Hileko artxiboak: otsaila 2022

BAKEA, MAITASUNA eta AMORRUA

1999 urtea bitxia izan zen rock munduarentzat. MTVk oraindik gazteentzat musika indartsu eta iraultzailea bultzatzen zuen bitartean, nerabeeentzat egindako pop-aren gorakadak bitan banatu zuen eszena. Korn-en soinu ilun eta astuna edo Back Street Boys-en  amodiozko kantu melodikoak zenituen. Bada maitatu eta bestea gorrotatu egin beharra zen. Ez zen tarteko punturik.

Giro nahasi horretan 1969ko Woodstock jaialdiaren berpizte bat egin nahi zen, hippie belaunaldia markatu zuen bakearen eta maitasunaren sentimentuak berreskuratu asmoz. Dena den, 1999an egindako jaialdi berri honetan, gehien nabarmendu zena ez zen musika izan… Sexu abusuek, instalazioetan izandako kalteek, osasun baldintza eskaxek eta izandako lapurretek eta suteek gaina hartu bai zuten.

WOODSTOCK 99: PEACE, LOVE AND RAGE

Dokumentalak, lehen Woodstock-eko gerraren aurkako hippiak 1999an dena suntsitu zuten ume zuri haserretuen taldean bihurtzeko mutazioa azaltzen du. Mutazio honen arrazoiak aztertzerakoan dokumentala kontzeptu batean oinarritzen da: Maskulinitate toxikoa. Maskulinitate toxikoaren (eta zuriaren) jatorria oinarritzat hartuz, dokumentalak, jarrera hau zein esparru sozioekonomikok sortzen duen azaltzeko aukera galtzen du.  

Dokumentaleko gaiztoetako bat John Scher jaialdiko sustatzailea bada ere (emakumeek tratu txarrak jasan izana hauek biluzik joateagatik arrazoitzen du), gaiztoetan gaiztoena Fred Durst da. Limp Bizkit taldea konfrontaziorako zuen jarreragatik ezaguna zen eta Woodstock-en zegoen giro beroa ikusita, dena lehertzeko beharrezkoa zen su txinparta bezala aurkezten dute abeslaria.

Geroago, jendea hesiaren zatiak erretzen hasten denean eta Red Hot Chili Peppers-ek Jimi Hendrix-en “Fire” antzezten dutenean, dokumentalak gertakaria soilik jabetza pribatuaren kaltearen aldetik bakarrik ikusten du. Erru guztia kantaren izenburuarena eta mezuarena da…

Baina dokumentalean gehien nabarmentzen dena bere amaierako ondorioa da: Filmaren amaieran, Coachella jaialdiaren antolakuntza polita agertzen da Woodstock-en gehiegikerien kontrapuntu gisa.  Jainkoari eskerrak urte berean maskulinitate zuriak bere mailako jaialdi bat ukan zuen…

Jaialdian hamaika sexu-abusuengatiko salaketa aitzakiezinak alde batera utzita Woodstock 99-ren arazoa ez da jaialdiak artisten aukeraketan izandako irizpidea… Estatu Batuetako belaunaldi oso baten arazo orokorra da. Dena, hoberena, momentuan eta esfortzurik gabe jaso nahi izatearen heziketa. Hala ez bada, amorrua gailenduko da.