Fermin Muguruza bizirik dago

Batzuk kalamar bokadiloak deskubritzen dituzte Madrilen; nik aldiz, insomnioa. Loa ez dela gauza perfektu bat ezagutu nuen. Tentsio handiarekin bizi nintzen. Langabezia, amodioaren B aldea, krisia, norabide eza. Gauero nire buruan erantzunik ez zuten galderak pizten ziren. Ez zidaten bakean uzten. Alde batera eta bestera ohean bueltaka ibiltzen nintzen, erremedio zahar eta sinple bati heldu nion arte: liburu bat ireki eta irakurtzen hasi.

Geroztik ez dut loezina pairatzen. Eta nire bizitzan gauza ASKO aldatu dira.

Lehenengo konklusio zuzena: Irakurle erregularra naiz orain. Erosi dudan azken liburua “Cómo ser Bill Murray” da. Garoan (snif) aurkitu nuen eta lo seko geratzen naizen arte irakurtzen dut. Gaur gauean, aldiz, Jotdown aldizkariaren azken alearen elkarrizketa bat aukeratu dut. Salakeria Fermin Muguruzari egotzi behar diot. Otsailaren 4ean topatu nuen Tabakalerako Kluba aretoan Stay taldearen kontzertua hasi baino lehen. Bere neskalagunarekin batera hizketan egon ginen. Esan zidan Eduardo Madinak berari egindako elkarrizketa mamitsu bat aterako zela El País egunkariaren hilabetekarian. Emozionatua zegoen. Irakurtzeko irrikitan. Solasaldi honi buruz, Mikel Iturriaren blogean labur eta zehatz aipatzen dira zenbait idei baliotsu; guzti horien artean, zubigile kontzeptua.  

Zubigile. Hitz ederra. Hitz puska.

Aspaldiko partez, irakurtzen bukatu ondoren ezin naiz lokartu. Nire background musikala errepasatzen ari naiz. Ez naiz Muguruza musikaren jarraitzaile amorratua, Springsteenen jarraitzailea ez naizen moduan. Bale, Kortaturen abestiak ezagutzen ditut. Txikitan Negu Gorriaren “Bertso Hop” kanta nire Hondarribiko lagunekin entzuten genuen behin eta berriz “kaltzontziloaren” zatiarekin barrez lehertzeko. Dut taldearekin batera 1997. urtean kaleratu zuen “Ireki ateak” lana oso potentea eta aurrerakoia dela esango nuke. Zuzenean ikusi nituen. Geroztik, ezer gutxi. “Black is Beltza” komikia etxean daukat. Eta, noski, Toots and The Maytals, Beasty Boys, The Jam, Sex Pistols, The Clash, Jimmy Cliff, Marley eta beste hainbat talde nik ere maite ditut.

Ohean bueltaka jarraitzen dut. Elkarrizketaren kausa-efektu erlazioa izango da. ETA, GAL, eskuin muturra eta heroinaren hatzaparra erraldoiak ikusten ditut. Belaunaldi askoren bizitzak ilundu dituztela pentsatzen ari naiz. Fermin Muguruza bizirik badago MIRARI bat da. Eduardo Madina bezala. Biak dira biktimak, biak musikazale amorratuak. Lagunak. Harresiak tristeak dira, zubigileak beharrezkoak. Ea azkar lokartzen naizen.

01. Txondorra, gomendioa eta folka

Hiru zatitan banatu dut nere Gaztezuloko lehen post hau. Lehenengo zatian Donostian dagoen kulturgune berezi batetaz hitz egingo dizuet. Ondoren, Gaztezuloko aldizkari fisikoan argitaratzea zailagoa den musika talde bikain bezain zahar batetaz mintzatuko naiz. Eta azken zatian, duela astebete egin zidaten galdera bat plazaratuko dut.

Txondorra:txondorra1

Donostiako, barkaidazue, Egia auzoko; barka berriro ere… Egiako kulturgune berezi bat da Txondorra. Karmengo Ama kaleko 60an dago eta bertan tallerrak egiten dira. Arte disziplina ugari lantzen dituzte: antzerkia, xilografia, serigrafia, pintura, argazkigintza, kitarra ikastaroak, software/hardware librea…eta bertan Ttan-ttakun irratia aurki daiteke ere.

Nik gehien ezagutzen dudan arloa kontzertuena da. Normalean erakustaldi pertsonalak bilatzen dira bertan egiteko. Oso leku berezia da musika jotzeaz gain artistei solasteko aukera ematen zaie eta. Neretzat bereziki gogoangarriak izan diren kontzertuak hauek dira: Bi zaldi, Physis versus Pelax, Joseba Bele Noir, Nire, Zamarra eta aterkia, Kasernarat, Bidelapurrak, Mal de ojo, Mikel Uraken, Mikel Karton… Bertan momentu bereziak bizi izan ditugula ziur nago.
Kontzertuak egiteko aretoa txikia den arren beti izaten da zaila Donostia kultural honetan publizitate gutxiko saioak guztiz betetzea.
txondorra.net webgunean duzue informazio osoa. Bertan ikusiko gara!

Gomendioa:

Gaztezulo aldizkari fisikoaren lan egiteko forma dela, iada berrikuntzak ez diren eta gustuko musikari buruz idazteko aukera dut blog honetan. Kritiken 600 karaktereen muga ahaztua dut iada. Hala ere ez dut informazio asko eman nahi, interesa duenak hor baitu internet osoa gehiago ikasteko.

Donostian, ziur nahastua nagoela, 4 pertsona bakarrik ezagutzen ditut talde hau zein den badakitenak.

June of 44 aurkezten dizuet. Biografia irakurtzeko wikipedia duzue.

Bideoko argazkiko neska nor da?

Gogoan dut “Engine takes to the water” Kaxi lagunaren kotxean entzuten genuela biok. Pasarte isil-isilak ditu bat-batean, abixatu gabe, lehertzen direnak. Xuxurlak eta garrasiak kanta berdinean kondentsatzeko gaitasuna zuten talde desberdinetatik zetozen artista hauek.

Garai hartan Faraquet musika taldea ezagutu genuen ere, eta bi talde hauek mugarriak izan ziren nere hezkuntza musikalean.

Rockaren erpin ezberdinak ezagutu nituen horrela.


Aurrerago taldearen diska gehiago entzuteko ohitura hartu dut, iada ezin naiz beraien musikatik banandu, eta benetan, bihotzez, gomendatzen dizuet.

Galdera:

Duela hil batzuk “Pet fennec” talde donostiarraren kontzertuan soinu teknikari lanetan ibili nintzen. Eta azken aldian egin ohi dudan bezala nere azken diska marketing agresiboz saltzen ari nintzela (diskazua, erosi nahi badezue bost euroren truke ta bestela entzun interneten!) taldeko kitarristak ea zer musika mota jotzen nuen galdetu zidan.

Nik betikoa erantzun nion; ez dakidala, gaia ez zaidala interesatzen, kitarra eta ahotsa erabiltzen nituela bakarrik…baina zerbait esatekotan “Folk-psikodelikoa” izena erabiliko nuela.

Bere erantzuna, maliziarik gabea eta umoretsua noski, brutala izan zen nere neuronentzat; “Folk? Baina zer folk? Nongoa?”… Eta buruan bueltaka ibili zait galdera hori aste guztian zehar; Zer da euskal folka? Trikitixa eta panderoa? (Bide batez interesgarria da Trikitia jotzen noiz hasi ginen begiratzea) Txalaparta? EAJ-k aberri egunean jartzen duen musika? Topaguneko ska-punka? Edo dantzatzeko regetoi feminista? Nik kitarra jotzean zer ostia egiten dut?

Suposatuko duzuen bezala folk folklore hitzetik dator. Atera kontuak.

P.S: Clara Rockmore zein den badakizue? Eta jotzen zuen musika tresna ezagutzen duzue?

Milesker irakurtzeagatik, edozer gauzarengatik idatzi eta ondo pasa eguna!