Hileko artxiboak: urtarrila 2017

01. Txondorra, gomendioa eta folka

Hiru zatitan banatu dut nere Gaztezuloko lehen post hau. Lehenengo zatian Donostian dagoen kulturgune berezi batetaz hitz egingo dizuet. Ondoren, Gaztezuloko aldizkari fisikoan argitaratzea zailagoa den musika talde bikain bezain zahar batetaz mintzatuko naiz. Eta azken zatian, duela astebete egin zidaten galdera bat plazaratuko dut.

Txondorra:txondorra1

Donostiako, barkaidazue, Egia auzoko; barka berriro ere… Egiako kulturgune berezi bat da Txondorra. Karmengo Ama kaleko 60an dago eta bertan tallerrak egiten dira. Arte disziplina ugari lantzen dituzte: antzerkia, xilografia, serigrafia, pintura, argazkigintza, kitarra ikastaroak, software/hardware librea…eta bertan Ttan-ttakun irratia aurki daiteke ere.

Nik gehien ezagutzen dudan arloa kontzertuena da. Normalean erakustaldi pertsonalak bilatzen dira bertan egiteko. Oso leku berezia da musika jotzeaz gain artistei solasteko aukera ematen zaie eta. Neretzat bereziki gogoangarriak izan diren kontzertuak hauek dira: Bi zaldi, Physis versus Pelax, Joseba Bele Noir, Nire, Zamarra eta aterkia, Kasernarat, Bidelapurrak, Mal de ojo, Mikel Uraken, Mikel Karton… Bertan momentu bereziak bizi izan ditugula ziur nago.
Kontzertuak egiteko aretoa txikia den arren beti izaten da zaila Donostia kultural honetan publizitate gutxiko saioak guztiz betetzea.
txondorra.net webgunean duzue informazio osoa. Bertan ikusiko gara!

Gomendioa:

Gaztezulo aldizkari fisikoaren lan egiteko forma dela, iada berrikuntzak ez diren eta gustuko musikari buruz idazteko aukera dut blog honetan. Kritiken 600 karaktereen muga ahaztua dut iada. Hala ere ez dut informazio asko eman nahi, interesa duenak hor baitu internet osoa gehiago ikasteko.

Donostian, ziur nahastua nagoela, 4 pertsona bakarrik ezagutzen ditut talde hau zein den badakitenak.

June of 44 aurkezten dizuet. Biografia irakurtzeko wikipedia duzue.

Bideoko argazkiko neska nor da?

Gogoan dut “Engine takes to the water” Kaxi lagunaren kotxean entzuten genuela biok. Pasarte isil-isilak ditu bat-batean, abixatu gabe, lehertzen direnak. Xuxurlak eta garrasiak kanta berdinean kondentsatzeko gaitasuna zuten talde desberdinetatik zetozen artista hauek.

Garai hartan Faraquet musika taldea ezagutu genuen ere, eta bi talde hauek mugarriak izan ziren nere hezkuntza musikalean.

Rockaren erpin ezberdinak ezagutu nituen horrela.


Aurrerago taldearen diska gehiago entzuteko ohitura hartu dut, iada ezin naiz beraien musikatik banandu, eta benetan, bihotzez, gomendatzen dizuet.

Galdera:

Duela hil batzuk “Pet fennec” talde donostiarraren kontzertuan soinu teknikari lanetan ibili nintzen. Eta azken aldian egin ohi dudan bezala nere azken diska marketing agresiboz saltzen ari nintzela (diskazua, erosi nahi badezue bost euroren truke ta bestela entzun interneten!) taldeko kitarristak ea zer musika mota jotzen nuen galdetu zidan.

Nik betikoa erantzun nion; ez dakidala, gaia ez zaidala interesatzen, kitarra eta ahotsa erabiltzen nituela bakarrik…baina zerbait esatekotan “Folk-psikodelikoa” izena erabiliko nuela.

Bere erantzuna, maliziarik gabea eta umoretsua noski, brutala izan zen nere neuronentzat; “Folk? Baina zer folk? Nongoa?”… Eta buruan bueltaka ibili zait galdera hori aste guztian zehar; Zer da euskal folka? Trikitixa eta panderoa? (Bide batez interesgarria da Trikitia jotzen noiz hasi ginen begiratzea) Txalaparta? EAJ-k aberri egunean jartzen duen musika? Topaguneko ska-punka? Edo dantzatzeko regetoi feminista? Nik kitarra jotzean zer ostia egiten dut?

Suposatuko duzuen bezala folk folklore hitzetik dator. Atera kontuak.

P.S: Clara Rockmore zein den badakizue? Eta jotzen zuen musika tresna ezagutzen duzue?

Milesker irakurtzeagatik, edozer gauzarengatik idatzi eta ondo pasa eguna!