Joxan Artzeren heriotzarekin batera, mezu asko azaldu dira sareetan azken asteetan. Batzuek, gutxi batzuek, euren lana behar beste ez ezagutu izanagatik kezka azaldu dute, eta gehiengoak bere lana laudatu du. Eta, noski, horrekin batera, Bi balaren abesti hau etorri zait gogora, norbait hiltzen denean sortzen den goraipamen kolektibo horri kritika egiten dion kantua.
Hain zuzen ere, jendea santutzeko dugun joerari buruz idatzi du Xabier Mendigurenek Berria egunkarian argitaratutako Santuak eta testamentuak iritzi artikuluan. Guztiz bat nator dioenarekin, azken finean, sortzaileak ere gizakiak baitira, euren argi-ilunekin. Eta pertsona batekiko miresmena senti dezakegu baina baita, aldi berean, dezepzioa ere. Bakoitzaren dosia eta maiztasuna, pertsonaren jokamoldearen eta norberaren pentsamoldearen araberakoa izaten da. Gauzak zuri edo beltz ikusteko joera izan badezakegu ere, onartu beharra daukagu, nahi izan ala ez, batere gogoko ez dugun horrek zerbait ona egingo zuela, eta miresten dugunak ankerkeria edo okerren bat ala beste duela bizkar-zorroan gordeta.