduan: Musikan etorkizun bikaina dut, benetako zoriontasuna aurkitzen ez dudan bitartean. Zuen disko kutunenetan pentsatzen jartzea besterik ez duzue, horietako zenbat dira alaiak? Aldiz, minetik sortutako disko bikain ugari datozkit tanpez burura.

Jarraitu irakurtzen

Berrinterpretatuz sortzen

Errepikakorra izango naiz oraingoan, bertsioak baitakartzat. Zein da burura datorkizuen lehena? Niri Jeff Buckley miragarriak Leonard Cohen maisuaren Halleluhah abestiaz egin zuena. Bestearen sorkutza baliatuz erabat bere egin zuen kantua. Alta, ez du merezi transmititzen dituen emozio andanak deskribatzen saiatzea, hitzak falta direnean dena esanda dago eta!

Horregatik bertsio lurtarragoak ekarri dizkizuet. Nire jaiotza musikala oso (nu)metaleroa izan zen edo zehatzago esateko oso System of a down-tarra. 13-14 urterekin Toxicity diskoa besterik ez nuen entzuten. Milikerian erortzeko beldurrez, distortsio minimo bat ez zuen oro entzutea denbora galtzea zela pentsatzen nuen. Imajinatuko duzue zein kontent nituen gurasoak!

Jarraitu irakurtzen

Zu zara musika, musikak dirauen bitartean

Abesti batek eguna salba dakigukeela pentsatzen duen horietako naiz. Musikak badu azaldu ezin daitekeen baina sentitu dezakegun indar bat batzuetan baretzen gaituena, besteetan pizten.  Abestirik tristeena entzuten dugunean ere, gustukoa badugu behintzat, plazera sentitzen dugu. Sendagaia da edo behintzat momentu bateko ukendu lasaigarria.

Nahiz eta musika izan errazen zabaldu daitekeen arte mota, bere funtzio zehatza ez da oraino aurkitu. Darwin bera honela mintzatu zen: “Musikaz gozatzeko eta nota musikalak produzitzeko ahalmenak ez du inolako erabilpen praktikorik gizakiarentzat (…) musika da gizakiak duen doai misteriotsuenetako bat.” Hori hala izanik ere irudikatzen al duzue musikarik gabeko mundu bat? Egun musikak funtsezkoa izaten jarraitzen du ezagutzen diren kultura guztietan.

Jarraitu irakurtzen

Edertasuna irla bat da

 

Ólafur Arnalds-en edozein lanen aurrean jartzen naizen bakoitzean galdera berdina datorkit burura: zer sentitu behar ote da horrelako talentua edukita? Ziurrenik deus berezirik ez, berezkoa duenak bere baitan baitarama betitik. Gainera Islandian talentua edukitzea ahuntzaren gauerdiko eztula behar du izan, makina bat musikari interesgarri baitaude 300 000 biztanle eskas dituen irla izoztuan!

Beste hilkor hutsaloi bere magiarekin txunditzea baizik ez zaigu gelditzen. Bere konkista 2007an hasi zen Euglogy for evolution diskoarekin. Neoklasika estiloan mugitzen zen lana, bere arma hutsezinekin: piano eta bibolina. Baina islandiarrak ez du klasiko hitza kontserbadurismoaren sinonimotzat eta jada 2008ko Variatons of static EPan musika klasiko horri ambient ukituak gehitu zizkion. 2009an Found songs-en zazpi egunetan abesti bana oparitu zigun. Eta hori gutxi balitz urte berdinean Dyad 1909 lan ausartago eta elektronikoagoa argitaratu zuen. 2010a izan zen ordea bere urtea, …and they have escaped the weight of darkness maisulanarekin bere talentua berretsi baitzuen. Kasu honetan, soinu klasikoa alde batera utzi gabe popera hurbildu zen. Intimistago jarriz, 2011an bere etxera gonbidatu gintuen Living room songs lanaren aitzakian eta bertan, zuzenean grabatutako zenbait pieza eskaini zizkigun inperfekzio ederrak ezabatu gabe (momentu batzuetan aulkien karraska entzun daiteke).

Eta denbora kontuan zen filmetako soinu bandak konposatzen hastea. Another happy day eta The hunger games filmeetan egin zuen debuta, bi luzemetraien puntu indartsuenetakoa (indartsuena ez bada) musika bihurtuz.

2013an bere diskografia luzatzeari ekin zion For now I am winter lanean. Soinu orkestralago du diskoak berrikuntza bezala estreinakoz ahotsak gehituz. Urtez aldatu gabe beste maisulan bat eskaini zigun Broadchurch telesail interesgarriari musika ederra ezarriz. 2014an soinu klasikoa alde batera utzi zuen hasieratik bere musikan egon den alde elektronikoa jorratzeko. Horrela Kiasmos proiektua sortzen du; ñabarduraz beteriko elektronika minimalista. 2015an aldiz, elektronika ahaztuta Alice Sara Ott pianistarekin batera The Chopin project sortzen du, Chopin-en musika XXI. mendera ekarriz.

Dirudienez oporrak zer diren ez daki Ólafur-ek eta 30 urte oraindik bete ez dituela jada bi lan argitaratu ditu aurten ere. Urte hasieran bere lagun Nils Frahm-ekin sortutako Trance Frendz zoragarria eskaini zigun. Diotenez Alemaniarraren Berlineko etxean pote batzuk hartzeko geratuak zirela sortu zen proiektua. Gaua inprobisatzen pasa omen zuten eta horren fruituak dira bere horretan diskoan aurkitzen direnak. Ez dakigu zein puntutaraino ote den egia istorioa baina niri bost. Argi daukadana da etxe horretako kaktusa izan nahi dudala konposizio miragarri horiek zuzenean nola sortzen dituzten ikus-entzuteko.

Eta banator benetan kontatu nahi nizuen proiektua aipatzera. Alabaina, ez pentsa aurreko guztia artikulua luzatzeko propaganda hutsa izan denik, aipatutako lan bakoitzak merezi du istant bat bederen eskaintzea.

Bada ekainean sare sozialetan www.islandsongs.is web orria iragartzen hasi zen 21.06.2016 datarekin batera. Egun hori hurbildu ahala jakin genuen 7 astetan zehar Islandiako 7 leku ezberdinetara bidaiatuko zuela konposizio berriak grabatzeko. Leku bakoitzean bertako artista lokalekin kolaboratu du. Elkarlan horien fruituak zuzenean grabatuak izan dira eta astero web orrian eskegiak. Bideoaz gain, artista kolaboratzailearen biografia txiki bat eskaintzen du eta baita islandiako leku horren deskribapena. Egiten dugun orok baitu bizi garen inguruaren kutsua nahi gabe ere.

Lehen konposizioa Árbakkinn da, Hvammstangi herrian interpretatua. Bertan bizi da Einar, literatura irakasle eta poeta. Erretiroa hartu ostean mugitu zen herri txiki honetara poesia idazteko asmoz. Pieza Einar-en poesia errezitaldi batekin hasten da. Pixkanaka musikak dotoreziaz jazten ditu bere hitzak. Aipatu poesia islandieraz dagoela eta Ólafur-ek ez itzultzea erabaki duela; bere aburuz, itzulpenarekin hitzek bere horretan jariatzen duten edertasuna galduko luketeelako.

Interpretatutako bigarren pieza 1995 da eta Önundarfjörður-eko itsasertzera mugitu gara horretarako. Aitatzen da 1995ean elauso bat izan zela eta egun urte hartan bizia galdu zutenen izenak gogoraratzen dituen oroigarri bat dagoela. Bertan bizi da Dagný musika irakaslea eta bertako eliza txiki-politean organoa jo ohi du. Hargatik, konposizioa eliza horretan interpretatzen dute.

Selvogur da urrengo geltokia eta Raddir konposizioak musikatzen du. Marinelen eliza bezala ezagutzen den eraikinean dago grabatua. Hilmar zuzendariak eta Georg konpositoreak hartzen dute parte koru batek lagundurik. Itsas inguruko paisaia bakartiarentzat apropos sortutako musika zerutiarra dirudi.

Laugarren astean Akureyri-ra garamatza, zirkulu polarretik hurbil. Hollywooden urteak eman ondoren bertara itzuli da berriz ere Atli. Bideoan interprete guztiei ematen zaien protagonismoa aipagarria da, musikari bakoitzak Öldurót piezari eskaintzen diona azpimarratuz.

Þorkell Islandiako orkestra sinfonikoko kide ohiaren etxeko goxotasunera gonbidatuak izan gara bosgarren astean. Mosfelldallur herrian kokatua dagoen etxe xarmantean jan-edanean ari dira Ólafur pianoan jotzen ari den bitartean. Maite dut Dalur piezak eta irudiek helarazten duten epeltasuna.

Abentura honen bukaeraren hasierara hurbiltzen ari gara. Garður herrixkan Nanna abeslaria dugu, ahots eztiaz Ólafur-en Particles konposizioa edertzen. Musikaren xalotasuna ederki irudikatzen du bideoan nagusitzen den kolore zuriak.

Bidaiak bukaera Islandiako hiriburuan du. Reykjavík da Arnalds-en etxea. Horregatik, pieza hauek inspirarazi dituen jendeaz inguratu nahi izan du oraingoan. Berak dioenez, azkenaldian lekuek baino jendeak inspiratzen baitu gehiago. Doria koposizioa Iðnó kontzertu aretoan interpretatzen du bere lagun hurbileneko eta familiarekin.

Ez ditut piezak gehiegi komentatu nahi izan zuen begi-belarriz deskubritu ditzazuen proiektu honek ezkutuan dakartzan emozio ezberdinak. Zenbait momentutan ia errudun sentiarazi nau minutu horietan bada ere zoriontasuna esku puntekin ukitzeko pribilegioa izateagatik. Horrelako musika entzuteko denbora hartzea eguneroko gerretatik su-etena lortzearen parekoa da. Gainera, Islandia promozionatzeko marketing kanpaina bezala ere ederto funtzionatzen du proiektuak, ni behintzat hasi naiz jada aurrezten!