Egilearen artxiboa: Iruñe Astitz Larunbe

Honi buruz: Iruñe Astitz Larunbe

27 urteko barañaindarra. Marisaltsera izatez eta bokazioz. Barrez lehertu arte kroketarena egitea gustatzen zait. Txikitatik kirol ezberdinak egin baditut ere saskibaloia da nire pasioa. Sei urte baloia ukitu gabe egon ostean, zapatilak jantzi eta kantxetara bueltatu naizen honetan, txoko honetan kirolak emakume izena eta aurpegia duela erakutsiko dizuet. Prest zaudete?

2019ko urtarrilak 30, gogoan izateko data

Nork esan du emakumezko kirolak jarraipenik ez duela? Aspergarria dela eta ez duela interesik? Beste behin, Athletic-eko jokalariek, markak apurtu zituzten San Mamesen 48.000 zaletu biltzean. Emakumezkook bizitzako beste esparru askotan egin bezala, kirolean ere, gure espazioa aldarrikatzeko aukera berria izan zen, eta nola egin ere!


Bai, markagailuan 0-2ko emaitza gelditu zen, baina, norgehiagoka baino gehiago irabazi genuen. Alde batetik, bi taldetako jokalariek eta euren inguruko fisio, prestatzaile fisiko, entrenatzaile, delegatu, etab; bestetik, zaletuok, maila goreneko futbolaz gozatzeko aukera izanagatik; eta, bukatzeko, emakumezkoon kirolak merezi duen espazioarengatik borrokatzeagatik eta erreferente izateagatik.

Athletikzalea banaiz ere, ezin aipatu gabe utzi Realeko neskek partidua irabazi eta #KoparenBila borrokan jarraituko dutela Rayo Vallecanori 4-0 irabazi ondoren.

Gutxi barru euskal derbia izango dugu Anoetan (Donostia) eta martxoaren lehenengo astean, Buesa Arenan (Gasteiz), Espainiako Erreginaren Kopaz gozatzeko aukera izango dugu (3 euskal taldek eta hainbat euskal jokalarik parte hartuko dute).

Ez dakit zuek, baina hau, jada, ez dago gelditzerik. Nik ahal dudan heinean ez dut galduko. Eta zuek?

Ustezko berditasuna = desberdintasuna

#KontraKantxa ireki eta emakumea eta kirolaz hitz egiten hasi nintzenetik asko dira gaiaren inguruan izan ditudan solasaldiak. Oso interesgarriak izan dira guztiak, gaiaren inguruan hausnartzen jarraitzeko bideak ireki dizkidatelako horietako askok. Horietako batean, pertsona batek galdegin zidan [testualki ez dut gogoan nola] ea zergatik nengoen kirolean berdintasunarekin hain tematuta, ea lortu nahi nuena zen emakumezkoek gizonezko kirolariek irabazten duten dirutzarra irabaztea.

Hori entzun nuenean zerbait gaizki egiten ari nintzenaren sentsazioa izan nuen. Baina ez okertu, ez. Gaizki eginaren sentsazioa hori pertsona horrek nire nahia eta borroka hau horrela ulertzeagatik [gizonezkoa zen, kasualitatea ote? ez dut uste] . Izan ere, azken urteetan, ustezko berdintasunaren baitan, (gaizki)ulertu egin da emakumezkoon eta gizonezkoen arteko berdintasun hori lortzeko  emakumezkoei ez duten pribilegioak emanez lortzen dela baina gizonezkoek dituzten pribilegioak galdu gabe [noski, hemen sartu beharko ginateke ere ea zein emakumeri eta zeini ez eman zaizkion pribilegio “berriak” eta zergatik gertatu den hori, baina gaur horretaz aritzeko ez dugu tarterik]. Adibidez emakumezko futbolariek gizonezkoen soldata desproportzionatu horiek berdintzea edota zuzendaritza taldeetan emakumezkoren bat edo bi sartzea, talde hori handituz.

Ustezko berdintasun horri egoera partxeatzea deitzen zaio nire etxea eta Munduko txoko txikienean ere. Emakumezkoen eta gizonezkoen arteko desberdintasuna botere harremanetan oinarrituta dago. Horrela, bizi garen sistema heteropatriarkal eta kapitalistan gizonezkoek pribilegio gehiago dituzte emakumezkoak baino [kontuan hartu emakumeen artean ere desberdintasunak egongo direla, eta hortaz, botere harremanak jatorri, adin, klase eta kulturaren arabera]. Hori dela eta, berdintasun erreala lortzeko, jatorriz pribilegioak dituztenak horiei uko egin beharko diote pribilegiorik ez dutenek boteretu eta maila berera heltzeko. Adibidez: Talde batean 4 gizonezko badaude eta emakumezkoak sartu nahi baldin badituzte taldean berdintasuna ziurtatzeko, talde horretako  2 gizonek euren lekua galdu beharko dute (pribilegioa) 2 emakumezko taldean sartzeko. Izan ere, orain artean bezala jokatuz gero, taldea 4 kidetik 6 kidera pasako litzateke non 4 gizonezkoak izaten jarraituko luketen emakumezkoak 2 izango zirenean. Berdintasuna non?Hau kontuan izanda imajinatuko duzue ze aurpegirekin geratu nintzen ni, ezta? [Beno, GIFekin ideia bat egin dezakezue].

Geroz eta min eta amorru handiago egiten dit ikusteak zenbatetan emakumezko kirolariek jasan behar dituzten gutxiespenak; emakumezko taldeen desegiteak instituzioetatik dirurik sartu ez eta klubak taldera dirurik ez bideratu nahi ez izatean; edota haurdun geratzeagatik milaka oztopo aurkitzen dituztenean. Bere garaian Osasunarekin gertatu zen, gizonezkoak 2. mailara jeitsi zirelako emakumezkoen taldea desegin zutela eta hori dela eta sortu zen Mulier F.C. 

Zenbatetan irakurri,entzun edo ikusi dugu txapelketa berdin batean  emakumezkoen eta gizonezkoen kategorietako sarien arteko desberdintasunaz? Aurrekoan txio hauekin topatu nintzen, Athletikek Coruñan jokatu zuten Teresa Herrera txapelketaren emaitza begiratzen ari nintzela:

Badirudi “handitasuna” dela garrantzia duen gauza bakarra: zenbat eta trofeo handiagoa, zenbat eta muskulatura handiagoa, zenbat eta soldata handiagoak.. Beharrezkoa al da handitasun hori? Ez al da gehiegizkoa dena?

Badut sentsazioa pribilegiodunek besteei pribilegioak ematen dizkieten heinean eurenak handitzen dituztela, ez dela galtzen dutela edo berdintasun erreal batetara iristen direla eta euren berdinak bihurtzea benetan!

Nik emakumezko kirolariak eta hauen inguruan dauden emakumeen (fisioak, kirol-kazetariak, prestatzaile fisikoak, etab luze bat) lan guztia aitortzea eta merezi dute garrantzia ematea baino ez dut nahi: bigarren mailako kirolari bezala tratatzeari utzi eta merezi eta behar duten bezala tratatzen hastea eta “emakumezko kirolak ez du jarraipenik, ez dute mailarik” bezalako esaldi lotsagarriak esaten dutenak argi geratzea hori ez dela horrela. Hor daude emakumezko kirolarien kirol emaitzak.

Ez dut gehiago luzatu nahi ze bestela datorren urterarte egon nintzake hemen. Zer uste duzue zuek gai honetaz? Nola bizi duzue ustezko berdintasun hau? Utzi zuen iruzkinak!

Hurrengora arteee ekipo!!!

Euskal taldeak maila gorenean

Kaixo Kaixo ekipooo!

Zelan doa ikasturte hasiera? Beno, hasiera ia aspaldi pasa dela, ez? Kar, kar, kar.

Ni ezin baino hobeto eman diot hasiera ikasturteari. Iraileko postean kontatzen nizuen bezala, Tenerifen izan nintzen Munduko Saskibaloi Txapelketako azken egunean. Pena eman zidan australiarrek partidu hasieratik finala galdutzat ematea, hasieratik amore emantez ze oso final aspergarria suposatu zuen. Hala ere, ai amaa!! Ez dakizue zelako ilusioa eman zidan Breanna Stewart eta Elena Delle Done hain gertutik ikusteak!

Tira, ikasturtea eta beraz denboraldia martxan jarri da dagoeneko. Asko dira maila gorenetan jokatzen ari diren euskal emakumeak  eta euskal taldeak. Horregatik gaur kirol ezberdinetan euskal taldeek izan duten denboraldi hasiera erakustea erabaki dut. Prest zaudete?

Saskibaloiarekin hasiko gara. Espainiar Estatuan bi dira maila goreneko txapelketak (Liga Día edo LF1; eta LF2) eta bietan euskal taldeak ditugu!

Liga Dia (Liga Femenina 1)

Lointek Gernika Bizkaiak (Gernika) txapelketako hirugarren postuan dago, jokatu dituen hiru partiduak irabazi dituela. Horretaz gain, talde gernikarrak EuroCupean parte hartzen ari da. Taldekako faseko lehenengo norgehiagokan Spar Citylift Gironaren aurka galdu bazuen ere, gernikarrek txapelketa polita egiteko aukera dute. Albiste izugarri ona da ETBk, ETB4 katearen bidez, etxean jokatzen dituzten partiduak zuzen-zuzenean emango dituztela!

IDK Gipuzkoako neskek (Donostia) gernikarrak gertutik jarraitzen dituzte, txapelketako laugarren postuan daudelarik, jokatutako hiru partiduak irabazteagatik. Bosgarren postuan, hiru garaipenekin ere, RPK Araski gasteiztarrak daude.

Aizuek! Hiru talde euskaldunak txapelketaren lehenengo bost postuetan ditugula! Eta ez da hori bakarrik, azken egunetan jakin dugu  Espainiako Erreginaren Kopa Gasteizen jokatuko dela! Gaur egungo klasifikazioa ikusita, euskal talde guztiek parte hartuko lukete kopan.

Liga Femenina 2

Oses Construción Ardoi (Zizur Nagusia) berria da txapelketan eta zer nolako hasiera izan duen! Hiru norgehiagoketatik hirurak irabazi ditu. Bertako jokalariez osatutako talde nafarra txapelketako bigarren postuan dagoen bitartean, GDKO Ibaizabal (Galdakao) taldea bederatzigarren postuan dago norgehiagoka bakarra irabazteagatik.

Futbolarekin jarraituz, Liga Iberdrolan bi euskal talde ditugu: Athletic eta Erreala. Zuri-gorriek hasiera gogorra izan dute, lau jardunaldietan garaipenik lortu ez zutela (bi norgehiagoketan berdinketa lortu zuten), txuri-urdinen aurkako partiduan gailendu eta Betisen aurka berdinketa lortu zutela.

Txuri-urdinek, derbia galdu bazuten ere, denboraldia ederki hasi zuen, lehenengo lau norgehiagoketan hiru garaipen eta berdinketa bat lortu zutela. Hala ere, txuri-gorrien aurka galdu ondoren, azken jardunaldia bere bigarren porrota jaso zuen neurketa arraro batean.

Iturria: @athletic_eus

Eskubaloiarekin jarraituz, Super Amara Bera Berak (Donostia), hirugarren postuan dagoela, hasiera oso gogorra izan zuen SuperKopa eta Championsa dela eta. Superkopa irabazten hasi zen denboraldia, Championseko norgehiagoketatik bat irabazi eta EHF Cupeko hirugarren fasera pasatu zen. Ligari dagokionez, bi garaipen lortu zituen txapelketaren lehenengo jardunaldietan, baina huts egin zuen Athlético Guardas taldearen aurkako partiduan. Azken jardunaldian puntu bakarra lortu du, lidergotza bi puntutara duela.

HGB Prosetecnisa Zuazok (Barakaldo) hasiera ona eman zion denboraldiari. Hala ere, Barakaldoko talde gazte honek oraindik ez du etxean garaipenik eskuratu. Bi garaipenekin, lau punturekin, hamargarren postuan dago txapelketan.

Bukatzeko, Erreala da belarreko hockeyeko txapelketa gorenean lehiatzen den euskal talde bakarra. Aurreko denboraldian liga irabazi zuen eta aurten zazpigarren postuan dago, bi partidu irabazi, hiru galdu eta batean berdindu ostean.

Izugarria, ez duzue uste? Talde hauetakoren bat jarraitzen duzue? Zein(tzuk)? Kontaidazue iruzkinetan eta txiokiñean!

Hurrengora arte ekipo!!!!

——-

PD: Ane Urkiri kirol kazetaria asko damola. Futbola eta eskubaloia gertutik jarraitzen ditu, beraz, zeren esperoan zaudete bera jarraitzeko?

 

I love this game!

Kaixo kaixo!!!

Zelan zaudete? Ni nekatuta bian super ultra mega hiper emozionatuta bihar Tenerifera noalako!!!

Erranen duzue: “OK Iruñe, zorionak!”. Normal, ez baita asko idatzi eta hitz egin Tenerifen pasa den irailaren 22tik jokatzen ari den Saskibaloiko Munduko Txapelketaz [Txiokiñean #FIBAWWC traolaren bidez jarraitu dezakezue]. Beno, kontua da nire emozio honen jatorria [oraindik ez dut sinisten] igandean jokatuko den finala zuzenean ikusiko dudalako! Beraz, badakizue, instagramen (@arkkuso) jarraitu =P

Bukatzear badago ere, oraindik partidu dezente geratzen direnez hementxe nator, zuei txapelketako gida azkar bat egitera: Ze taldek parte hartu du txapelketan? Nolakoak izan dira orain arteko norgehiagokak? Zeintzuk dira jarraitu beharreko jokalariak?

Laburtzearren, txapelketa irailaren 22an hasi zen. Guztira 16 selekziok parte hartu dute, 4 taldeetan zozketaz banatuta izan zirenak. Talde-fasean lehenengo postuan geratutako taldeek (Kanada, Australia, Belgika [zelako talde potentea! Espainiari irabazi ez zion ba!] eta Ameriketako Estatu Batuak) final laurdenetarako txartela eskuratu zuten.

Bigarren eta hirugarren postuetan geratu ziren selekzioek (Espainia, Senegal, Txina, Japonia, Frantzia, Turkia, Nigeria eta Grezia) euren artean lehiatu behar izan zuten final laurdenetara nor sailkatuko zen erabakitzeko.

Asteburu potentea dugu aurretik beraz. Ostiralean final laurdenak jokatuko dira (Espainia vs. Kanada; Australia vs. Txina; Belgika vs. Frantzia eta AEB vs. Nigeria). Larunbatean semifinalak izanen dira eta igandean finala.

Belgika eta Nigeria dira niretzat txapelketako sorpresak, beraz gertutik jarraitu beharko partiduak dira Espainia-Kanada eta Belgika-Frantzia partiduak. Pena bat da nigeriarrak AEBko jokalarien aurka jokatu behar izatea, hasiera batean amerikarrek erraz irabaziko dietelako.

Jokalariei dagokienez, hauek dira niretzat gertutik jarraitu beharreko jokalariak:

Breanna Stewart (AEB)

WNBAren MVP (jokalaririk preziatuena) izandakoarekin hasi beharra daukat zerrenda. 25 urte ditu eta bere taldearekin (Seattle Storm) WNBA irabazi du. Horretaz gain, ikasturtean zehar Txinako ligan parte hartu du. 2014an munduko txapelduna izan zen eta 2016an Olinpiar Jokoetan gailendu ziren estatu batuarrak.

Alba Torrens (Espainia)

Espainiako selekzioaren izarra, hamar urte egiten ditu aurten talde absolutuarekin debutatu zuela. Oso jokalari azkarra da bai abiadurari dagokionez zein jokoaren irakurketarekin.

Li Yueru (Txina)

19 urteko gazteak bere lehenengo munduko txapelketa jokatzen ari da. Pivot posizioan jokatzen du eta uste dut gertutik jarraitzeko jokalaria dela.

Kia Nurse (Kanada)

WNBAn lehenengo denboraldia egon ostean, Kanadako taldearen gidaritza du bere gain. Base posizioan jokatzen du eta jokoa irakurtzeko duen gaitasunagatik ezagutua da 22 urteko jokalari hau.

Emma Meesseman (Belgika)

Txapelketako deskubrimendua niretzat. Elena Delle Donerekin (AEB) WNBAko Washington Mystics taldean jokatzen badu ere [badakizue Elena Delle Donneri diodan maitasun eta miresmena) ez nuen aintzat hartuta txapelketa hasi aurretik. Espainiaren aurka 25 urteko belgikar honek egin zuen partiduan egin zuen papera ITZELA izan zen! Beraz, gertutik jarraitu beharko da..

Liz Cambage – Australia

Oso jokalari potentea dugu australiarra eta hala erakutsi du duela aste batzuk bukatu zen WNBAren azken denboraldian. 2,03 metroko luzera duen jokalari hau txapelketako MVP izateko deitua dago txapelketa hasieratik. Ikusi beharko dugu Australiak Txinaren aurkako partiduan zer nolako papera duen.

Ai, ai, aiiii!! Ez dut sinisten benetan Tenerifera joango naizenik benetan! Beraz, nire abenturatxoa jarraitu nahi baduzue, badakizue, instagramen @arkkuso bilatu eta jarrai nazakezue!

Besarkada bat politaaakkk!!!

 

PD: ikusten duzuenez dagoeneko OTra engantxatu naiz.. Eta zuek?

Kontxako banderan ere arrosak nagusi?

Euskotren Liga irabazi berri dute Pasai Donibaneko arraunlariek. Batelerak bezala ezagunak dira, bere garaian Pasai San Pedrotik, Pasai Donibanerako ur bitarteko ontzi bidea egiten zutenen omenez. Arrosa koloreak damola, ez da gauza berria [nire taldearen ekipazioa arrosa eta beltza da!].

Txiki-txikitatik familiarekin Orion udak ematearen emaitza izan da arraunaren inguruko miresmena. Noski, futbolean Athletikzalea banaiz [honi, nahi baduzue, beste batean helduko diogu], arraunean oriotarra naiz [nola erraten da Orioko taldearen zalea? utzi iruzkinetan mesedez!]. Hondartza ostean, espigoian zehar edo herriko kaian jezarri eta trainerua pasatzen ikusteak biziki gustatzen zaidan gauza da. Eta ez niri bakarrik, hor ibiltzen zen [orain ez nago seguru] Benito Lertxundi oriotarren entrenamendua ikusten. Beno, ba Orioko taldeak nesken taldea osatu zuenean [2010 urtean oker ez banago] ez dakizue zelako ilusioa egin zidan!

Iraileko lehenego bi igandetan lehiatzen dira [gizonezkoetan zihur nago honetaz, baina emakumeetan ez nago guztiz ziur]  bandera preziatuena lortzeko bidean. Egundoko giroa izaten da egon horietan Donostian, kaia eta alde zaharra kolore ezberdinek janzten dutela: horia, gorria, berdea, arrosa, urdina…

Urteak igaro ahala gero eta maila altuagoa sumatzen da bai ligan (Euskotren Liga zein Gipuzkoana/ ETE ligan), nola Kontxako Banderaren lehian. Dagoeneko Donibaneko Batelerak liga irabazi badute ere, bandera preziatuena oraindik nork irabaziko duen erabakitzeke dago.

Orain arte Euskotren Liga zen emakume arraunlarien liga ofizial bakarra, Liga Gipuzcoana delakoa baldin bazegoen ere. Hori dela eta, aurtengo denboraldia hasi aurretik elkartu eta Euskotren Ligarekin batera beste txapleketa ofizial bat sortzea erabaki zuten: Emakumeen Traineru Elkartea liga (ETE). Hori horrela, ekainean, denboraldia hasi aurretik, Euskotren Ligan lehiatuko zirenak kanporaketa baten bidez erabaki zen. Kanporaketa honetara Euskotren Ligan lehiatu nahi duen talde orok izena eman dezake, beti ere txapelketaren oinarriak betetzen dituenean.

Hemen dituzue Euskotren Ligan zein ETEn parte hartu duten taldeak sailkapenaren arabera:

  • Batelerak (Pasai Donibane). Arrosa koloreagatik identifikatu ditzakezue. Kontxako Bandera lau aldiz irabazi dute (azkenekoa aurreko urtean) eta 2014 urtetik Emakumezkoen Traineru Ligako garaileak dira.
  • Orio (Orio). Kolore horiarengatik identifikatu ditzakezue oriotarrak. Aurten Batelerak oso gertutik jarraitu dituzte eta Kontxako Bandera irabazteko aukera handiak izan ditzaketela errango nuke. Aupa Orio!
  • Donostia Arraun Lagunak (Donostia). Aurretik saiakeraren bat egon bazen ere, 2015a arte ez zuten emakumezko talderik osatzea lortu. Zuria eta urdina dira haien koloreak.
  • Hondarribia (Hondarribia). Ama Guadalupekoa da euren traineruaren izena eta kolore berdearengatik desberdindu ditzakezue. 2005ean sortu zen emakumezkoen taldea.
  • Donostiarra (Donostia). Hauen kolorea ere zuria eta urdina dira eta 2017an ureratu zuten Torrekua (traineruaren izena) lehengo aldiz.
  • Deustu (Deustu). 2016an Bizkaiko hainbat arraunlari batu eta talde gipuzkoarrekin lehiatu ziren lehengo aldiz. Kolore gorriarengatik desberdindu ditzakezue.
  • Kaiku (Sestao). Sestaoko emakumeek aurten izan dute Bizkaitarra ureratzeko lehengo aukera. Berdea da euren kolorea.
  • Hibaika (Errenteria). Beltza, gorria eta txuria dituzte talde kolore bezala. 2012a izan zen emakumezkoen trainerua osatu zuten lehengo urtea.
  • Cabo da Cruz (Boiro). 2015ean Hondarribin jokatu zen lehenengo emakumezkoen traineru estropadako garaile izan ziren arren, 2014 urtera arte ez zuten emakume taldea osatzea lortu.
  • Tolosaldea (Tolosa). 2008an sortu zuten emakumezko taldea eta 2009tik 2017ra bitarte Getariako taldearekin batera ibili dira. 2018an berriz taldea osatu dute Tolosaldea izenpean, Zarautzekoekin ituna sinatu ostean. Euren kolorea urdina da.
  • Hernani (Hernani). 2015ean ureratu zuten lehengo aldiz trainerua Hernaniko emakumeek. Berdea, txuria eta gorria dituzte kolore.
  • Lea-Artibai (Ondarru, Lekeitio eta Elantxobe). 2017an sortu zuten taldea eta euren koloreak txuria, beltza eta urdin argia dira. Talde gaztea bada ere, denboraldian zehar markak hobetzen joan dira.

Kontxako bandera denboralditik kanpo dagoen txapelketa bada ere, bandera preziatuenetarikoa da bai arraunlari zein zaleentzat. Kontxako banderaren lehia abuztuaren 30ean hasiko da kanporaketarekin. Sailkatutakoak irailaren lehenengo eta bigarren igandean itsasoratuko dira Kontxako Bandera irabazteko helburuarekin.

Beraz, badakizue, iraileko lehengo bi igandeak [bereziki bigarrena jejejje] ongi gorde eta hurbildu zaitezte Donostira, neskak animatu eta primeran pasatzera!

 

 

Saskibaloiak damola, gurpil-aulkian ere bai!

Saskibaloia aurten mundu mailako txapelketekin topera dabil. Irailaren bukaeran, astebetez jokatuko den Munduko Saskibaloi Txapelketarekin super pozik nengoela, kasualitatez (tamalez) beste txapelketa baten berri izan dut azken egunetan. Egun hauetan, abuztuaren 16tik 26ra bitarte zehazki, Hanburgon (Alemania) Munduko Gurpil-aulki Saskibaloi txapelketa jokatuko da!

Eta badakizue onena? Bi kirolari euskaldunek parte hartuko dutela bertan! Izan ere Beatriz Zudaire (Iruñea, 2000) eta Agurtzane Egiluz (Gasteiz, 1997) bertan daude dagoeneko.

Kasualitatez enteratu naizela erran dut lehen ze ez nuen honen inguruko berririk. Aurreko egun batean egunkariak irakurtzen nenbilela [egunero egunkariaK irakurtzea gustatzen zait. Zuei? Edo bakarra al naiz?] Beatriz Zudaireri egindako elkarrizketa batekin topo egin nuen parez pare [oso interesgarria by the way].

Txapelketeta ez dute telebistan emango [ze arraroa ez? #IroniaModeON] baina irakurri dudanarengatik hauek dira izango dituzten norgehiagokak:

  • Abuztuak 16, osteguna: Espainia – Herbeereak.
  • Abuztiak 18, larunbata: Espainia – Kanada.
  • Abuztuak 19, igandea: Erresuma Batua – Espainia.
  • Abuztuak 22, asteazkena: Espainia – Australia.

Antza denez aukera handiak dituzte Agurtzanek, Beatrizek eta euren taldekideek txapelketan aurrera egin eta nork daki, urrearengatik lehiatzeko. Munduko txapelketaren emaitzen berri jakin nahi baduzue traola jarraitu txiokiñean.

Kontra-kantxa honetatik animo guztiak bidali nahi dizkiet eta euren fan totala aitortzen naiz!

Hanburgo orain, Tokio 2020an! Aupa zuek!

Beatriz eta Agurtzane:

 

 


PD 1: Duela aste batzuk Zudaire eta Egiluz Nafarroako Saskibaloi Federazioak antolatutako kanpusean egon ziren euren esperientzia kontatzen eta zeinen ongi borrokatzen duten erakutsi zuten!

 

PD 2: Hona hemen Berria egunkariak 2016an saskibaloi jokalari izandako Ana Rosa Agiriano Casali egindako elkarrizketa oso interesgarria !

Herriko plazak gureak dira!

Kaixo kaixooo!!! Zelan zabiltzate? Ni lan eta lan nabil [ez duzue imajinatzen zenbat pisatzen duten Decathloneko dendek edo zenbat bodyboard taula saltzen diren!!]. Kasik ez dut udaz disfrutatzeko astirik izaten ari; baina tira, libre ditudan tarteak jaiez [oraingoz Barañaingokoak eta Sanferminak], igerileku momentuez, taldekoekin saskibaloi partidatxoak egiteaz, zinemara joateaz, irakurtzeaz, lagunekin egoteaz.. saiatzen naiz.

Ez dut uste jakingo duzuenik, baina Barañainen emakumezko sokatira/herri kirol talde bat [ez genuen oso definituta kar, kar, kar] aurrera ateratzen saiatu ginen. Sortu, sortu genuen eta bizpahiru aldiz entrenatzen egon ginen [eskerrak eman nahiko nieke hemendik Txantreako sokatira taldeari egin ziguten harrerarengatik eta gurekin izan zuten pazientziarengatik kar, kar, kar]. Total, azkenean ez zela aurrera atera eta ni saskira bueltatu nintzen.


Kontua da harrezkero gehiago ohartzen naizela herri kirolen inguruko albiste eta ekimenekin, eta ea, ez dut ukatuko, nire klase-kide eta txikitako lagun izandako bat aizkolaria izanak asko laguntzen du albiste horiek gertuagotik jarraitzea.

Sanferminak aipatu ditut lehen. Festa zoragarri hauetan [ez bazarete egon, zeren esperoan zaudete?] beti egon da Herri Kirolendako tartea, baina azken urte hauetan emakumeen parte hartzea handiagoa izan dela erranen nuke [agian erratuta nago baina nik sentsazio hori daukat]. Eta Sanferminetan bezala herrietako festa askotan ere, gutxika-gutxika urteetan zehar gizonezkoei esleitutako kirolen bidez emakumeek herriko plazak bere egiten ari dira.

Wikipediaren arabera [by the way, Euskarazko Wikipedia kideak, Aiora ( @probatxoa ) tartean, #Wikimania2018-n egon dira. Aiorak egunero bideotxo bat egin du laburpen gisara. Oso interesgarria!], Herri kirolak “abeltzaintza, nekazaritza, arrantza eta artisautza jardueretan oinarriturik Euskal Herrian industrializazioaren aurretiko garaietatik jokatu izan diren kirolak dira. Herri kirolen jatorria, izan ere, garai bateko lan jarduerak aisialdira bideratzea izan da”.

Aizkora frogak, sega jokoa, harri jasotzea, sokatira, lokotx biltzea, trontza, txingak eramatea, arrauna.. eta beste asko sartzen dira herri kirolen zakuaren barruan. Egia erran, askok animaliak tartean dituzten jokoak ere zaku berean sartuko dituzten, baina niretzat animaliak pertsonok entretenimendurako erabiltzearen aurka nagoenez horiek ez dira nik herri kirol moduan ulertzen ditudan froga ezberdinen artean sartzen.

Arraunaz luze eta zabal idazteko aukera izango dudanez, aurreragorako utziko dut [ez inpazientatu, estropadak bertan direla eta neskak tope dabiltzala: San Juan beti bezain fin eta adi ze Orio atope dator aurten!]. Hori dela eta Herri kirolen artean lau esanguratsuenak [edo niri esanguratsuenak egiten zaizkidanak] azalduko ditut jarraian:

Aizkora frogak

Aizkolariekik enbor bat edo gehiago (enborra zutik edo etzanda egon daiteke) aizkoraz ahalik eta denbora gutxienean moztea dute helburu. Banaka, binaka edo taldeka lehiatu daiteke.

Aizkolarien artean Irune Izkue Otxandorena, urrezko aizkorako lehengo emakume txapelduna [Aupa Irune! Kar, kar, kar] Maika Ariztegi, Irati Astondoa, Nerea Sorondo, Alazne Etxaburua, Itziar Goenaga eta Kristina eta Maribi Saralegi daude besteak beste.

Sokatira

Froga honetan hainbat partaidez osatutako bi taldek soka baten alde bakoitzean jarrita, talde bakoitzak bere aldera egin behar du; helburua marka jakin batetik beste taldea pasaraztea baita. Taldeak 4 edo ñkoak izan ohi dira [batzuetan 6x6koak ere egin izan dira] eta pisuaren arabera antolatzen dira frogak. Goma gaineko edo lur gaineko txapelketak egiten dira Euskal Herrian. Ez dakit jakingo duzuen edo ez, baina Munduko Sokatira Txapelketa egon badago.

Sokatira taldeen artean Txantrea, Berriozar, Gaztedi [Txinan, Goma Gaineko Munduko Txapelketan, garaipena lortu zuten 540 kiloko kategorian], Badaoitz eta Beti Gazte besteak beste.

Harri Jasotzea

Froga honen funtsa harri bat lurretik jaso eta sorbaldaraino jasotzean datza. Harri jasotzaile ezagunena Idoia Etxeberria da.

Txinga eramatea

Leku batetik bestera eskuetan, lurra ukitu gabe, txinga bana eramatean datza froga hau. Ez dago denbora mugarik eta distantziarik luzeenean txingak eramaten dituena suertatzen da garaile. Txinga bakoitzak 25kg-ko pisua dute.

Xanta Sousa da froga honetan kirolaririk ezagunena [Anek erranen dit erratuta nagoen edo ez, baina uste dut Konkisen parte hartu zuela!]

Erran dudan bezala, froga asko daude eta geroz eta gehiago dira hauetako bakoitzean parte hartzen duten emakumeak. Beraz, animatu eta jarraitu itzazue gertuagotik hauen inguruko albisteak, ekimenak eta gogoak badituzue frogatu ezazue ze sokatira adibidez oso gogorra bada, baina engantxatzen duela daitort!

Eta zuek, herri kiroletan dabilen emakumezkorik ezagutzen duzue? Zuek parte hartzen duzue edo gustatuko litzaizueke? Benga, zuen iruzkinak irakurtzeko desiatzen nago!! 🙂

PD1: aurrekoan txiokiñean Anaitzek (@anai_tze) berak egindako argazki erreportajea erakutsi zigun eta aisuek, oso argazki politak dira, beraz hemen utziko dizuet esteka!

PD2: Anaitzek egin duen bezala nirekin harremanetan jarri zaitezkete Twitter edota Instagram bidez edota iruzkinak utziz :))

WNBA, udan saskibaloiaz gozatzeko aukera bikaina

Kaixo guztiei!! Zer moduz hasi duzue uda? Ze.. BAIIIIIIIIII!!! Udan gaudeee!! Egun hauetan Barañaingo jaietaz gozatzen gabiltza Barañainen (non bestela? Ah, etzenekitela ni Barañaingoa naizela? Kar, kar, kar) eta astebetean San Ferminetan murgilduta egongo gara. Ze polita den denak txuri eta gorriz jantzita ikustea!

Uda etortzearekin batera ikasturtea amaitutzat eman dugu eta horrekin batera kirol ezberdinetako txapelketa guztiak ere. Beno, guzti-guztiak?

AEBko Emakumezkoen Saskibaloi Liga profesionala (WNBA) uda garaian jokatzen da. Maiatzan hasi eta irailera bitarte luzatzen da txapelketa, NBA (AEBko gizonezkoen Saskibaloi Liga profesionala) ezagunaren egutegia “errespetatuz”. Hori dela eta ez da arraroa WNBAko jokalari asko ikasturtean zehar Europako zein Asiako punta-puntako saskibaloi taldeetan jokatzen ikusteak.

Historia apur bat

1996ko apirilaren 24an sortu zen, NBAren ereduari jarraituz eta hurrengo urtean, 1997an, hasi zen jokatzen. Lehenengo partidua 1997ko ekainaren 21ean jokatu zuten New York Libertyk (New York) eta Los Angeles Sparksek (Los Angeles), lehenengoak irabazle suertatu zirela. Lehenengo liga horren irabazleak Houston Cornetseko (Houston) jokalariak izan ziren finalean New York Liberty taldekoak 79-41 gailendu zirela.

Houston Cornets (2008an desagertu zen) taldea da egun txapelketa gehien irabazi dituen taldea, atzetik aurreko urteko irabazleak izan ziren Minnesota Lynx eta Los Angeles Sparks dituela.

Taldeak

WNBAren historian 17 talde izan badira ere, gaur egun txapelketan 12 taldek baino ez dute parte hartzen. NBAren antzera bi konferentziatan (liguilla antzekoak) banatuta daude: Mendebaldeko konferentzia eta Ekialdeko konferentzia.

Mendebaldeko konferentzia

Dallas Wings

Arlingtoneko (Texas) taldea, 1998ko denboraldian Detroiten debuta egin zutenak. 2009 urtera bitarte NBAko Detroit Pistons taldearen arreba txikia izan zen, taldeak egoitza Detroit Arlingtonengatik aldatu zuen arte.

Jarraitzeko jokalariak: Skylar Diggins-Smith eta Allisha Gray.

Las Vegas Aces

2017ra arte San Antonio Stars bezala ezagunak Las Vegas hirian du egoitza. San Antonio Spurs NBAko taldearen arreba txikia da.

Jarraitzeko jokalariak: Kelsey Plum eta A’ja Wilson.

Los Angeles Sparks

Los Angeleseko (California) taldea, txapelketan hasieratik hartu du parte. Lisa Leslie izan da taldeko izarretako bat, txapelketa profesional batean mate bat egin zuen lehenego emakumea eta jokalari moduan nire erreferenteetako bat.

Jarraitzeko jokalariak: Candance Parker eta Alana Beard.

Minnesota Lynx

Mineapoliseko (Minnesota) taldea, 1999an sortua eta NBAn jokatzen duen Minnesota Timberwolves taldearen arreba txikia.

Jarraitzeko jokalariak: Seimone Augustus, Sylvia Fowles eta Maya Moore.

Phoenix Mercury

1997an sortu zen Phoenixko (Arizona) taldea. Aurreko urtean txapelketa irabazi eta jokalariek WNBAko eraztuna (domina edo kopatxoa beharrean jokalariei eraztun handi bat ematen diete) lortu zuten.

Jarraitzeko jokalariak: Brittney Griner, Sancho Lyttle, eta Diana Taurasi.

Seattle Storm

Seattlen (Washington) egoitza duen taldea. 2004ean Lauren Jackson jokalari australiar handiaren eta Sue Bird gaztearen eskutik txapelketa irabazi zuten.

Jarraitzeko jokalariak: Sue Bird eta nire jokalari gogokoenetako bat den Breanna Sterart (instagramen jarraitzen nauzuenok jakingo duzue dagoeneko zenbat miresten dudan emakume hau, kar, kar, kar)

 

Ekialdeko konferentzia

Atlanta Dream

2008an sortu zen taldea eta Atlantan (Georgia) du egoitza. Beste talde askok bezala NBAn anai zaharragoa den taldea dute: Atlanta Hawks.

Jarraitzeko jokalaria: Monique Billings.

Chicago Sky

Chicagoko zeruan ez, baina hirian egoitza duen taldea, 2006ean sortutakoa.

Jarraitzeko jokalariak: Diamond DeShields eta Gabby Williams.

Connecticut Sun

1999an sortu zen talde honek hasieran Orlando Miracle zuen izena, 2003an izena aldatu zioten arte, izan ere 2002ra bitarte Orlandon (Florida) egoitza izan bazuen ere, egun Uncasvillen (Connecticut) du egoitza.

Jarraitzeko jokalaria: Chiney Ogwumike.

Indiana Fever

Indianapoliseko (Indiana) taldea, 2000. urtean sortutakoa.

Jarraitzeko jokalaria: Candice Dupree.

New York Liberty

Talde zaharrenetarikoa, 1997an sortu zen. New York hiriko taldeak inoiz ligarik irabazi ez badu ere, emaitza honenak lortu dituen taldeai zan da, finala lau alditan jokatzeraino.

Jarraitzeko jokalaria: Kia Nurse

Whashington Mytics

Nire talde gogokoenetariko bat. 1998an sortu zen eta Washington D.C. du egoitza.

Jarraitzeko jokalaria: Elena Delle Donne handia (Breanna Stewartekin batera nire jokalari gogokoenetakoa eta erreferentea!).

 

Ikusten duzuenez, punta-puntako saskibaloiaz gozatzeko aukera dugu udan honetan, izan ere, asteko partidu bat edo bi Twitterren zuzenean ematen dute. Zuzeneko emisioen inguruko informazio gehiago izateko jarraitu @wnba txiokiñean eta gozatu! Zelako espektakulua!!!

Momentu honetan #WNBAAllStar-erako bozkaketak egiten daude. NBAn egiten duten bezala, urtero “izarren” gaua ospatzen dute. WNBAren inguruan gehiago idaztea nahi izanez gero, edo zalantzarik izatekotan ez izan beldurrik eta utzi iruzkinen bat.

Uda hasiera ona izaaan!

Kirolak emakume izena du

Ikasturte amaierarekin batera kirol txapelketa guztien amaiera eta finalak ditugu (beno, ia guztiena, ze adibidez WNBAren denboraldi berria hasi besterik ez da egin). Dena dela, azken asteotan medioen kezka nagusia Real Madrileko jokalariek Barçako jokalariei pasiloa egingo zioten edo ez izan da. Bitartean, Athletico de Madril-eko neskek Iberdrola Liga irabazi dute eta azken egunetan jakin dugunez, jokalari bakoitzak 54€ baino ez ditu jasoko ligako tituluaren truke , Estatu Espainiarreko futboleko liga gorena irabazten duten gizonezko futbolari bakoitzak 300.000€ jasoko dituen bitartean.

Txikitatik kirola egin dut: gimnasia erritmikoa, irristaketa, atletismoa, judoa edota nire pasioa den saskibaloia [Aizuek! Kuriositateagatik, zein da zuen kirol gogokoena?]. Ez dakit betidanik kuxkuxera izanagatik edo zergatik baina txikitatik gustatu zait emakume kirolariak ezagutzea, bereziki saskibaloian [ez da igartzen nire kirol gogokoena dela ezta? Kar, kar, kar]. Horretan zortea izan nuen, izan ere 98/99 denboralditik 01/02 denboraldira arte Estatu Espainiarreko saskibaloi txapelketa gorenean, Liga Femenina, jokatu zuen Club Baloncesto Navarra (CBN) taldeak. Larunbat askotan partiduak ikustera joaten nintzen eta bertan Amaya Valdemororen hastapenetaz eta Galina Savitskaiaren mugimenduez gozatzeko aukera izan nuen besteak beste.

Urteek aurrera egin ahala konturatzen joan nintzen gustuko nituen saskibaloi jokalarien artean soilik gizonezkoak zirela prentsan zein telebistan kirol ataletan protagonistak. Nola ezagutuko zituzten nire lagunek nik jarraitzen eta miresten nituen kirolari guztiak ez bazuten horien berri medioetan agertzen ez zirelako?

“Ez du interesik”, “ez du dirurik ematen” edota “aspergarria da” entzun behar izan dut askotan [azkenekoa ez orain dela asko] emakumezko kirolarien presentzia handitu beharra dagoela aipatzen dudanero. BZO?

Nola demontre lortu nahi da interesa sorraraztea medioetan tarterik ematen ez bada eta beraz, egunerokotasunean presentzia ez badute emakume kirolariek? Nola egongo da berdintasuna, egun Espainiako Kirolaren Legeak emakumezkoen konpetizioak (1990. urtekoa) txapelketa profesional bezala hartzen ez baditu? Azken honek eragin zuzena dauka kirolarien profesionalizazioan, izan ere, kirolariek ez dute kontratu profesionalik, ez dute gizarte segurantzan kotizatzen ezta hitzarmen profesionalik ere. Nola egin kirolarengatik apustu, emakumeak protagonista diren albisteetan ‘emakume futbola’, ‘emakume kirola’ edota bestelako goi titularrak erabiltzen bada gizonezkoekin soilik ‘futbola’, ‘kirola’ edota dena delako generikoa erabiltzen den bitartean? Emakume kirolariek egiten dutena ez al da ere kirola?

Zergatik da hain garrantzitsua azken derbia Anoetan jokatu izana? Zergatik beharrezkoa da emakume kirolariek hedabideetan presentzia geroz eta handiagoa izatea? Zergatik da premiazkoa emakumezko kirol kazetari gehiago egotea?

Ez da zaila galdera horiei erantzutea: bizitzako alor guztietan bezala, kirolean ere emakumeok espazioa, presentzia eta erreferenteak behar ditugu!

Adibidez, Euskal Herriko kirolari, kazetaria edota esatarien artean, zenbat ezagutzen ditugu?

Badugu lana, baina laaaaaasaiiiii! Hau ez da auto-fustigazio momentua [beno fusten mundua atsegin baduzue, hori zuen esku, kar, kar, kar].

Horren ordez emakume kirolarien eta taldeen berri izatera animatzen zaituztet, adibidez Euskal Herrian kirol ezberdinetan aritzen diren taldeen edota kirolarien inguruko informazioa bilatzen edota sare sozialetan kirolari hauek jarraitzen.

Kontra-Kantxa honetan emakume kirolariak izango dira protagonista, eurena izango da blog honen espazio guztia. Hilabetean behin hemen izango nauzue, zapatilak soinean kantxa astintzeko prest!


PD: proposamenik baduzue, kirolari jakin batez hitz egitea nahi baduzue edota zeozer komentatu nahi baldin badidazue Twitter bidez jarri zaitezkete nirekin harremanetan (@arkkuso) edota estratosferan@gmail.com emailean!