Errepikakorra izango naiz oraingoan, bertsioak baitakartzat. Zein da burura datorkizuen lehena? Niri Jeff Buckley miragarriak Leonard Cohen maisuaren Halleluhah abestiaz egin zuena. Bestearen sorkutza baliatuz erabat bere egin zuen kantua. Alta, ez du merezi transmititzen dituen emozio andanak deskribatzen saiatzea, hitzak falta direnean dena esanda dago eta!
Horregatik bertsio lurtarragoak ekarri dizkizuet. Nire jaiotza musikala oso (nu)metaleroa izan zen edo zehatzago esateko oso System of a down-tarra. 13-14 urterekin Toxicity diskoa besterik ez nuen entzuten. Milikerian erortzeko beldurrez, distortsio minimo bat ez zuen oro entzutea denbora galtzea zela pentsatzen nuen. Imajinatuko duzue zein kontent nituen gurasoak!
Baina SOAD fenomenoak ez zuen nigan bakarrik izan arrakasta eta metal mundutik beste munduetara hedatu ziren disko horretako zenbait abesti. Ziur berehala Chop Suey abestia datorkizuela burura. Urtero gutxienez kantuaren bertsio berri batekin topo egiten dut.
Batzuk oso interesgarriak dira, Gud Nuse artistarena kasu. Piano eta ahots soilez egindako bertsioa da; gainera kantua eliza batean interpretatzeak ukitu berezia ematen dio (eta are bereziagoa letrari erreparatzen badiogu).
Interesgarriagoa eta bitxiagoa dugu ordea Richard Cheese-n bertsioa. Kantua 50. hamarkadan konposatua balitz honelako zerbait izango litzateke segur. Berehala dantzan jartzeaz gain, abestiaren letra katramilatsua behingoagatik taxuz ikasteko ezin egokiagoa da. Ez horregatik.
Eta orkestra baten handitasunez interpretatuko bagenu abestia zer? Ez duzu irudikatu beharrik, hementxe emaitza.
Hala ere, badira beste zenbait bertsio parodiatik gehiago dutenak. Hauetan kalitatea ezbaian dago baina ez umorea. Tongo peruarrak guitar hero bat eta jarrera nahikoa direla erakusten digu barreak ateratzeko (letra jakin beharrik ere ez dago). Estilo propioa duenik ezin ukatu behintzat!
Baina nire bihotza ukitu duena, nire belarrien desesperaziorako, Shittyflute kanaleko bertsioa izan da. Beharrezko instrumentu kopurua minimoa da: txirula bat (pentsatzen zenuen ezingo zeniola erabilerarik eman eskola garaitik hautsa hartzen dagoen instrumentu gizajoari, e!), haize apur bat eta beste guztia desafinatzearen mundu txundigarriak egin dezala. Erabat aztoragarria eta liluragarria aldi berean.
Shittyflute kanalean beste hamaika talderen bertsioak ere aurki daitezke: Beethoven, BTS, A-ha, Chuck Berry, Lady Gaga, Game of thrones-eko introa… denak hau bezain beldurgarriak. Baina kasu, behin hasita denak entzun arte ez duzu nekerik izango. Ondoren ez etorri kexaka belarriko minez zabiltzalako.
Bertsioak bertsio, argi neukana baieztatzeko balio izan dit errepaso honek: Abesti on bat beti izango da abesti on bat. Hortaz, barkatu baina Chop suey entzutera noa enegarrenez.