Aupa! Ongi etorri musikari buruzko hitzetara!
Hiru ataletan banatu dut testu hau.
Lehendabizi gaur egungo egoera “musikalari” buruz arituko naiz, musikaren inguruan dabilenak bizirauteko arazoak dituelako.
Ondoren zer musika entzuten duzun galdetuko dizut, irakurle.
Azkenik azkarrean pentsaturiko soluzio-zantzu batzuk ematen saiatuko naiz, eta laburpen-ondoriotxo batera iristen ere.
Hasieratik argi utzi nahiko nuke ez naizela inor inori zer egin behar duen esateko. Baita egia absolutuaren jabea ere ez naizela argi utzi nahi dut. 28 urteko euskaldun bat naiz, jendarte batean jaioa. Inork jaio nahi nuen ere galdetu ez zidanez, gutxienez, kexatzeko eskubide osoa dudala uste dut.
1. Gaur egungo panorama:
Duela gutxi Badok.eus atarian gaur egungo musikariek pairatu behar ditugun egoeretaz kexatu nintzen. “Txikiarazitako” 12 kanta aukeratu nituen bertan. Eta gauza bakarrean kontzentratu ohi den pertsona naizenez kontu bera zabaltze aldera berdinaz solastuko naiz gaurkoan ere.
Zaila da, lan guztiak bezala, musikarion egitekoa. Egitekoa esan dut, bai. Asko errepikatzen baitigu gizarteak, zuzenean edo inplizituki bizitza honetan praktikatu behar dugun bizimoldea zein den. Finean, dirua lortu eta ondoren bizi. Ez dio axola zertan ibiltzen zaren, legala izan dadila. Honela gizartean integratutako pertsona ona izango zara.
Gustokoa duzun horretan lan egitea da idealena, diruz saritua den bitartean.
Bi lan mota daudela irakurri nuen behin. Mendebaldeko euskaran “beharra” deitzen zaiona, ingeleraz job. Eta lana, ofizioa edo “work”. Gaur egun nahastu egin dira eta musikariok eskizofrenia bizefaliko batera kondenatuak gaude. Gure lana musika egitea da, baina beharra daukagu “beharra” egiteko.
Gaur egun biak elkartzeko musika komertziala egin beharko genuke. Saldu daitekeena, eskaria beteko duena. Honi deitzen zaio kolokialki saltzea. Janari azkarra bezalako zabor-musika azkarra egiten da, momentu puntual batean aspertzeraino ustiatzen dena, meatzaritza musikala.
Hala ere badira adibideak, eta ez dira gutxi, Euskal Herriko merkatu txiki honetan, eskaintza-musikal berriak sortu eta ondoren publikoak erosi egin dituztenak.
Euskal Herrian erabiltzen den formula idealizatua honako hau da. “Originala” den musika zintzoa eginez publiko fanatiko fidel bat sortzea. Berri Txarrak erabiltzen da bide honen adibide bat bezala. Hain sinplea ez da izango, 20 urtetan egin duten inurri-lana hor azpian baitago.
Epaiketa moralak alde batera utzita egoera deskribatzen jarraituko dut.
Nola ezagutzen dugu musika berria?
Inoiz baina musika gehiago sortzen da gaur egun. Entzungai ehuneko handi bat dugu gainera. Baina galdeketa egiten badugu irratietatik botatzen den musika ezagutzen da orokorrean.
Ezagutza bideak dira egoeraren errudunak. Ezagutza ohiturak hobeto esateko.
Gaur egungo internetan -librea eta irekia den sarean – interkonexioa ez da existitzen praktikan. Bide bakarra hartzen du informazio jarioak. Publizitatea erosi dezaketenek denok erabiltzen ditugun plataformetan iragartzen digute guk ondoren ezagutzen/entzuten dugun musika.
Gomendioetaz ari naiz, algoritmo hotz soilez makillatzen baitira gaur egun iragarkiak. Manipulatuak gaude, ezer berririk ez.
Horregatik dira Youtube , Spootify eta Facebook bezalako plataformak hain garrantzitsu edozein online-marketing kurtsotan.
Urteetan zehar irratiak eta telebistak eduki dute botere hori, galbahe-kontrola. Gaur egun internet bidez, ezkutuago gertatzen da berdina.
Portaera honek esplika lezake injustizien aurrean hartzen dugun jarrera pasiboa.
Hala ere, errealitatea burugogorra da, eskerrak! Eta sarean egia osoa den bizitza birtuala gezurrezkoa daerrealitatean.
Kontzertu asko ditugu urtean zehar, disko asko, nere ustez oso onak gainera. Sentimendua eta maitasuna bizirik mantentzen dira nahiz eta entzuleak gutxi izan. Oraindik esnatzear daudenen zain nago.
2. Zer musika entzuten duzu? Zer musika ezagutzen duzu?
Erantzunak harritu zaitzala.
3. Soluzio batzuk:
Suposatzen dut ez dudala gurpila asmatuko, saiakera aunitz egon direla jada. Asko ez luzatzearren hurrengorako gordeko ditut ideiak.
PD: Politikan ere manipulazioa badago, argiago ikusi daiteke, nahi badugu. Musika erabili ohi da sentimenduak eragiteko mezuak indartuz. Baina uste dut arteak, kritikotasunean hobetze aldera, boterea ere eduki beharko lukeela.
Pingback: 04. Musika aditzen ez duten gazteak | Orratzak dantzan