Duela urtebete jaso nuen deia, martxoaren 8ko manifestaziotik bueltan. Zure bihotza betiko gelditu zela esan zidaten eta, une hartan, nireak ere taupada bat huts egin zuela esango nuke. Ezustean harrapatu ninduen albisteak baina, soseguz pentsatzen jarrita, ez zen hain ulertezina. Bihotza lehertu egin zitzaizun hazi beharraren hazi beharraz. Zure gorputza bihotzaren tamainari, zeure ontasun neurtezinari, egokitzen aritu zen urte askoz, hazi eta hazi, harik eta gorputzean kabitu ezinik geratu zen arte.
Berria zabaldu eta berehala agertu ziren zuganako maitasun mezuak sare sozialetan, atsekabea elkarbanatzeko hitz bakaneko lagunarteko elkarrizketak… Banekien jendeak estimatzen zintuela baina orduan ohartu nintzen zenbatengan utzi zenuen aztarna eta zein sakona zen arrasto hura. Honen guztiaren isla da zure hiletara gerturatutako jende andana, zuri eskainitako kontzertuak, eta baita zure omenez Jazpana jaialdian egindako babarrun-jana edota asteburu honetan antolatutako ekitaldi guztiak ere.
Argi geratu da ezagutzen zintugunok ez zaitugula ahaztu eta zure falta sumatzen dugula. Zerbaiten seinale da hori, noski. Ez da erraza hainbeste jenderengana iristea; pertsona bereziek bakarrik lortzen dute hori eta halakoxea zinen zu. Kezka sortzen dit, ordea, bizi zinela sentipen hauek adierazteko gai ez ginela izan pentsatzeak. Badut sumatuko zenuen esperantza, begiradetan, keinuetan edota jokaeretan.
Gogoan dut euskaltegiko gelan agertu zineneko momentua. Ikasle berri bat hasiko zela esan zidaten eta zein agertuko eta zeu! Ordura arte bistaz ezagutzen zintudan; itxura arraro samarra zenuela uste nuen, misteriotsu eta bitxi samarra zenirudiela. Aurreiritziak nituen, bai; ziur asko behin baino gehiagotan epaitu zintuzten zure gorpuzkera eta janzkeragatik. Baina, zorionez, bizitzak zu ezagutzeko aukera eman zidan eta sutan erre nituen ezagutu aurreko uste ustelak. Bai, zure janzkera ez zen beti ohikoena eta bitxi samarra ere bazinen geure burua normal izendatutakoentzat. Azaleko kontu horiez aparte, bestelako hainbat ezaugarri ere bazenituen ordea: musikazale amorratua, zinezalea, eskuzabala, jatorra, behar zutenei laguntzekoa…Eta idazkera ederra zenuen! Aipatu izan nuenetan, sinestea kostatzen zitzaien ingurukoei; aurreiritzi zikinak beste behin ere! Letra handia eta borobil-borobila zenuen, txukun-txukuna. Idazlanetan ideiak antolatzea gehiago kostatzen zitzaizun baina gustura irakurtzen nituen zure testuak, bai idazkeragatik eta baita ideiengatik ere. Gainera, lortu zenuen helburua: EGA titulua eskuratu zenuen! Horretaz ere harritu ziren zenbaitzuk baina zein harro geunden zure lorpenaz!
Eskerrak geure gelan agertu zinen azaroko egun hartan! Izan ere, zu ezagutzeko parada emateaz gain, taldeari ere ekarpen handia egin zenion. Pellok eta biok ematen zenioten saltsa eta piperra ikasleen arteko giroari. Hiru orduko saioak egiten genituen astean bitan, 18:00etatik 21:00etara. Ez da erraza izaten ordutegi horretan lanetik bueltan nekatuta datozen ikasleak maila horretako jardunetan motibatuta aritzea baina zuek atseginago bilakatzen zenuten eskola bakoitza. Oroitzen dut besteek ez zutela atsedenaldirik egiteko ohiturarik baina zeuk kanpora irten, burua egurastu eta erretzeko tartea eskatzen zenuela. Ikasturte amaierako euskaltegiko afarira ere zuek biok animatu zineten bakarrik. Txangora kale egin zenuen, lagun baten film labur batean kolaboratu behar baitzenuen eta, hortaz, afari garairako iritsi zinen Oiangura. Gerora, afari eta pintxo-poteren bat edo beste egiteko elkartu ginen hirurok. Agendak zirela medio, azken hitzordua lotu ezinda ibili ginen eta azkenean zintzilik geratu zitzaigun, bizitzak ez baitu abisurik ematen batzuetan. Hiruron arteko Whatsapp taldea ere ezabatu egin genuen azkenean, hirukote izatetik bikote izatera pasatu baikinen.
Albistea jakin bezain laster, Pellori abisatu nion. Ordurako jakingo zuela uste nuen baina ez zen hala izan. Bidegabekoa iruditzen zitzaigun zure heriotza, gaztea zinelako ez ezik, inguruko pertsona on baten galera ere eragin zuelako. Azkena noiz ikusi zintudan kontatu nion; Pettiren Arranoko kontzertuan izan zen, otsailaren 23an. Zuk zeuk bidali zenidan kontzertuaren kartela eta berehala gorde nuen hitzordua agendan. Aurrez Irakurle taldearen saioan izan nintzen; Kattalin Minerren Nora ez dakizun hori liburuaz aritu ginen solasean idazlearekin batera. Gustura nengoen kideekin saio ondorengo berriketan baina goiz heldu nahi nuen tabernara, tokirik gabe geratuko ginen beldur bainintzen. Tabernara sartu eta barraren kanpoaldean musikaria bera, Andoni eta zeu ikusi zintuztedan soilik. Zurekin solasaldi labur bat egiteko aukera izan nuen, beraz. Ez genuen aparteko ezer aipatu baina ez zen hura izan bien arteko azken elkarrizketa. Afalondoren berriz hitz egin genuen; euskaltegiko garaia izan genuen hizpide eta Andonik xaxatu egin nahi izan ninduen, ni jasaten nahiko lan izango zenutela esanez. Zuk alderantziz zela adierazi zenion, nik izan nuela meritua zuek gobernatzen. Oso ondo pasatzen nuela esan nizun eta zuk gauza bera erantzun zenidan. Poza ematen dit gu bion arteko azken hizketaldian aitortza xume hori egin izanak elkarri.
Hitz hauek eskaini nahi nizkizun, Olarius, zure heriotzaren lehen urteurrenean. Gertatu berritan hitzik gabe geratu nintzen, sentipenen eta oroitzapenen zurrunbiloan itota. Urtebete izan dut guztia irensteko, sentimenduak ordenatu eta hitzei forma emateko. Askotan gogoratu naiz zutaz eta badakit aurrerantzean ere hala izango dela. Ez zara historia liburuetan edota Wikipedian agertuko agian baina zuri buruzko aipamenak izango dira kontzertuetan, komuneko ateetan, gaztetxeetan, lagunen arteko elkarrizketa eta brindisetan…Zure barruko musikaren eta zure ahotsaren oihartzuna luzaroan entzungo da bazterretan, gu bizi garen artean bai behintzat. Espazio handia behar zenuen eta hutsune handia utzi diguzu baina gure bihotzetan ere tamaina bereko espazioa konkistatu zenuen, eta zure izateak taupaka jarraituko du gure barnean. Besarkada handi bat, Olarius, eta ikusi arte!